Dokuteka
Euskarazko Wikipedia DBHko ikasleei egokitzen ari da
Wikipedia, orain 16 urte sortutako entziklopedia askea, elkarlanari esker hornitua, XXI. gizaldiko ezagutza-iturririk garrantzitsuena bilakatu da. Ikasleentzat, bederen, ezinbesteko bihurtu da.
Hizkuntza askotan dago Wikipedia, eta euskaraz ere bai. Euskara munduko 30. hizkuntza da Wikipedian edukiak dituztenen artean. 284.500 artikulu ditu, eta egunero 70.000 kontsulta baino gehiago erregistratzen dira. Aztertu da noiz eta nor dabilen eduki bila euskarazko Wikipedian, eta asko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleak dira, euskaraz ikasten dabiltzanak.
Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak hitzarmen bat sinatu dute, eta 3 urtetan, 1.600 artikulu izatea lortu nahi dute aipatutako ikasleentzat. Artikulu hauek DBHn ematen diren 15 ikasgairi buruzkoak dira. Horretarako Euskal Wikilarien Kultura Elkartea hezkuntza-currikulumak aztertzen ari da, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko Berritzegune Nagusiaren laguntzarekin, sartu beharko liratekeen kontzeptu-zerrenda bat osatzen. Jada 1.600 sarrera baino gehiago daude.
Elkarlana
Batetik, dauden artikuluak nahi dira hobetu. Eta horretarako, besteak beste, auzolana bultzatu nahi da, elkarlana. Asmo horrekin, Euskal Wikilarien Kultura Elkartea jarria da harremanetan Euskal Herriko Unibertsitatearekin. Adibidez, nahi da unibertsitateko ikasleek euren lanekin hornitzea euskarazko Wikipedia. Lan horiek baloratzen, berriz, irakasleak ariko omen dira. Hori da asmoa, kalitatea bermatzea alegia. Antzeko zerbait egin nahi da Lanbide Heziketa eta Batxilergoko ikasleei begira ere.
Egun 40 bat lagun dabiltza nahiko fin edukiak sartzen euskarazko Wikipedian eta beste 200 inguru noizbehinkako ekarpenak egiten dituzte.
