Bukatzen jakin
Ekimena eta ekintzailetza dago baloratuago gaur egun baina, egia esan, hasi edozein hasten da. Benetako artea bukatzen jakitea da: gauzarik handienetatik hasi eta txikienetara.
Goiko gogoeta hori Maialen Lujanbiok egin du Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Hemen duzu audioa entzungai.
Pasa den asteburu honetan ekitaldi-sorta bat izan da Durangaldean, Xabier Amurizari merezitako eskerrona emateko. Ez dago gaurko bertsogintza ulertzerik Xabier Amuriza gabe. Lan oparoa eta askotan mugarri izan dena da berea. Bide berriak urratu ditu, nekaezin… Eta bide berriak urratzeaz gainera, bere bidea noiz eta nola bukatu berak erabaki du: 75 urte betetzean, apaltasunez eta elegantzia handiz kito! esan du. Bertsotan bezala, bertso-ibilbidean amaiera pentsatu eta halaxe egin. Eta hori ere miresgarri egin zaigu berarengan.
Ekimena eta ekintzailetza da sonatuago gaur egun. Eta bai, gauzak abiatzeak badu bere meritua. Baina benetan zaila dena, benetako artea, gauzak bukatzea da. Bukatzen jakitea, ondo bukatzen jakitea. Bukatzen jakitea, adibidez, maitasun-harreman bat, gaiztotu dadin baino lehen, usteldu dadin baino lehen; edo hautsita zegoena behingoz hausteko ausardia 3. batek eman dakizun baino lehen. Edo bukatzen jakitea gorroto-harreman bat ere, errekonozitzea maitasuna agortzen den bezalaxe, gorrotoa ere azkenerako ahitu egiten dela. Eta, adibidez, agurra ukatu zenion senideari, edo lankide-ohiari edo auzoari berriz diosala egitea. Bukatutzat ematea, adibidez, sorkuntza-lan bat; lan literario bat, demagun. Paul Valery-k idatzi omen zuen: “Testua ez da bukatzen, abandonatu egiten da”. Ba abandonatzea, orduan, abandonatzen asmatzea. Edo abandonatzea lanpostu bat; panorama zaila izanik ere, dirua eta tristura baino ematen ez dizulako. Lana uzten ausartzea.
Benetan zaila dena gauzak bukatzea da. Bukatzea, adibidez, betiko tradizio bat, tradizio santua. Beti hala izan dena, eta beti hala izan delako beti hala izan beharrik ez duen hori. Sarrik esan zuen moduan, tradizioa ere asmakizun bat izan zen asmatu zen orduan. Beraz, nola kontserbatu nahi hori akabatu, eta bizitza eman betikoak ez ezik gaurkoak izan daitezen: festak, dantzak, alardeak…
Edo noiz bukatu, nola bukatu, adibidez, borroka armatua? Edo nola bukatu norbere bizitza bera? Nola bukatu bizitza zure esku zerbait badagoenean? Duintasunez hiltzeko lege berria onartu den aste honetan, nola asmatu hiltzen, lurrari lotuagoko jendeak egin ohi duen bezala. Animaliak azkena igartzean erretiratzen diren elegantziaz, halako antzinako jakituria baten jabe, halako etsipen basa eta bare batekin.
Ez da erraza. Bertsotan ez bezala, bizitzan ezin da bukaera pentsatu, nahiz eta bukaera jakin. Ekimena eta ekintzailetza dago baloratuago gaur egun baina, egia esan, hasi edozein hasten da. Benetako artea bukatzen jakitea da: gauzarik handienetatik hasi eta txikienetara. Isiltzea, adibidez, isiltzen asmatzea. Garaiz isiltzen asmatzea, nahiz eta hau esaten denerako berandu samar izaten den.