Dokuteka
Ba al du etorkizunik paperezko kazetaritzak?
Paperezko egunkariak irakurtzen ditu egunero Fermin Erbitik eta hori du bere eguneroko erriturik gustukoenetakoa.
Baina gazteek eta ez hain gazteek nahiago dituzte pantailak eta egunkari digitalak. Amarauneko irratsaio honetan Ferminek kazetaritzaren inguruko hausnarketa interesgarria planteatu digu.
Honako galdera egingo dizkio Ferminek bere buruari: merezi du paperezko kazetaritzak? Eta zer da benetako kazetaritza?
ESATARIA.- Amaraunean, gai librean, Fermin Erbiti.
FERMIN.- Duela aste batzuk, Bartzelonako Sans tren-geltokian. Iruñera zetorren trena hartu aurretik, kioskora joan nintzen egunkari batzuk erostera. Trenera hurbildu nintzelarik hogeitaka urteko koadrila bat ikusi nuen: Iruñera zetozen unibertsitate-ikasleak ziren. Ni egunkari pila besapean eta haiek guztiak pantaila eskuetan, kaskoak belarrietan eta mobilari ere etengabe erreparatuz. Belaunaldien arteko arrakala esaten zaio horri.
Dudarik ez dago, gaztetxo haientzat egunkariak besapean zeramatzan gizona historiaurrekoa zen, desagertzeko zorian dagoen espezie bateko kide oso arraroa. Eta baliteke hala izatea. Izan ere, Jesukristoren edadetik beherako inor ez duzue gaur ikusiko egunkaria besapean duela. Niretzat, ordea, egunkariak irakurtzea, paperezko egunkariak irakurtzea, egunero bete beharreko erritua da. Horregatik, Eguberri eta Urteberri egunetan urteroko hutsunea pairatu nuen goizetik gauera. Zerbait falta zitzaion egunari: bezperako bat irakurri gabe utzi ez nuen ba hurrengo eguneko hutsunearen kontsolagarri.
Interneten sartu eta ordezkoarekin egarria asetzen saiatzea banuen, badakit. Kontua da niretzat bezperakoa kontsolamendua den bezala, internetekoa ere horixe dela ordezkoa, bigarren mailakoa.
Javier Errearen “El diario o la vida” liburua irakurri berri dut, eta gustura, oso gustura. Seguru asko bertan paperezko egunkaria aldarrikatu eta etorkizunik baduela azpimarratzen duelako. Niretzat begi-bistakoak diren beste bi kontu nabarmentzen ditu nafarrak. Kazetaritza ona behar dugula eta hori ordaindu egin behar dela. Merezi du kazetaritzaren truke ordaintzea, kazetaritza ona ez baita sekula garestia, oso merkea baizik. Garestiena benetako kazetaritzaren desagerpena litzateke, zehaztasunean eta enpatian oinarritzen den kazetaritza.
Kazetaritza onak istorio interesgarriak kontatzen ditu, paperean, edo irratian, telebistan, interneten… Eta historia horiek barnea inarrosten badigute, hausnarketa eginarazten, hunkitu egiten bagaituzte, ba horixe da benetako kazetaritza.
Eta zeregin horretan kazetaritza eta literatura adiskideturik. Izan ere, badira barnea inarrosten diguten liburuak, gugan aztarna sakona uzten dutenak, kontatzen dituzten istorioek ba bizitza ulertzen eta bizitzaz gozatzen erakusten digutelako, bere argi-ilun guztiekin.
Erretiro garaian dabilen bikote bat izan liteke istorio horietako baten protagonista. Emazteari pankreako minbizia diagnostikatu diote. Senarra etengabeko paper-festan bizi baita horretaz ere apunteak hartzen hasiko da, agian egoera berrira egokitzeko idaztea premiazkoa duelako. Anjel Lertxundi da senar hori, eta zu, hausnarketa horiek biltzen dituen liburu bikaina
