|
HIZTEGI LAGUNGARRIA
Atrebentzia ez bada. Bizitza pribatuarekin zerikusia duen galderaren bat egin nahi dugunean, eta uste dugunean erantzun behar duena agian minduko dela, ez duela erantzun nahiko, orduan "atrebentzia ez bada" esaldia erabiltzen dugu galdetzeko. Adibidez: Atrebentzia ez bada, zenbatean saldu duzu etxea?
Elizkoi. Elizara joateko zaletasuna duena. Adibidez: Esan ohi da, oro har, emakumeak elizkoiagoak direla gizonezkoak baino.
Hona bildu. Hemen bildu. Adibidez: Arantxa izena duten emakume asko Arantzazun dira gaur. Hona bildu diren gehienak gipuzkoarrak dira.
Jo eta fuego. Jo eta su, jo eta ke, gogotsu, alegia. Adibidez: Lanak jo eta fuego egin behar dira, bestela erdi-bidean gera daitezke.
Lan eta lan. Lanean saiatuz, lan betean. Adibidez: Krisia dela eta EREak tramitatzen dituen funtzionarioa lan eta lan dabil.
Mendi buelta. Mendi itzulia, edo joan-etorria. Adibidez: Mendi buelta eginda hobeto sartzen da hamaiketakoa.
Ohitura berritu. Ohitura berriz egin. Adibidez: Gidari batzuek autoa erosten dutenean, hura Arantzazun bedeinkatzeko ohitura berritzen dute.
Ordu aproposa. Ordu egokia, une egokia. Adibidez: Bazkalondoren gorputza berotu egiten da apur bat, eta ordu aproposa da lo-kuluxka egiteko.
Ospakizun. Zerbait ospatzeko ekitaldia. Adibidez: Meza ospakizuna da, eta Jesusen heriotza eta berpiztea ospatzen da.
Patxadaz egin. Lasaitasunez egin, ez presaka. Adibidez: Presa baduzu, hobe duzu patxadaz jantzi.
Propio entzutera. Espresuki entzutera. Adibidez: Malcom X jaunak hizlari onaren ospea zuen, eta hari propio entzutera jende asko etortzen zen.
Sasoiko. Indartsu, osasuntsu. Adibidez: 90 urte bete ditu gizonak, eta sasoiko dago. Bejondeiola!
|