Dokuteka
Kafeinaren inguruko mitoak
Zientziaren arabera, kafeinak ez digu aparteko kalterik egiten. Artikulu honetan, zabalduta dauden hainbat ideia oker argituko dizkigu Jabier Agirre medikuak
JABIER AGIRRE /
Kafeina substantzia naturala da, mundu osoan zabaldurik dauden 63 landare-espezietako hosto, hazi eta fruituek dute, eta aspalditxotik kontsumitzen da. Kafeina duten produktuek (esate baterako, kafeak, teak edo hainbat freskagarrik) arrakasta handia dute adin guztietako eta gizarte-mota guztietako pertsonen artean; eta zer esanik ez, duela gutxi merkatuan kafeina-kantitate handiagoa duten edariak agertu direnetik (edari 'energetikoak' esaten zaienak).
Kafeinak estimulatzaile bezala jarduteko gaitasuna du, nekea aldi baterako atzeratzen du, eta eragin horrek insomnioa edo loezina ekar diezaieke pertsona sentiberei. Frogatua dago, era berean, kafeinak eragin diuretikoa duela: arina izan arren, likidoak kanporatzea estimulatzen du. Eta aparteko kalterik ez duela egiten dioten ikerketa ugari egin diren arren, oraindik ere oso zabalduta daude hainbat ideia oker.
Horrexegatik, artikulu honetan kafeinaren eta osasunaren inguruko ikerketa zientifikoen emaitzak jasoko ditut, eta gai horren inguruan dauden zalantzak argitzen saiatuko naiz.
Mitoa: kafeinak mendekotasuna sortzen du.
Errealitatea: jende askok dio kafeinaren mende bizi dela. Aditu gehienen iritziz, berriz, kafeinak ez du mendekotasunik sortzen. Kafeinaren kontsumoa bat-batean eteten bada, batzuek buruko mina, nekea eta somnolentzia izaten dituzte, baina sintoma horiek ez dute egun bat baino gehiago irauten eta prebeni daitezke kafeinaren kontsumoa pixkanaka murriztuz.
Mitoa: kafeinak bihotzeko gaitzak jasateko arriskua handiagotzen du.
Errealitatea: ikerketa ugarik frogatu dutenez, kafeina-kontsumoak ez du handiagotzen gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua, ez du kolesterol-maila igotzen eta ez du inolako asaldurarik eragiten bihotz-erritmoan.
Mitoa: kafeinak minbizia sortzen du.
Errealitatea: 13 ikerketaren emaitzek diotenez, ez dago inolako loturarik normalean kafea (edo tea) kontsumitzearen eta minbizia jasateko arriskuaren artean.
Mitoa: kafeina osteoporosiaren arrisku-faktorea da.
Errealitatea: ikerketa berria batzuek argitu dute kafeina-kontsumoa ez dela arrisku-faktore bat osteoporosia dutenentzat, batik bat kaltzio-kantitate egokiak kontsumitzen dituzten emakumeentzat.
Mitoa: haurdun dauden emakumeek, edo haurdun geratu nahi dutenek, ez lukete kafeinarik hartu behar.
Errealitatea: ikerketa askotako datuek erakutsi dute kafeina neurriz hartzeak ez dakarrela inolako kalterik ez haurdun dagoen emakumearentzat. ezta fetuarentzat ere. Dena den, kafeina-dosi altuen eragina ez da aztertu. Beraz, haurdun dauden emakumeei kafeina neurrian hartzea gomendatzen zaie (gehienez 300 mg egunean, hau da 3-4 katilukada kafe).
Mitoa: kafeinak ez dauka eragin positiborik.
Errealitatea: gauza jakina da kafeinak 'piztu' egiten duela eta adi egoteko gaitasun handiagoa ematen duela.
Kafeina duten edarietan (tean, eta berrikitan baita kafean eta txokolatean ere) agente antioxidatzaileak aurkitu dira. Eta agente horiek mesedegarriak dira osasunerako, bihotzari eta minbiziaren prebentzioari dagokionean batez ere.
Azken balantzea:
Zientziak ez du oraindik frogatu inolako erlaziorik dagoenik kafeina neurriz kontsumitzearen eta osasun-arriskuen artean. Beraz, tea, kafea edota bestelako kafeina duten edariak kontsumitzen jarrai dezakegu; betiere; neurrian eginez gero, noski.
