Dokuteka
Zoriontsu izateko gakoak
Jende guztia ibili ohi da bere atzetik, baina ez da erraza zoriontasuna aurkitzea, zoriontsu sentitzea. Audio honetan pista edo formula batzuk ematen dizkigute altxor preziatu hori geureganatzeko.
ESATARIA. Baina beti daude zoriontasuna bilatzeko eta aurkitzeko tokiak. Zoriontasunaren zazpi gakoak bildu ditu Irati Andak eta berehala eskainiko dizkigu. Zoriontasunaren zazpi gakoak! Zeintzuk ote dira?
IRATI. Zoriona zer den, hori ja beste kontu bat izango litzateke, baina ikerketa askok erakutsi dute ba egunero egindako gauza txikiek gure animoa hobetzen lagundu dezaketela. Gainera, egiteko nahiko errazak diren gauzak dira, ez dira hola inongo hazaina handiak eta emozio positiboak lortzen laguntzen dizkigutenak dira, bai, ardura txikitxo horiek. Lehendabizikoa aipatzen dena da meditatzea.
ESATARIA. Meditatzea.
IRATI. Egunean, hori da, egunean bost minutuz arnasketa eta meditazio-ariketak egitean, dirudienez zoriontasun-maila handitzen da. Estresa gutxitzen da eta sistema immunitarioa ere hobetzen da. Eta, antza denez, meditatzea da zoriona lortzeko erremintarik garrantzitsuenetako bat. Hori aipatzen da ikerketa horretan.
ESATARIA. Bale.
IRATI. Gero bigarrena daukagu epe erdirako planen bat izatea; eta ez da izan behar inongo plan handi, hola potolorik. Ba, adibidez, hurrengo ostiralean zinemara joateko plan bat izatea edo beste edozein plan; edo afaltzeko, lagunekin afaltzeko plan bat izatea….
ESATARIA. Mm!
IRATI. Antza denez, endorfina-maila % 27 igotzen da, ba plan bat buruan izatean epe laburrera.
ESATARIA. Oso ondo
IRATI. Eta laguntzen, bueno, ilusio gehiago egiten du plan hori prestatzeak , planak berak baino.
ESATARIA. Bai.
IRATI. Gero hirugarrena jartzen du jatorra izatea; jatorra edo adeitsua izatea. Hau da, ez pertsona jatorra baizik eta jendeari laguntzea, altruista izatea. Eta horrek laguntzen omen du tentsioa jaisten eta osasun mentala indartzen. Begira ze erraza.
ESATARIA. Bai.
IRATI. Irribarre pixka bat egin eta ondokoari pixka bat laguntzea. Gero laugarrena da denbora libreko minutuez gozatzea. Adibidez, paseatzeko eta airea hartzeko denbora ateratzea edo, ez dakit, ba lanean jateko tartetxo bat daukagunean ba restaurantera joan beharrean ba pixka bat… paseotxo bat eman, haize pixka bat hartu… 20 minutu nahikoak dira egoera animiko positibo bat indartzeko. Bosgarrena
ESATARIA. Bosgarrena.
IRATI. Kirol pixka bat egitea. Eta seigarrena badaukagu dirua gastatzea.
ESATARIA. Dirua gastatzea.
IRATI. Baina ez gauza materialetan. Hau da, ez da audi bat edo e-phone bat, edo betaurreko berri batzuk edo… horrek ez du ematen benetako zoriona, baizik eta bazkaltzera joan nonbaitera, afaltzera, kontzertu batera joan… Horiek dira zoriona ematen duten, dirua gastatzerakoan zoriona ematen duten gauzatxoak.
ESATARIA. Bale.
IRATI. Eta baita ere e dirua gastatzea lagunekin konpartitzen denean.
ESATARIA. Aja.
IRATI. Horrek ematen omen du zorion handia.
ESATARIA. Oso ondo. Azkenengo gakoa geratzen zaigu.
IRATI. Eta azkeneko gakoa da, eta hau, azkenengoa, zazpigarren hau da nire aportazio pertsonala, gure zorionaz arduratzea; hau da, horretan denbora ematea. Ez egotea hor eserita eta, bueno, ba, ea pasatzen den zoriona ate aurretik eta harrapatzen dudan; baizik eta, bueno, denbora ematea horretan, denbora inbertitzea gure zorionean pentsatzen, zer nahi dugun, zer ez dugun nahi….
