Dokuteka
Online ikasleen bizipenak
Online ikastaroetan C2 mailan (4. maila) ikasle izandako hiru pertsona mahai baten inguruan bildu eta hainbat galdera egin zizkieten. Ikasleen ekarpenak jasotzen dituzten entzungaiak dituzu segidan., baita Andoni Tolosa eta Jaione Barandiaran, Aek-ko irakasleen hausnarketa ere.
Duela urte batzuetatik hona, aldaketa nabarmena jasan du gizarteak. Lehen, zereginak genituen baina lasaitasun ederrean bizi ginen, erritmoa bestelakoa baitzen. Gaur egun, ordea, korrika eta presaka bizi gara; erlojupean eta, etengabe, orratz luzeari begira, arnasa hartzeko denborarik gabe.
Bizitzeko abiadura azkar horrek eragina izan du gure ohituretan eta, halabeharrez, baita irakaskuntzan ere. Garai batean ikasleak egunero etorri ohi ziren aurrez aurreko klaseetara; baina, egun, ez dute horrelako konpromisorik hartzerik, beste hainbat konturekin osatuta baitute eguneroko betebeharren zerrenda.
Garai berrietara egokitzeko premia ikusita, hainbat bide jorratu ditugu azken urteotan: horietako bat izan da online ikastaroena. Helburu berberak lortzeko modu berriak erakutsi eta eskaini dizkiegu aurrez aurreko eskoletara joaterik ez dutenei: alde batetik, baliabide materialak (ordenagailua, tableta, mugikorra...); eta, bestetik, Moodle plataforman diseinatutako ikastaroak.
Askotan hitz egiten dugu online baliabideen aplikazioaz irakaskuntzan, paradigma berriaz, irakasleen rolaz, baliabide digitalek sortzen dizkiguten aukera berriez. Gutxitan,ordea, entzuten dugu protagonisten, ikasleen, ahotsa. Eta galderak asko dira:
•Aldatu al da ikasteko modua?
•Zein estrategia erabiltzen dituzte online ari diren ikasleek?
•Nola erabiltzen dituzte baliabide digitalak?
•Nola ikusten dute irakaslea? Eta ikaskideak?
•Zein dira sumatzen dituzten gabeziak?
•Topatzen al dute horrelako inguruetan nahiko lanabes modu eraginkorrean jarduteko?
Galdera horien erantzunak bilatze aldera, lehenik eta behin, garrantzitsua iruditu zaigu ikasleen ahotsak zuzenean entzutea, unean uneko distortsioak izanik filtro bakarrak. Hori dela eta, hainbat online ikasle bildu genituen mahai baten inguruan, hauek guztiak galdetu eta haien ekarpenak jasotzeko asmotan. Horregatik, segidan duzuen elkarrizketaren transkripizioetan ez dugu inongo ondoriorik adierazi, beraz, jasotakoaren transkripzio hutsa da topatuko duzuena.
Asko dira, euskara-maila hobetzeko, online ikastaroetan dabiltzan euskaldun zahar nahiz berriak, maila jasoagoa eduki nahi dutenak. Zaila izan bada ere hautua egitea, C2/4. maila online egin duten hiru ikasle aukeratu ditugu, beraien esperientzia konta dezaten. Ikasleok elkarrizketatu ditugu gurekin online ikastaroan izan dituzten bizipenez era naturalean mintza daitezen: Josu Lizarralde Ibarbia (Orio), Dorleta García Melero (Urnieta) eta Leire Udabe Aizpurua (Zarautz).
Aipagarria da ikasleok zeinen harrera amultsu eta abegikorra egin diguten AEKren bulegoan ateak zabaldu dizkiegunean. Gutxitan izan dugu horren elkarrizketa goxorik. Oso aberasgarria izan da egunerokoan bizi izaten dugun esperientzia euren hitzetan islatuta antzematea, nork bere ikuspuntutik. Erabakigarria izan da ikastaroa eurentzat, aukera eman baitie lortu nahi zituzten helburuak erdiesteko. Hainbat kontu aipatu dituzte, baina ondorio berera iritsi dira denak: Aurrez aurre edo online, antzera ikas daiteke.
Hemen dituzu jasotako erantzunak, hiru zatitan:
Lehenengo zatia (00-16:25)
Zer dela-eta aukeratu zenuten C2/4. maila egitea?
JOSU: Iaz Biologia-ikasketak bukatu nituen, eta orain masterra egiten ari naiz. Euskara-maila hobetzea ondo etorriko zitzaidala iruditu zitzaidan, irakasle izan nahi baitut. Ondo idazten ikasi nahi dut, eta aspaldi ahaztutako gauzak gogoratzeko balioko dit.
DORLETA: Zuzenbide-ikasketak bukatu nituen, eta iaz masterra egin nuen Madrilen. Etxera itzuli nintzenean konturatu nintzen euskararekin pixka bat trabatzen nintzela, galdu egin nuela. Euskara hobetzeko eman nuen izena.
LEIRE: Biologia-ikasketak egindakoa naiz ni ere. Sei urte egin ditut lanean, jaki prestatuen enpresa batean. Azken urteotan langabezian nago, lana utzi dudalako beste proiektu batean hasteko. Testugintza lantzeko eta nire idazmen-gaitasuna hobetzeko hasi nintzen ikastaroan: puntuazio-marketan eta, batez ere, azkartasunean nahiz jariotasunean. Askotan, orritxo bat idazteko ere denbora gehiegi pasatzen nuen; helburu horrekin hasi nintzen.
Euskara lantzeko, egin duzue beste ikastarorik?
JOSU: Ez, EGA atera nuen, baina ikastolatik zuzenean.
LEIRE: EGA ateratzeko, neuk ere Batxilergoan.
DORLETA: Batxilergoan ikastaro berezia egin nuen EGA ateratzeko, baina ordutik bat ere ez.
Beste edozein arlotako ONLINE ikastarorik egin duzue sekula?
DORLETA: Bai, batzuk egin ditut.
JOSU: Ikastaro txikiren bat bai, baina honekin alderatuz oso ezberdinak. Ez geneukan tutorerik, irakurri eta galdera batzuei erantzutea besterik ez zen.
LEIRE: Bai, hamar inguru egingo nituen, batez ere nire lanarekin erlazionatuak. Hiru eta sei hilabete bitarteko ikastaroak izan ziren: oso teorikoak, irakurri eta ariketak egin, ahozkorik ez.
Internetekin eta horrelako aparatuekin ongi moldatzen zarete?
LEIRE: Ez dut aparteko arazorik izan ikastaroan, ohituta nago.
JOSU: Karreran Moodle plataforma erabili genuen; beraz, ezagutzen nuen. Hasieran, agian, pixka bat kostatzen da moldatu arte, baina, bestela, arazorik gabe.
DORLETA: Nahiko ondo moldatzen naiz horrelakoekin.
Zergatik eman zenuten izena ikastaroan?
DORLETA: Ikasturte-hasieran Glotodidaktika ala 4. maila egiteaz galdetu nion AEK-ko irakasle bati, eta esan zidan hobe nuela biak egitea. Lana aurkitzeko esperantza ere banuen, eta pentsatu nuen honek lagunduko zidala.
JOSU: Nire lagun bat eta biok berandu apuntatu ginen. Batez ere, euskara-maila hobetzeko izan zen: idatzizkoari begira, gehienbat. Irakasle izateko masterra egiterakoan, batek 4. maila aterata zeukan, eta esan zidan posible zuela ikastetxeetan euskara-eskolak ematea; normalean filologia eginda dutenak hartzen dituztela, baina C2tik ere ahal zirela klaseak eman. Gaitasuna hobetzeko eta lanari begira ere balio du.
LEIRE: Batez ere, idazmena lantzeko, hobetzeko, eman nuen izena. Euskaraz funtzionatzen zuen enpresa batean egiten nuen lan. Arlo idatzia beste pertsona bati eta niri delegatu ziguten; kanpora begirako komunikazioa geu hasi ginen egiten; orduan, euskara jasoa beharrezkoa zen eta, batez ere, horregatik hasi nintzen. Tarteka, euskararen inguruko artikuluak idatzi nituen; oso pattal ibili nintzen, eta pentsatu nuen hori hobetu egin behar nuela.
Online izan al zen zuen lehenengo aukera?
LEIRE: Bai, zuzenean. Garai hartan lanean nenbilen, ingelesean ere apuntatu nintzen eta, hura aurrez aurrekoa zenez, hemen online egitea aukeratu nuen zuzenean.
JOSU: Bai, nik ere denboragatik. Alde batetik, masterragatik; eta, bestetik, ingelesean ere ibiltzen naiz. Gehiegi zen beste aurrez aurreko batera apuntatzea.
DORLETA: Nik ere berdin. Lana atera zitzaidan, eta ingeleseko klaseetara joaten naiz; beraz, errazena, online egitea.
Nola sentitu zineten izena eman zenutenetik, ikastaroa hasi arte?
LEIRE: Matrikulatzeko azken astean eman nuen izena, segituan izan zen hasiera, ingelesarekin ere hortxe nenbilen; beraz, ez nuen itxaroten egon nintzelako sentsaziorik izan. Konturatzerako, lehenengo unitatearekin geunden. Hasieran, sorpresa edo bat-batekoa izan zen, baina gogoz eta gustura.
JOSU: Bigarren unitate bukaeran-edo hasi nintzen ni. Tutoreak esan zidan, ahal banuen, aste horretan bertan bi unitateak egiteko, hurrengo hastean feedback-astea tokatzen zela. Ez nuen pentsatzeko astirik izan. Nire ustez, oso eramangarria da; ondo moldatu nintzen.
DORLETA: Hasieran, idazlana egiten hasi nintzenean, non sartu ote nintzen pentsatu nuen. Pixka bat beldurtuta eta urduri nengoen, euskara aspaldi ez bainuen ikasten.
Erraz antolatu zineten?
DORLETA: online ikastaroetan aurretik ikusten duzu zenbateko ikasgai-zerrenda duzun. Horrek gehiago beldurtzen du; ni, behintzat, bai. Niretzat okerrena lehenengo zuzenketa izan zen.
LEIRE: Agian, fisikoki ikustean errazago antolatzen zara, onlinean birtual ikusten duzu dena: zailagoa da zenbat lan daukazun neurtzea. Aurreneko idazlana niretzat ere okerrena izan zen. Ohitura-falta neukan, urduri nengoen, ondoren ebaluatu egingo nindutelako. Beste ikaskideei aurreneko feedbacka egitea ere nahiko zaila izan zen, ebaluatzaile-lanetan jardutea.
Nolakoa izan da zeuen burua ikastaroan kokatzea? Prozesu bat, berehala kokatu zineten…
JOSU: Nik uste erraz kokatu nintzela; baina, ikastaro-bukaera aldera, proiektuarekin pixka bat deskonektatzen joan nintzen. Hasieran dena oso zuzen eraman nuen, baina gero proiektua egin, berau zuzendu, hainbeste aldiz irakurri... ez nekien zertan ari nintzen. Azterketa-simulazioekin hasi arte, ikastaroan nire kokapena galdu nuen. Hala ere, eramangarria da. Ariketak egiteko bi aste daude, denbora sobera, eta feedback-astean, goiz batean bi ordu edo bat hartzea nahikoa da bi testu baloratzeko.
LEIRE: Faseak daude: azken finean, ikastaroa luzea da. Lan-kargagatik ez da astuna izan. Edukiz, agian, nerau hizkuntzarekin trakets samarra naizelako, batzuetan alferkeriaz-edo, kosta egiten zitzaidan idazlana egiten jartzea.
DORLETA: Denboraz larriago zabiltzanean, bukaera-aldera, behin eta berriz antzeko azterketak egitea, idatzizkoak, laburpenak… alferkeria apur bat sartzen da batzuetan.
Orduan, erraz kokatu zenuten zeuon burua.
LEIRE: Bai. Unitate guztietan dinamika berbera da; beraz, erraz hartzen duzu nondik nora doan.
DORLETA: Lehenengo bi unitateak ikusiz gero, gainontzekoa antzekoa da.
LEIRE: Proiekturako data aurreratu egin zela esan zigutenean, hasieran urduri jarri nintzen. Planifikazio bat egina neukan eta aldatu beharrak ikara eman zidan. Egokia litzateke zzterketa-simulazioak egin aurretik proiektua bukatuta izatea. Aurretik jakinez gero, denbora ematen du.
DORLETA: Niri ere gauza bera gertatu zitzaidan proiektua aurreratu zutenean, urduri jarri nintzen.
JOSU: Nik Gabonetan egin nuen gehiena, proiektua aurreratua neukan. Data-aldaketa ez zen arazo izan. Aurrena proiektua entregatu eta, ondoren, azterketekin hastea ondo legoke.
Aurrez aurreko ikastaroekin konparatuta, zer alde ikusten dituzue?
DORLETA: Beste ikasleen berri jakitearen falta sumatu dut. Hasieran idazlan guztiak ez nituen gainditzen, haserre nengoen eta beheraldia izan nuen, tutoreak denak antzera genbiltzala esan zidan arte. Besteekin nola zoazen alderatzeak laguntzen du: konparaketak egitea, ea denak martxa berberean goazen jakiteko. Horixe da falta izan dudan bakarra.
JOSU: Jarraipena ere bai. Aurrez aurrekoan irakaslearekin harreman handiagoa duzu, beti dakizu zer moduz zoazen.
LEIRE: Aurrez aurrekoan xehetasunetara gehiago joan ohi zara, zalantzak momentuan galdetzen dituzu; online zaudenean, askotan ez dituzu idazten. Aurrez aurrekoa ahozkotasunerako hobea dela iruditzen zait: hizkuntzen kasuan, behintzat. Pentsatu nuen ona litzatekeela azkeneko bi tutoretzak, ahozkoak, gertu geundenoi aurrez aurre egiteko aukera ematea. Etxean neure burua grabatzea ez zait gustatzen.
Zeuen burua grabatu eta entzutea ez duzue gustuko?
JOSU: Nik ere horretan ez dut ondo pasatzen. Nire tutoreak esan zidan, eta arrazoia duela uste dut, online egiten dugunok ohituago gaudela gure kabuz 10 minutuz hitz egiten. Beste norbait aurrean duzunean, zalantzan hasten zara; online ongi egiten saiatzen zara, batzuetan behin baino gehiagotan errepikatuz.
LEIRE: Ozen bakarrik hitz egitea arraroa eta deserosoa egiten zait.
DORLETA: Hitz egiten ari naizeneko aurpegia ikustea gustatzen zait; ordenagailuari hitz egitea zaila egiten zait.
Bigarren zatia (16:26-33:40)
Lanak egiteko nola antolatu zarete? Astero, egunero…
LEIRE: Astelehenetan, unitatea zintzilikatzean irakurri egiten nuen, eta ondoren ostegun-larunbat bitartean egiten nituen ariketak.
JOSU: Astelehenetan irakurri, eta batzuetan egiten hasi ere bai, testuingurua zehaztu eta horrelakoekin. Saiatzen nintzen lehenengo astean dena egiten, horrela bigarren astea beste gauzetarako neukan.
DORLETA: Lehenengo egunean inprimatu eta irakurri egiten nuen, baina gero azken egunera arte ez nuen egiten.
Nahiago duzu inprimatzea?
DORLETA: Bai, paperean irakurtzea gustatzen zait. Den-dena inprimatzen dut.
JOSU: Hasieran ez nituen inprimatzen, baina azterketetako simulazioak bai. Laburpenak egiteko, irakurri eta eskuz idazten nituen. Ordenagailuan idaztean zuzenketak egiten ditut; zuk ere errazago egiten dituzu aldaketak, denbora gutxiago behar duzu. Azken simulazioak eskuz egin nituen azterketari begira, azterketa eskuz egin behar baita.
LEIRE: Nik kendu egin nuen zuzentzailea. Egia da ordenagailuan zuzenketak eta aldaketak errazago egiten direla. Bukaera-aldera, azterketari begira, eskuz egiten nituen nik ere.
Lan-modua aldatu behar izan duzue, edo hasieratik erabili duzue bera?
DORLETA: Ez naiz gogoratzen zein unitate zen, baina oso luzea zen, ariketa askorekin. Hasieratik mugitzea erabaki nuen; bestela, ez nintzelako iritsiko. Oro har, denbora ematen zuen, ez zen lan-karga handia.
JOSU: Normalean, lan-modu bera. Ahozkoarekin hasi ginenean, ez zitzaidan asko gustatzen, eta orduan beti azkenerako uzten nuen, azken egunera arte iristen nintzen. Bestela, aurreneko astean egiten saiatzen nintzen.
LEIRE: Aurreneko egunean irakurri eta koadernora pasatzen nuen egin beharrekoen zerrenda. Ariketak egiten nituen heinean, checklist moduan markatzen nituen. Dinamika hori eraman dut.
Zenbatetan sortu zaizue ordenagailua leihotik botatzeko gogoa?
JOSU: Ariketa-mota batzuekin. Adibidez, testuaren ideia nagusiak ateratzerakoan, hitzez hitz asmatu behar zela konturatu nintzen arte. Ongi jarri arte ez zuen aurrera jarraitzen uzten. Horrelako ariketekin, batez ere.
DORLETA: Deiktikoekin erlazionaturiko ariketa batean; bukatu ere ez nuen egin.
LEIRE: Buelta eta buelta, batzuetan aurrera jarraitzen nuen momentu horietan. Ideia nagusien ariketetan, batzuetan ez duzu asmatzen, eta azkenean blokeatu egiten zara.
JOSU: Ariketa jakin batzuekin bai blokeatzen zarela. Laburpenari eta idazlanari garrantzi gehiago eman diot, eta aurreneko idazlanetik azkenekora dagoen saltoa handia izan da. Pixkanaka hobetzen zoazela ikusteak lasaitzen zaitu.
Ikastaroan momentu bakoitzean zer egin garbi zenuten? Ez zineten galduta ibili?
DORLETA: Bai, garbi genuen.
JOSU: Oro har, antzeko gauzak ziren: testuingurua atera, teoria pixka bat zerbaiten inguruan eta, ondoren, ariketak.
Baina horrek ez dio aspergarritasuna gehitzen ikastaroari?
JOSU: Nik nahiago dut horrela. Zortzi unitate ziren, eta hiru aste bakoitza egiteko, hiru astean behin aldatzen zenuen.
DORLETA: Iruditzen zait beharrezkoa dela aurreikuspen bat egiteko. Ikastaroa online egiten ari bazara, denbora soberan ez duzulako da; ondorioz, ondo dago jakitea nolako lan-karga duzun.
LEIRE: Bai, horretarako ondo dago formatua berdina izatea. Unitate bakoitzean gauza berri baten zain egon behar baduzu, denbora gutxi izanda, urduritu egiten zara, dena birplanteatzen hasi beharrean bazaude. Hori nekagarria izan daiteke.
Aurrez aurreko klaseetan alderantzizkoa bilatzen da: gauza berriak ekarri, taldea dinamikoagoa izatea lortu… Orduan, online ikastaroen balio bat izan daiteke?
DORLETA: Aurrez aurreko ikastaroetan badakizu ordubeteko eskola daukazula. Ordubete hori entretenigarria izatea nahi duzu, baina badakizu zenbat denbora daukazun, bestean ez.
Zenbatetan jo duzue tutorearengana?
JOSU: Askotan. Zalantza neukan guztietan mezua bidaltzen nion eta, normalean, oso azkar erantzuten zidan. Skype saioetarako ere zalantzak apuntatzen nituen; orduan ere galdetzen nizkion.
DORLETA: Gehienbat, proiektuaren inguruko zalantzak galdetzen nizkion.
LEIRE: Ez dakit behin ere idatzi nion zalantzaren batekin. Nituen zalantzak Skype saioetan galdetzen nizkion.
Tutoreen presentzia nahikoa iruditu zaizue?
DORLETA: Bai, nahikoa.
JOSU: Nahikoa. Ariketen balorazioak ondo zehaztuak badira, nahikoa da. Nahiago dut idatziz egitea, horrela beti hor daukazu gordeta. Aurrez aurrekoetan, entzun egiten duzu askotan, baina gero ez daukazu gordeta begiratzeko.
LEIRE: Aurretik egin ditudan beste online ikastaroekin konparatuta, tutoretzak ondo daude. Beste batzuetan galdera errazei ere erantzuteko denbora asko behar izan dute. Alde horretatik, oso egoki ikusi dut.
Beraiekin harremanetan jartzeko kanalak nahikoak izan dira? Besterik proposatuko zenukete?
LEIRE: Ahozkotasunarekin zailtasunak ditudalako, azterketari begira, aurrez aurreko tutoretza baterako edo birako aukera ematea ondo legokeela iruditzen zait. Azterketa nolakoa izango den esplikatzeko. Azkenean, berak grabatutako zerbait zuzendu du, ez aurrez aurrekoa.
JOSU: Aurrez aurreko bat ondo etorriko litzateke. Errealagoa izango litzateke. Grabaketekin ematen du irakurtzen ari zarela, baina ez da horrela. Ahozko azterketan bi pertsona izango ditugu aurrean, eta ez gaude horretara ohituta.
Ikaskideengana jo duzue? Nola?
DORLETA: Irakurmena eta entzumena egitera etorri ginenean, konturatu nintzen Josuren laguna nire unibertsitateko ikaskidea zela, baina ordura arte konturatu gabe nengoen. Ez, ez ditut kontuan hartu ikaskideak.
JOSU: Alde horretatik zortea izan dut, koadrilako bik eman genuen ikastaroan izena. Edozein momentutan berak zalantza bazuen, niri galdetzen zidan eta nik berari. Lanak egiten ari ginen heinean, bakoitza nola zihoan komentatzen genuen; proiektua irakurri… horretarako aukera izan dut.
LEIRE: Bilboko lagun batekin hor ibili nintzen, bera ezkorrago zegoen, eta ni aurreratuago nenbilenez, hura animatzen nuen. Bestela, ez dut harremanik eduki. Hasieran, denak elkarri mezuak bidaltzeko momentu horretan, bai; baina sentsazioa dut hasieran, taldean gehiago ginela eta bukaerara gutxiago iritsi garela.
JOSU: online izateak dauzkan aldeetako bat da Leirek komentatu duena. Beste zerbait tokatuz gero, errazagoa da ikastaroa uztea. Ez daukazunez inor aurrez aurre, presio hori ez daukazu.
Aurretik harreman bat ez badago, bakoitza bere aldetik ibiltzen da?
JOSU: Dorleta behin ezagutu nuenean, bai, galdetu nion zalantza bat, baina bestela, ez.
Hori zer iruditzen zaizue, abantaila edo desabantaila?
DORLETA: Niretzat, desabantaila. Ez nekien besteak zer moduz zebiltzan. Ez nekien ni bakarrik nenbilen gaizki, besteak ere bai, nirea normala ote zen… Glotodidaktika-ikastaroa konbinatua egin nuen, aurrez aurre eta online. Elkarri galdetzen genion zerbait ateratzen ez zitzaigunean, talde-giro hobea zegoen.
JOSU: Ez dut besteekin harremanetan jartzeko beharrik sentitu, ondoan koadrilakoa nuen; eta agian, horrek eragin dit. Elkarri laburpen-ereduak pasatzeko, adibidez, ondo legoke, gutxi gorabehera nola egin jakiteko. Ez badituzu ezagutzen, ez duzu eskatzen.
LEIRE: Agian, posible da hasieran eta bukaeran aurrez aurreko aurkezpena egitea, aukera izanez gero. Beste ikastaro batean horrela egin genuen, eta, behin aurpegiak jarrita, errazagoa da zerbait galdetzea.
Hirugarren zatia (33.40-49:45)
Esaten dutenez, online ikastaroetan ikasleak oso bakarrik sentitzen dira. Zuek horrela sentitu zarete? Uste duzue horrek baldintzatu duela ikastaroari atera diozuen probetxua?
DORLETA: online apuntatzen zarenean badakizu ez duzula lagunik egingo, azkenean nik behar nuena tutorearen presentzia zen, eta hori eduki dut. Ez naiz bakarrik sentitu.
JOSU: online egiten duzunean horixe nahi duzu: bakarrik eta zeure erritmoan lan egin. Zeure kabuz egitea bilatzen duzu.
LEIRE: Horren bila zoaz, bai. Horrela eginda pertsonalizatuagoa da; zu eta tutorea. Positiboa iruditzen zait.
Egindako aurreikuspenen arabera, espero zenutena lortu duzue?
DORLETA: Espero nuena baino askoz hobeto. Lehenengo zuzenketa jaso ondoren uste nuen ez nuela gaindituko sekula, oso pozik nago.
JOSU: Konturatu naiz orain testu bat irakurtzen dudanean begiak zuzentzera joaten zaizkidala. Lagun baten testua hartu eta zuzenketa-piloa egin nion. Urriaren hasieran neuk ere berdin idatziko nuen, eta orain ez. Hori zen nahi nuena.
LEIRE: Helburuak guztiz bete ditut: idatzizkoan, batez ere. Oso gustura nago. Esaldi laburrak egiten ikasi dut; hiru eta lau lerrokoak egiten nituen lehen.
JOSU: Oraingo zalantza, azterketa gainditzea.
LEIRE: Ez neukan azterketa egiteko helburua; baina gaindituz gero, hobe.
DORLETA: Oposizioak egin behar ditut, eta 4. maila eskatuko dute; ea gainditzen dudan.
Garrantzitsua iruditu zaizue aurretik esperientzia izatea online ikastaroetan? Lagundu dizue?
DORLETA: Uste dut garrantzitsua dela. Aurretik ikastaro motzagoak egin ditut, baina balio dizu nola antolatu jakiteko.
JOSU: Aurretik egin ditudanetan ez dut tutorerik eta inor zuzentzeko izan, oso ezberdinak izan dira. Ezin ditut konparatu.
LEIRE: Ikastaro honetan tutoretza gehiago daude, baina aurreko esperientziek lagundu didate. online izena ematen duzunean badakizu zer daukazun, eta ohituta bazaude, errazagoa da.
Berriz online ikastaro batean matrikulatuko zinatekete?
LEIRE: Bai, orain arteko moduan.
JOSU: Bai. Berriz egin beharko banu, online egingo nuke baita ere.
Ikastaro bera egin behar duen lagun bati zer esango zeniokete?
LEIRE: Oso konstanteak ez direnei ez nieke gomendatuko online egitea. Planifikatzeko ohitura duena eta arduratsua izan behar da. Nolakoa zaren, uzteko arriskua dago.
JOSU: Konpromisoa hartu behar duzu.
DORLETA: Pertsonaren arabera. Feedback handia eta pertsonala behar badu, ez nioke gomendatuko. Bere kabuz lan egiteko ohitura badu, bai. Nire gomendioa da konstantea izatea eta ez desanimatzea. Tutorearekin hitz egitea garrantzitsua da, benetan laguntzen duelako, ez eduki formalekin bakarrik.
