Emakume gutxi kaleen izenetan
Kaleen izenei erreparatzen badiegu, emakume-izen gutxi aurkituko dugu. Eta dauden apurrak amabirjinak, santuak, erreginak eta antzekoak.
Euskadi Irratiko Faktoria programan gai horri buruzko erreportajea egin dute, zenbait herritako egoeraren berri eman eta entzule eta hiritarren iritziak bilduz.
GIZONEZKO ESATARIA. Kale baten izena erabaki beharko bazenu... Jo dezagun, zuri dagokizula zure herrian kale bati izena jartzea. Nori eskainiko zenioke kale bat?, edo zeri eskainiko zenioke kale bat?
Honi buruzko kontua Bilbotik dator. Bilbon hiriko kaleen izenak aldatzeko, prozesu parte-hartzailea martxan jarri du Aburto alkateak.
EMAKUMEZKO ESATARIA. Bai. Bilbon aurreneko jakin beharra da alkatearena dela, eta soil-soilik alkatearena, kaleei izena emateko eskumen hori. Azken hamarkadetan prozesua aldatu da, baina eskumena, azkeneko erabaki hori, alkatearena da. Eta gainerako hiri eta herrietan, oro har, salbuespenak badira, baina, oro har, osoko bilkurarena izaten da erabakia. Guk hona adibide bat ekarri behar eta Donostiako adibidea ekarri dugu, kale-izenentzako ponentzia edo lantalde propioa baduelako Donostiako udalak.
GIZONEZKO ESATARIA. Legealdiro berritzen den organoa da, Kale-izenen batzordea, ezta, Oihane?
EMAKUMEZKO ESATARIA. Legealdiro eta, zehatzago esanda, hirian espazio berri bat sortzen denero, orduan elkartzen da. Egungoa orain dela pare bat hilabete eratu zuten, ba hain justu, Tabakalera eraikinaren lanak bukatu zituztenean, bertan espazio berri bat sortu da eta espazio horri zer izen jarri eztabaidatzeko, orduan elkartu zen azkenekoz lantalde hau. Ponentzia hau kontsultiboa da eta talde politiko guztiek dute bertan ordezkaritza.
GIZONEZKO ESATARIA. Donostian. Bi irizpide nagusi, kale eta espazio berriei izena jartzeko: toponimiari eustea, ondare hori galdu ez dadin, eta gero ba emakumeen presentzia; oreka bat bilatzea eta emakumeek ere beraien tokia izan dezaten. Eta, adibidez, entzuleak hasi dira: “Nik Oteizari eskainiko nioke kale bat”. Izango ditu Oteizak kale bat baino gehiago, seguru aski. “Induraini eskainiko nioke kale bat”.
EMAKUMEZKO ESATARIA. Hara!
GIZONEZKO ESATARIA. Txirrindulariari. Beste batek dio: “Nik Anonymousi” eskainiko nioke kale bat.
EMAKUMEZKO ESATARIA. Aurreko biak gizonezkoak ziren , eta ez dakit irizpide hauetan eta gaur egun…
GIZONEZKO ESATARIA. Sartuko ote litzatekeen. Bilbo eta Donostia alde batera utzita, eta frankismoari lotutako izenak ezabatzeko prozesu horretan, Iruñean esate baterako, Oihane, duela hilabete gutxi aldatu zioten izena ordura arteko konde Rodezno plazari, ezta?
EMAKUMEZKO ESATARIA. Bai. Francoren garaiko ministroaren izenaren ordez, Serapio Esparza da gaur; alegia, Iruñeko 2. ensantxe edo zabalgunea diseinatu zuen arkitektoaren izena hartu du: Serapio Esparza.
GIZONEZKO ESATARIA. Eta emakumeen izenei erreparatuta, berriz, kale-izendegiak aztertuta ikusten da ba emakumerik apenas dagoela, Oihane.
EMAKUMEZKO ESATARIA. Hamaika herritan egin dituzte holako ikerketak, guk bi aipatuko ditugu: Iruñea eta Hernani. Iruñean duela 15 bat urte aztertu zuten kale-izendegia eta hango ondorioa: pertsona-izena zuten kaleen artean emakume-izenak % 7 besterik ez zirela; eta horien artean bat ez beste denak amabirjinak, santuak, komentuak, erreginak eta abar. Eta Hernanin beste horrenbeste: 80 kale eta plaza aztertu dira: gizon-izenak, 24; emakumeenak, 5 bakarrik, eta bostak Elizari lotuak. Eta hala Hernanin Andre kalea berreskuratu dute.
Kalean ere galdetu dugu, nori jarriko zenioke kale bat edo nork merezi du? Bueno hemen erantzun batzuk; hasteko Gaizka Garitarorena.
HIRITAR GIZONEZKOA 1. Orain dela 2 urte izan zen, Eibarrek [futbol-taldeak] 1. Mailara igo zela eta egon zen halako iniziatiba bat, baina ez dakit gaur egun zer egoeratan dagoen. Eta gauza zen bere izena jartzea plaza bati edo kale bati.
HIRITAR EMAKUMEA. Ba nire amari eskainiko nioke herriko plaza bat.
HIRITAR GIZONEZKOA 2. Ni Beasaingoa izanda, Arana kaleari Jesus Larrañaga izena jarriko nion, PCEko [Partido Comunista de España] Gerra Zibilean buruetako bat izan zen, Beasaingoa zen, bera han jaio zen eta, orduan, iruditzen zait ba kale horri bere omenez izen hori jartzea ideia ona izango litzatekeela.
GIZONEZKO ESATARIA. Bueno, ba hortxe, kale-izenak, zuk ere izango dituzu zure proposamenak ba helarazi iezazkiozu zure udalari.