Dokuteka
Haurrak lanegunetan jaiotzen dira
Garai batean haurrak etxean edo modu naturalean jaiotzen zirenean asteko edozein egunetan jaio zitezkeen. Gaur egun, ordea, hainbat arrazoirengatik, zesarea eta jaiotza induzituen kopurua igotzen ari denez, lanegunetan jaio dira batez ere.
Larunbat eta igandeetan gero eta jaiotza gutxiago dago. Izan ere, zesarea eta jaiotza induzituen tasak komeni baino handiagoak dira. Eta hauek, besteak beste, medikuen lan-egutegiaren arabera egiten dira.
Zesarea-kopurua gora egiten ari da munduan eta horrek baditu bere arriskuak. Munduko Osasun Erakundeak 2011. urtean argitaratutako datuen arabera haurren % 15etik gora zesarea bidez jaiotzea ez baita gomendagarria. Zifra hori gainditzen duten lurraldeak asko dira Europan: Adibidez, Portugalek (33 %), Belgikak (36 %) eta Suitzak (31 %) Munduko Osasun Erakundeak gomendatua duen tasa bikoizten dute. Zorionez, Hego Euskal Herria gomendatutako zifren bitartean gaude: % 14-15.
Azken urteotan hainbat aldaketa egon dira erditzeko dauden aukerei dagokienez. Gaur egun, batik bat klinika pribatuetan, erditzeak aurrez programatzen dira eta askotan emakumeak berak eskatuta. Eta horretarako arrazoiak ez dira beti medikuak izaten, zenbaitetan motibazio sozialak izan ohi dira edota emakumeari, duen lan-agendarengatik, egokiago datorkiolako. Beste zenbait kasutan, berriz, ospitaleari berari komeni zaiolako aurreratzen dira erditzeak, eta horrenbestez, astelehenetik ostiralera egiten dira, larunbat edo igandeetan egin ordez, medikuaren agendara hobeto egokitzen delako edota modu kontrolatuagoan egitearren.
Eta hala, askotan, geroz eta operazio baten antz handiagoa hartzen ari dira erditzeak. Askoz ere kontrol zorrotzagoak daude orain ospitaletan eta ageri denez, erosotasuna ere faktore garrantzitsu bat bihurtu da, batez ere ospitale pribatuetan erditzerakoan. Honek guztiak ekarri du haurrak lan-egunetan jaiotzera. Izan ere, beren jaiotze-data mediku nahiz emaginen lan-ordutegi eta egutegira egokituta baitago.
Baina ez dugu ahaztu behar zesarea ebakuntza kirurgikoa dela, eta goian aipatu dugun moduan, horrek zenbait arrisku ekar ditzakeela (hemorragiak, infekzioak, anestesia erabiltzearen ondoriozko konplikazioak …). Horrenbestez, aipatu diren erditze induzituen kopuruak ikusita, komenigarria litzateke kasuak behar bezala aztertu ondoren, erditzeak behar-beharrezkoa denean bakarrik induzitzea, eta arrazoi medikorik ez dagoen kasuan zesarearik ez egitea. Eta horretarako, ezinbestekoa izango litzateke batetik, emakumeari haurdunaldi bat garaiz lehen amaitzeak dituen inplikazio eta arriskuei buruzko informazioa ematea, eta bestetik, ospitaleei halako protokolo batzuk ezartzea behar baino zesarea gehiago egin ez ditzaten.
