Telefono mugikorra 3 eurotan

Indian, munduko sakelako telefonorik merkeena atera dute merkatura. Hiru euro balio ditu eta urtebeteko garantia izango du gainera.

Telefono horren berri eman dute Euskadi Irratiko Faktoriako irratsaio labur honetan.


Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

IRRATI-ESATARIA. Goazen orain nazioartera. Indian, munduko sakelako telefonorik merkeena atera dute merkatura. 3 euro balio ditu eta urtebeteko garantia izanen du gainera. Telefono-enpresek protesta egin dute, iruditzen zaielako ezinezkoa dela hain telefono merkea sortzea. Juanjo.
JUANJO SAN MIGUEL, ADITUA. Ringing Bells izeneko enpresak jarri du salgai 3 euro eskas balio duen telefono hau.
Enpresako bozeramaleek diote hain merkea lortu dutela Indian bertan egindako materialak erabili dituztelako eta, gainera, Interneten bidez salduta, banaketa-sarerik ez dutelako behar eta, ondorioz, gastuak murriztu egingo dituztelako.
Telefono hauek telefono normalak dituzten osagarriak dituzte, urtebeteko garantia du telefonoak eta 6 hilabetekoa bateriak eta kargatzaileak. Urtean 10 milioi saltzea da enpresaren helburua.
    Beste enpresek adierazi dute prezio hori ezin dela lortu zuzen jokatu eta merkatuko gai normalak erabilita. Era horretan lortu litekeen telefono merkeenak 32 bat euro balioko lituzkeelako.
    Indian sakelako telefonoa benetako iraultza izan da, azpiegiturarik behar ez duelako eta komunikazioa lehen ezinezkoa zen lekuetara iritsi delako. Iaz, Indian, 104 milioi telefono saldu zituzten eta gaur egun telefono gehien saltzen den herrialdea da. Baina benetako paradoxa ere sortzen da Indian: 1.200 milioi biztanle dituen herrialde honetan erdiak, 600 milioik, sakelako telefonoa du, baina komuna dutenak herena baino gutxiago dira, 360 milioi besterik ez baitira. Eta horrek osasun-arazo larriak sortzen ditu, gaitzak zabaldu eta haurren heriotza-tasa asko igo.

B2
19-02-2016
16239741
00:01:43
6294