Eutanasia

Eutanasia kasuak asko ari dira ugaritzen, Frantzia aldean batik bat.

Legerik egin behar ote da honen inguruan? Saio honetan gaiari buruzko iritzia ematen digu J. M. Mujikak.


Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

EUTANASIA

"Eutanasia"k "heriotza ona" esan nahi du, berez. Gizakiok eskubidedun izaki garenez, eta horregatik izaki duin, normala da guztiz gure duintasuna ezinbesteko zaigun heriotzaraino luzatu nahi izatea, eta guztiz normala, baita ere, hori nolabait legeztatu behar dela ikusten dugun garai honetan, horretaz egiazko eta errespetuzko elkarrizketa nahi izatea. Nik badakit edozer gauza legearen adarrera pasatzerakoan kontu handia izan behar dela, kontu handia lege horrek batzuen mesedetan eta beste askoren kaltetan erabiltzeko biderik eman ez dezan, sarri gertatu ohi denez.

Datorkigun eztabaidaren aurrean, hauxe adierazi nahi dut bakarrik, zerk kezkatzen nauen eta zerk ez. Bizitzaren jabe nor den? Ni horrek ez nau kezkatzen. Estatua ez, noski, hori da garbia; hortik aurrerako diskusioak, norbera ote den, Jainkoa..., interesanteak izan daitezke teorian, baina gizarte laiko batean bizi garenez, zorionez, hori ez da erabakigarri. Nik, legea lantzerakoan, jendea ondo informatu eta hauen iritzia jasotzeaz gain, hiru gauza hauek hartu behar direla kontuan uste dut. Bat: norbaitek eutanasia eskatzen badu, ez dezala inola ere bakarrik, abandonatua edo behar bezala zaindua ez dagoelako eska; ez dadila ezta ere ingurukoentzat karga astunegia sentitzearen ondorio izan. Erabakia librea orduan bakarrik izango da. Bi: legea erabakitzean, aurreikuspen ekonomikoek ez dezatela erabakimen indarrik izan, ez dadila, alegia, asunto ekonomikoa bilakatu. Zaharrak ugaritzen ari dira, ez ahaztu, eta laster asko baino asko izango gara. Hirugarrena, azkenik: norberak erabakitzeko ahalmenik ez badu, epaile eta partaide izatea inoiz egoki izan ez denez, kasurik larrienetan ere, norbait hil edo norbaiti hiltzen utzi erabakian, familiak ez dezala parterik har. Horretarako, kriterioak landu eta kasu bakoitzean erabakimena izango luketen komite etikoak sortu behar dira, pare bat sendagile tartean direla, noski. Nik familiari beste eskumen bat emango nioke: komite horrek eutanasiari baietza eman arren, gaixoaren kargu egin eta bizitzan mantentzeko eskubidea, alegia, gaixoarentzat sufrimendu bide ez denean, noski, maitasunez jokatzekoa, hitz batean.

Beste mila kontu aipa daitezke, bistan da, baina nik hiru hauek ikusten ditut inportanteenak.

Bizi ondo eta heriotza duinena ere urruti izan dezazuela. Agur.
 
Jesus Mari Mujika

B2
16-04-2008
  • Mujika , Jesus Mari
16233192
00:03:28
4919