Ihes ederrik ez
Kurdistango emakumeak lehen lerroan daude askapen borrokan, bai herri kurduarena, bai emakumearena. Mendebaldeak ingurune hartaz dituen usteak guztiz hausten dituzte PKK erakundeko emakumeek.
Hakkari, Turkiaren menpeko Kurdistan; 1992ko urria. Gulnaz Karatas Beritan PKK-ko gerrillaria amildegi ertzean dago: Turkiako armadako soldaduek eta Hego Kurdistango KDP alderdiko miliziek inguratuta daukate, eta ez zaio gelditzen larrialdietarako gorde behar zukeen azken bala. Gizonak dira guztiak. Batek eskua luzatu dio: «Eman amore, ezkonduko zaitugu eta lore baten pare biziko zara». Beritanen azken erresistentzia ekintza ez dator fusiletik: arma aldean hartu eta harkaitzetan behera amildu da. PKK Kurdistango Langileen Alderdiaz harago ere ezaguna da pasadizoa. Kandil mendietan bizi diren emakumezko gerrillariek sarri oroitzen dute Sehit Beritan, Beritan martiria. Euren jardunaren oinarrian dauden balio guztiak sinbolizatzen ditu haren azken ekintzak: emakumeen eta kurduen burujabetza, norbere buruarekiko konfiantza eta autodefentsa. PKK-k ikuspegi esplizituki feminista dauka: zapalketak hainbat geruza dituenez gero, askapenak ere hala behar du, eta ideal hori errotuta dago alderdiaren estrategian. Matxinatuta irabazteko gehien daukatenak emakumeak, langileak eta zapaldutako gutxiengoak dira, baina modu independentean antolatuta beti. Horregatik, emakumezko gerrillak egitura beregaina du: YJA-Star. «Armada mistoetan emakumeak bigarren mailan daude: aldez aurretik finkatutako genero rolen arabera hartzen dute lekua armadaren barruan», azaldu du Jindar Çayan komandanteak. Emakumeek matxinadetan parte hartze handia izan duten kasuetan ere, haien eskubideak eta parekidetasuna «iraultzaren ondorenerako» promesa bihurtu ohi dira: «Lehenbizi herria askatu, eta gero gerokoak».
PKKren adar armatuak duela hogei urtetik du emakumezko egitura beregaina: YJA-Star. Espazioak eta operazioak partekatzen dituzte gizonezko unitateekin, baina euren kabuz antolatzen dira. Samara Velte
Armadak bereiztea erabaki zutenean, helburu nagusia emakumeek euren buruarekiko konfiantza sendotzea zen. «Gizonezkoen pentsaeraren arabera bizi den mundu batean bizi gara, eta horren arabera antolatzen ditugu gure bizitzak. Horregatik da garrantzitsua gure independentzia eta erabakimena garatzea, gero pertsona aske gisa itzultzeko espazio mistoetara, menpekotasunik gabe». Gune esklusiboen ideiak Europan eztabaida handiak eragiten dituela aipatuta, irribarre egin du Çayanek: «Jakina. Askapenaren bila ari zarenean, ezinbestean ari zara onartzen menpekoa zarela: autokritika egitera behartzen zaitu. Eta ohiko egoera horretatik askatzeak beldurra ematen du».
Mendiko bizimodua
Kandilgo kanpalekuetan asmatzen eta saiatzen dute gerrillariek PKKren elkarbizitza eredu ideala. Adin desberdinetako emakumeek elkarrekin antolatzen dute eguneroko jarduna; daukaten arduraz jakitun, baina irribarrea galdu gabe. Borroka armatuarekin bat egin zuten egunetik dakite arriskuaren berri, eta harekin bizitzen ikasi dute: edozein unetan zerbait larria gerta litekeen ideiak ez die eragozten eguneroko poza. Alderantziz: euren burua defendatzeko gai direla dakitelako, badakite zer gerta dakiekeen eta zer ez. Eta prest daude arrisku horiek onartzeko, mendian eraiki duten bizimoduaren prezioa badira.
Batzuek hogei urtetik gora daramatzate oihaneko kanpalekuetan bizitzen. Horretarako, uko egin diote emakumetasuna definitu izan duten elementu nagusiei; besteak beste, amatasunari eta familia eredu tradizionalari. Idatzi gabeko araua da gerrillariek ez dutela bikote harremanik eraikitzen; alde batetik, praktikan zailtasun ugari dauzkatelako "«egun batean toki batean gaude eta hurrengoan, beharbada, frontean»", eta, bestetik, kideen arteko ekidistantzia bermatu eta menpekotasunak saihestu nahi dituztelako: «Sentimenduak sor litezke pertsona batzuekiko, jakina; baina norberak erabakitzen du harreman batean sartu edo ez. Eta hori egin aurretik, pentsatu behar da ea harreman hori parekidea izateko adina askatu ote diren biak euren rol tradizionaletatik. Ondorioa ezetz izaten da gehienetan».
Finean, familia eredu berri bat sortua dute mendian, euren erabakiz aukeratua. Guztiek dakite zergatik eta zertarako dauden bertan, eta horrek are gehiago lotzen ditu elkarrengana. Kolektiboki antolatzen dute bizitza, elkarrekiko errespetua eta maitasuna oinarri hartuta: pozten dira oihanean beste komandoak topatzen dituztenean, eta atsekabetzen, Siriako fronteko heriotzen berri izaten dutenean. Iluntzeetan solasaldi luzeak izaten dituzte kanpalekuetan, eta kantari besarkatzen dute elkar. Euren arteko harremanak ikusita, bi uste handi erortzen zaizkio bati: alde batetik, armak, heriotza eta gogortasuna lotzen dituen gudariaren irudia; eta, bestetik, emakumeek familia bizitzari uko egitea sakrifizioa dela dioena. Kontrara: hobeto bizi dira mendian gerrillari gisa, hirian zibil gisa baino. Han topatu dituzte bestela inon bermatu ez dizkieten parekidetasuna eta askatasuna.
Çayan Turkiako unibertsitate ospetsuenetako bateko ikaslea zela sartu zen PKKn. Ez dauka ezeren damurik: «Gerrillara batu izan ez banintz, ziurrenik ikasketak bukatuko nituzkeen, lanpostu bat topatu, eta akaso familia osatu. Hemen ez daukat halakorik, ez bikoterik, baina askoz sakonagoak diren harremanak ditut. Modernitate kapitalistak erakusten digu harremanak sexuaren arabera balioesten, eta energia asko xahutzen du horretan; baina, sexuaz harago, jendeak ez du elkar ezagutzen. Gizarte zibileko harremanak oso azalekoak dira».
Kurdistango gizartea tradizionala, patriarkala eta feudala da oro har. Familia askok gaztetatik prestatzen dituzte neskak ezkontzarako, eta, duela gutxira arte, askorentzat mendira jotzea zen hura saihesteko modu bakarrenetarikoa. Nolanahi ere, bidegabea litzateke erabaki hori ihes edertzat jotzea. Armak gizonezkoen nagusitasunaren sinbolo dira tradizioz, eta haiek hartzea, askorentzat, haustura soziala bezainbeste da pertsonala. Emakumezko militanteek etengabe frogatu behar izan dute euren gaitasuna; femeninoak ez izatea edota familiaren santutasuna apurtzea egotzi izan diete; eta gizonezko kideei ulertarazi behar izan diete zergatik zaien hain garrantzitsua haiekiko independentzia.
Çayanentzat, fusilak jabekuntza prozesu hori guztia sinbolizatzen du. «Arma tresna bat da, eta zeuk erabakitzen duzu zein funtzio ematen diozun». PKK-ko emakumeentzat, euren burua defendatzeko erabiltzen duten objektua bezain garrantzitsua da defendatzeko gai direla jakitea: elkar osatzen duten bi baliabide dira. «Ez da soilik mendian bizi garenontzako printzipio bat. Gizarte zibileko emakumeek ere egunero jasotzen dituzte erasoak; bortxatu eta hil egiten dituzte. Euren burua defendatzeko arma bat balute eskura, eta ez derrigor fusil bat, erasoek nabarmen egingo lukete behera».
«Gizona sistema bat da»
Armadaz harago, egitura politiko eta sozial nagusietan ere modu independentean antolatuta daude emakumeak. KJK Kurdistango Emakumeen Batasuna arduratzen da guztiak koordinatzeaz, Kandilen duten egoitzatik. Han daude Bese Erzincan eta Esma Semsur, zuzendaritza batzordeko kideak; 1990eko hamarkadatik bizi dira mendian. Inguruko lehengaiekin prestatutako bazkariaren inguruan gogoratu dute hastapenetako garaia. «Emakume kurdu asko Serhildan garaian irten ziren lehenbizikoz kalera», azaldu du Erzincanek. Serhildan-ek matxinada esan nahi du kurdueraz: 90eko hamarkadaren hasieran Turkiako Gobernuaren aurkako hainbat protesta egin zituzten Ipar Kurdistango herrietan, aski da lelopean. PKKren ordura arteko eraso handienak ere orduan izan ziren, eta milaka koadro berri batu ziren alderdira.
Azken bi urteotan beste bultzada handi bat jaso du Kurdistango emakumeen mugimenduak. Siriako gatazkaren ondorioz ez da soilik adar armatua aktibatu; gerrak utzitako botere hutsunean esku hartu eta euren administrazioa jarri dute martxan kurduek. Lan horren zati handi bat emakumeena izan da: beraiek antolatu dituzte, besteak beste, ekonomia autonomoa ahalbidetu duten kooperatibak, eskolak eta udal mailako erabakiak hartzeko batzordeak. «Rojavako emakumeen mugimendua beti izan da indartsua», nabarmendu du Erzincanek. «Egunkariak irakurrita, badirudi bat-batean eta ezerezetik azaleratu direla emakume borrokalari horiek guztiak. Baina [Abdullah] Ocalanek [alderdiko buruak] denbora asko igaro zuen Sirian 80ko hamarkadan, eta horrek nabarmen eragin zien hango emakumeei».
Paradoxikoa eman lezakeen arren, Ocalanek ezinbesteko garrantzia izan du emakumeen askapen mugimenduarentzat. Alde batetik, haren idatzietatik abiatuta formulatu dute askapenerako ideologia; bestetik, haren markaren onespenak balio izan die emakumeen auzia gerrilla osoaren agendaren erdian jartzeko, eta gizonezko militanteei ulertarazteko kapitalismoa eta patriarkatua elkarren eskutik doazela. Edo, Ocalanen hitzetan, «gizona sistema bat» dela: «Klase eta genero zapalketa elkarrekin datoz: maskulinotasunak aginte genero bat, aginte klase bat eta aginte estatu bat sortu ditu. Gizona testuinguru horretan aztertuz gero, bistan da gizontasuna hil egin behar dela. Zera esan nahi du boterea hiltzeak: alde bakarreko agintea, desoreka eta intolerantzia hiltzea».
Oinarrizko kritika
Azken hogei urteotan, emakumeen armada sortu da, emakumeen mugimenduak bere alderdi politikoa aurkeztu du, eta soilik emakumeek kudeatutako sareak hedatu dira gizartean. Indar hori guztia egitura baten inguruan antolatu beharra zegoen: horregatik osatu zuten KJK. «Emakumeen eta gizartearen arteko hitzarmen berri bat nahi dugu», azaldu du Erzincanek: «Gizartea instituzio etiko eta politikoa da, eta guk emakumeen askapenaren inguruan egituratu nahi dugu. Horretarako, gizartearen beraren muinari begiratu behar diogu, gizateria geroz eta gehiago ari baita bere berezko izatetik urruntzen».
Baina zer esan nahi du gizarteak gaur egun kurduentzat? Ocalanek, bere idatzietan, bereizi egiten ditu «gizarte demokratikoa» eta «modernitate kapitalista». «Historian, zibilizazio demokratikoek eutsi egin diote», azaldu du Erzincanek: «Eta horren muinean dauden erresistentziazko figurak emakumezkoak dira; emakumeek ere, zapalduta egonik, eutsi egin diotelako».
Oinarri horretatik abiatuta, gizarteak «inposatutako» kategoria eta kontzeptu funtsezkoenak jarri dituzte zalantzan: zer den emakumea, zer gizona, zer familia. «Dimentsio guztietan bizi izan dugu gizonezkoen nagusitasuna, eta horrek berak sortu du emakume eta gizon eredu jakin bat; rolak horren arabera banatzen dira».
Emakumeen alderdiaren funtzio nagusietako bat, hain zuzen ere, gizonezkoei ere formakuntza ematea da. «Hezi egiten ditugu, gizon gisa aldatu». Oinarrizko printzipioak lantzen dituzte: nola jokatu emakumeekin, nolako harremanak izan. «Helburua gizon askea sortzea da».
Erzincan hizketan ari dela, marmarka hasi da kanpadendaren sarrerako walkie-talkiea. «Mugitu beharra daukagu: Turkiako hegazkin militar batek gurutzatu du muga». Arin, baina larritasun handirik gabe, zibilen gunera jaitsi dira, kideek atera berri dituzten janari erretiluak aldean hartuta; segurtasuna bai, baina tripazorririk ez, arren. Etxeen arteko babesleku bat topatu, lurrean eseri eta berriz heldu diote bazkaritako solasaldiari. «Ohitura patriarkal asko oso errotuta daude, eta mugimenduaren barruan ere sortu izan dute gatazka», azaldu du Semsurrek. «Garai batean, neska batek bakarrik ibiltzea erabakitzen bazuen, aski zen haustura eragiteko: hura bere kasa bizitzen irudikatzeak hankaz gora jartzen zuen gizonezko askoren mundu ikuskera guztia. Horregatik diogu gure lehenbiziko operazioa gizontasuna hiltzea izan zela».
Arrastoak gizarte zibilean
Emakumeen mugimenduaren indarra aise suma liteke Kurdistanen. Siriako administrazio kurdu guzietan kopresidentetza printzipioa betetzen da, baita Turkiako eta Irango alderdi kurduek kontrolatzen dituztenetan ere: batzorde eta ordezkaritza organo guztietan %50eko kuota daukate, eta bozeramailearen tokia beti beteko dute emakume batek eta gizonezko batek. Ikusgarritasun kontu bat baino dezente gehiago da: izan ere, soilik andrazkoek aukeratzen dituzte erabaki guneetan dauden emakumeak.
Sistema horren beste ondorio bat da ideologia feminista nabarmen hedatu dela Ipar Kurdistanen, PKK-k eragin handiena duen eskualdean. Ez da soilik eliteen ideala: oro har onartuta dago emakumeen askapena dela nazioa askatzeko oinarrizko urratsa. Mugimenduak kontrolatzen dituen egitura guztietan, esaterako, mekanismoak dauzkate genero indarkeriaz errudun jotako gizonak kanporatzeko.
Emakumeen jabekuntzaren aldeko diskurtsoari esker, Ipar Kurdistango gizartea bera ere politizatu da neurri batean, kontzientzia kolektiboa ere elikatu delako hartatik. PKKren eskutik datorren gizarte ikuskerak bete-betean egiten du talka inguruko gobernuen diskurtso atzerakoiarekin: emakumeei nola jantzi eta zenbat seme-alaba izan agintzen dien gobernu autoritario baten ordez, haien erabakitzeko autonomia goresten duen proposamena eskaintzen die.