Dokuteka
Berak marraztutako billeteekin ordaintzen zuen artista
Marrazkilari batzuk onak izateaz gain, bizitzari modu bitxian egiten diote aurre. Horietako bat dugu George Boggs izeneko marrazkilari iparamerikarra.
J. S. George Boggs artistak berak marraztutako billeteekin egiten zituen ordainketak. Baina ez zen faltsifikatzailea: dirua alde bakarretik marrazten baitzuen eta ageriago gera zedin, askotan bere burua marrazten zuen billetearen erdian. “Balioen komediantea” liburuan bilduta dago dirua egiten zuen Georges Boggs artista bitxi honi buruzko guztia.
Audio osoa hemen entzun dezakezu.
ARANTXA ITURBE.- Harkaitz Cano, arratsalde on.
HARKAITZ CANO. - Arratsalde on, Arantxa.
ARANTXA ITURBE Gaur “Lapurraren uztan”...
HARKAITZ CANO. - Gaur George Boggs artista. Salvador Dalí artista katalana azkarra zen oso. Bere parranda guztiak txeke bidez ordaintzen zituen. Txekean bere sinadura jartzeaz gain, ordea, marrazki bat ere egiten zuen txekearen beste aldean, bazekielako taloia jasotzen zuenak nahiago izango zuela ia beti marrazkia gorde, eta ez zuela gehienetan txekea kobratuko. Baina bada haratago doanik ere. Duela hilabete gutxi hil zen, James Stephen George Boggs artista iparramerikarra kasu. Boggs artista zen, ez faltsifikatzailea. Baina bere diru propioa marrazten zuen, faltsifikatzaileek ohi dutenez.
Benetan xumea zen bere lanerako modua. Jatetxe garesti batean oturuntza egin eta menua bapo geratu arte dastatu ahala, bere koadernoan eta paperezko mantelean bertan billete bat marrazten zuen, gero, otordua ordaintzeko erabiliko zuena. Jakina bereak ez ziren faltsifikazioak, ageri-agerikoa zelako eskuz marraztutako dirua zela hura, ez inprentakoa. Eta gainera, alde bakarretik marrazten zuelako beti, ez bietatik. Batere zalantzarik egon ez zedin Lincoln-en aurpegiaren ordez berea jartzen zuen dolarraren erdi-erdian Boggsek, edo marrazki bizidunetako pertsonaia bat. Otordua ordaintzeko unea iristen zenean, honela esaten zion zerbitzariari: “Hara, artista nauzu. Eta hauxe marraztu dut. Ordu asko pasa ditut hau egiten, eta balio handiko pieza da, nik uste. Artelan guztiek prezio bat behar dutenez, nik arbitrarioki 100 dolarreko prezioa ipini diot eta hara zer kasualitatea, bat dator zuk oraintxe ekarritako kontuarekin. Chicagoko kamarera [zerbitzari] bat izan zen tratua onartzen lehena. Fede-kontua zen, izan”.
Sinesten ote zuten jatetxeetako zerbitzari eta jabeek marraztutako diru hura gauza preziatua zela? Hasieran kostata. Baina denborarekin, ez bakarrik jatetxeetakoak, taxilariak, hoteletako zaindariak eta dendariak konbentzitzen hasi zen. Urtebetean bakarrik berak marraztutako 100 billete, 700 billete, barka, erabili zituen benetako diruaren ordez transakzioak egiteko, garai hartako 35.000 dolarretako “muntoa” [zenbatekoa] osatu arte urtebetean. Eta halaxe jarraitu zuen joan zen urtarrilean hil zen arte.
1986an Londresen eta 90ean Sydney-n atxilotu egin zuten artista, galeria banatan berak marraztutako billeteak erakusteagatik. Kargurik gabe aske utzi zuten bietan. Poliziak Pistturgh-eko bere estudioko lanak ere errekisatu [konfiskatu] zizkion behin. Diruarekin, broma gutxi! Baina ez ote da horixe diruari egin dakiokeen jukutriarik onena? Argi eta garbi esku-diruari balio jakin bat emateak kolektiboki adostutako fikzio bat da. Fikzio hori berbera hartu, eta eskala ttipiagoan aplikatu baino ez zuen Boggsek egin. Gaur egun berak marraztutako 10 dolarreko billete soilenak 1.000 eurotik gorako balioa du.
