detalle dokuteka-generico-fitxa

Apaizak soka dantzan

Folklorean adituak garai batean apaizek ere dantza egiten zutela azaltzen digu. Horretarako hainbat dokumentu idatzi dakartza garai bateko ohiturak azalduz. (testu zahar horiek gazteleraz daude)

IÑAKI IRIGOIEN, Euskal folklorean aditua

Euskal Herriak, aspaldidanik, andre-gizonen artean sokan egiten diren dantzak izan ditu. Bata besteari eskua emanaz -puritanismo denboretan zapia zela- dantzarako honela batzen ziren gure arbasoak. Dantza horietan, sokaren aurrean jartzen zenak zuzentzen zuen dantza (aurreko eskuak), hortik, toki batzuetan, dantza honi "aurreskua" deitzea. Aurreskua zen gehien ekiten ziona dantzari; atzeskuak, sokan azkena jartzen zenak, betetzen zuen garrantzizko hurrengo dantza emanaldia. Hamaseigarren mendeko jai nagusietan agintariak eta handikiak izaten ziren dantza hauen zuzendariak. Herri guztia baturik, denen arteko dantzan, ospe handiko tokia hartzen zuten, beren kategoria eta agintaritza erakutsiz. Askotan, dantza hauek zuzentzen, apaizak ere izaten ziren tartean. Trentoko kontzilioek apaizen portaera hauek pentsamolde berrietara jartzea nahi izan zuen. Honela hasi ziren apaizentzako gotzainen dantza-debekuak. Lekeitioko eliza liburuetan, 1550. urtean, agertzen da horrelako debeku bat, meza berriak direla-eta: "ni clérigos no bailen en ello", esaten da. Urte bi geroago Logroñoko Sinodoak gauza bera esaten du: "que ningun clérigo no baile ni dançe puramente ni desonestamente ansi en misa nueva como en bodas". Ezkontza eta meza berrietan dantzatzea debekatzen zaie, baina ez da ezer esaten beste jaiei buruz. Ehun urte beranduago, 1652. urtean, Lekeitioko bikario zen apaiza, Antonio Lopez del Puerto, dantzan agertzen zaigu Gizaburuko Andre Mari jaietan. Ez dakigu dantza hori gotzainen gogokoa izango zen ala ez, baina ikusiko dugunez, bai Lekeitioko bikarioarena. Dantzaren aipamena Migel de Basterretxearen eskutitz batean agertzen da. Jaietara gonbidatua zegoen bikario jauna, baita Bizkaiko Aldundiko burua ere; beste aipamen batzuen artean, honela dator esandako eskutitzean: "y el P. Vicario vino también el lunes quien nos honró aquella tarde guiando la danza con doña Maria Perez y yo como coxo en la retaguardia con Doña Ursula. Fue la postrera dança y la mejor pues dançaron todos los vecinos con sus mujeres y no se permitió ni se atrevió a entrar en ella ninguna mujer soltera sino casadas y doncellas". Aurresku edo soka dantza baten oso deskribapen polita, bikarioa aurreskulari zela eta Migel Basterretxea, bertako handikia, atzesku.

Hau ez zen izan gure bikarioaren dantza bakarra; eskutitzak honela jarraitzen du: "y después de cena a la noche guió también otra danza el S. Vicario que se hizo astillas a cabriolas y vueltas y dice que para las bodas de Bmd. todavía le quedan reservadas fuerzas y aliento para hacer las demostraciones que debe". Ikusten denez, dantzarako benetan trebea zen bikario jauna, baita dantza zale amorratua. Hamar urte geroago, frai Bernardo de Ontiveros-ek, Lekeitiora etorri zen Calahorrako gotzainak, andre-gizonen arteko dantzen kontrako debekuak jarri zituen, eta horrela, hasiera eman zion puritanismo denbora berri bati. Debeku horretan apaizak ere kontuan hartzen ditu, oraindik soka dantzetan parte hartzen zutela esaten baitu: "que también los sacerdotes suelen concurrir y entrar en dichas danzas y disfrazarse para representaciones de comedias". Agindu hauek zer esana izan zuten Lekeitioko apaizen artean. Horren erakusgarri da bi urte geroago gotzainek dantzei buruz agindutakoak kontuan hartzea erabaki zutela apaizek: "en cuanto al danzar de los beneficiados y servidores se guarde inviolablemente el auto de visita del Ilmo. Rvmo. Sr. Obispo Fr. Bernardo de Ontiveros". Ikusten denez, dantzari zale porrokatuak zeuden Lekeitioko apaizen artean eta, ziurrenik, hauetariko bat lehen aipatutako bikarioa izango zen. 1680. urtean Pedro de Lepe gotzain famatuak herrian utzitako "auto de visita" delakoan berriro ere ekiten dio debekuari: "que ninguno de dichos clérigos salga en danzas, máscaras, ni disfraces". Geroago, XVIII.-XIX. mendean, apaizen dantzen kontra ez ezik andre-gizonen arteko dantzen kontra ere hasi ziren elizgizon asko, puritanismo berri baten izenean. Besteak beste, hauek izan ziren honi buruz idatzi zutenak: frai Antonio de Palacios, frai Pedro Antonio Añibarro, frai Bartolome de Santa Teresa, eta beste batzuk, tartean J. R. Iturriza, Bizkaiko historiagilea. Den-denak andre-gizonak nahasturik egindako dantzen aurka, bekaturako bideak zirelako. Dantza hauen defendatzaileetariko bat Manuel de Larramendi jesuita izan zen; izan ere, bere ustez, dantza horiek, gogo honez eginez gero, bekatu arina dira, gehien jota. Azkenik aurreskuak egiterakoan andre-gizonen artean zapiak jartzea ekarri zuen giro horrek.

IVAP - Administrazioa euskaraz aldizkaria

 

detalle2

Docuteca

C1
09-01-2003

x61pRelaContWAR

  • Irigoien , Iñaki
16262646

x61pViewCountWAR

4370

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR