Gobernuz Kanpoko Erakundeak

Gobernuz Kanpoko Erakundeak herritarrek gehien baloratzen dituzten antolatutako taldeak dira. Gobernukoak ez direlako, gobernuen menpe ez daudelako, interes politiko zuzenik ez dutelako.

Gai hauxe du hizpide Juanjo San Miguel kazetariak irratsaio honetan.

 

Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) herritarrek gehien baloratzen dituzten antolatutako taldeak dira. Gobernukoak ez direlako, gobernuen menpe ez daudelako, interes politiko zuzenik ez dutelako. Elkartasunak mugiarazten dituelako, justizia nahiak, altruismoak… Hondamendi eta gatazka lekuetara lehenak iristen direlako, askotan gobernuak eta armadak baino lehenago. Besteen alde ahalegin handia egiteko prest daudelako, sarri bizia arriskuan jarriaz. Miresten ditugu, batez ere, ez direna direlako.

Baina Munduan gobernuz kanpoko erakunde asko dago, Estatu Batuetan miloi eta erdi, Errusian 270.000, Indian bi miloi…Estatu Espainiarrean 20.000 izan litezke. Gobernuz Kanpoko Erakunde hauen sorrera aspaldikoa da, XIX. mendean bazeuden esklabotzaren amaiera edo emakumearen eskubideak aldarrikatzen zituzten taldeak, baina gaur egun ezagutzen ditugun hauek Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortu eta hedatu ziren. Gaur egun giza jarduera orok du horrelako mugimendu bat, babesteko, eskatzeko, aldarrikatzeko edo salatzeko. Dirutza ikaragarriak mugitzen dituzte eta sarri ez dago garbi ez nondik lortzen duten dirua, ezta nola erabiltzen duten diru hori ere. Egiten zaien kritika nagusia da tresna izateko sortu zirela, injustizia eta gizakiak sortutako arazoak salatzeko baliabide, eta gaur egun asko eta asko helburu bihurtu direla, jende askoren bizimodu.

Gobernuz Kanpoko Erakundeen lanak sarri liluratu gaitu leku arriskutsuenetara iristen direlako, ahulenen babesle bihurtzen direlako, ezer ez zutenen gotor leku izan direlako leku eta egoera askotan... Baina nork eta zergatik ematen die zilegitasun eta sinesgarritasun hori? Zeinek eskatu die ahotsik gabeen ahots bihurtzea? Zeinek eskatu die joaten diren lekuetara joatea? Errespetatzen al dituzte joaten diren herrialdetako arau eta ohiturak? Inperialismo humanitarioa leporatu izan zaie, beraiek erabakitzen omen dutelako zeinek duen laguntza beharra eta nola jaso behar duen laguntza hori. Euren ideiak ezartzea leporatu izan zaie, ez horrenbeste mezuan edo hitzetan, lana egin eta antolaketa eratzeko moduan baizik…

Gobernuz Kanpoko Erakundeak herritarrek gehien balioesten dituzten antolatutako taldeak dira. Beharrezkoak dira gizakia zer egiteko gai den erakusteko eta iritsi behar zutenak heltzen ez diren lekuraino ailegatzen direlako. Baina agian izenean bertan dihoakie ezinbesteko patua, gizakion antolatzeko ohiko eran antolatzen direlako, ohiko harremanak sortzen dituztelako, ohiko arazoei aurre egin behar dietelako eta urratu beharreko bideak aspaldi jorratuta daudelako… Azken finean, erakundeak direlako.

 


Bajar
C1
16-06-2015
16269416
10401