Ate joka dugu bioeraikuntza

Etxe bat erakitzeak ingurumenean izan dezakeen eraginarekin arduratuta gero eta jende gehiagok erabakitzen du modu jasangarrian eraikitzea. Euskal Herrian ere hainbat adibide aurki ditzakegu.

BIOERAIKUNTZA ETXEAN DA

Gero eta gehiago dira norbere etxebizitza eraikitzeko tokiko material naturalen alde egiten dutenak. Energia aurrezteko abantaila izan ohi da ezaugarririk erakargarriena, baina aztarna ekologikoa murriztea ere badakar.

Nork irudikatuko zituen eleberri edo pelikula futuristetan XXI. mendeko etxeak lastoz, buztinez eta egurrez eginak? Bada, aurrerapen teknologikoek frogatu dute zein onura dituen etxebizitzak material natural eta ez-toxikoekin eraikitzeak, bai erabiltzaileen bizi kalitatean eta bai ingurumenaren zaintzan. Bioeraikuntzak material naturalen erabileran oinarritzen du bere jarduna, eta haren helburua da eraikinetan barne giro osasuntsua lortzea, eraginkortasun energetikoa handitzea eta aztarna ekologiko ahalik eta murritzena uztea. «Elikaduran bezala, eraikuntzan ere tokiko materialak eta material naturala erabiltzea da egokiena», azaldu du Nagore Tolosak, Oreka estudioko arkitektoak. «Lastoa eta lurra erabiltzen dugu asko».

Material toxikoek osasunean eragin ditzaketen kalteak saihestea da material naturalen aldeko hautuaren arrazoietako bat, baina ez bakarra. «Lastoak fardeletan dimentsio handia du, eta oso ondo isolatzen du. Isolatzeaz gain, inertzia termikoa ere behar da. Hau da, beroa ondo gordetzea. Etxea berotzen duzunean, paretek bero hori hartzen dute eta giroa hozten denean, bero hori bueltatu egien dute». Paretak bero izateak airearen tenperaturan eta hezetasun mailan eragin zuzena duela azaldu du Tolosak, eta, ondorioz, baita osasunean ere.

 


 

Unai Grijalba etxea egiten ari da, Igorren (Bizkaia), Oreka estudioko kideen laguntzarekin. “Isolamenduaren abantailak konbentzitu ninduen. Era berean, asko gustatzen zait naturatik zuzenean ateratako materialak erabiltzea», adierazi du Grijalbak. Pozik dago diseinuan irizpide bioklimatikoak ere txertatu dituelako.

Euskal Herrian hainbat dira, Grijalbak egin bezala, etxeak edo bestelako eraikinak altxatu dituztenak material naturalak erabiliz eta bioeraikuntzaren oinarriak kontuan hartuta. Etxebizitza arruntez gain, Elorrion (Bizkaia) lastoa eta egurra erabili zuten haur eskola eraikitzeko, Oreka estudioaren laguntzarekin. Euskal Herrian bioeraikuntzaren adibide garbienetako bat izan daiteke Soraluzeko (Gipuzkoa) Azaliatxo etxea. Baserri berritua da, eta gazte talde batek egin ditu berritze lan guztiak. Oier Zubizarreta Azaliatxon bizi da, eta proiektuaren asmoak azaldu ditu. «Gure ideia eta bizimoduarekin bat zetorren proiektu bat gauzatu nahi genuen. Horrek taldean bizitzera eraman gaitu, mendirantz jotzera eta etxea berriztatzeko aukera izan genuenean bioeraikuntza izan zen guretzat aukera posible bakarra”. Lanaren emaitzarekin oso gustura dago Zubizarreta. «Oso etxe atsegina da eta, batez ere, epela».


Errotzeko, araudia behar.

Bioeraikuntzaren printzipioetan oinarrituta etxeak eraikitzen dituztenen kopurua gorakada doa, nahiz eta Euskal Herrian ere aspaldiko kontua den. «Baserriak eraikitzen ziren garaikoa baino bioeraikuntza handiagorik ez dago. Bertako materialekin egiten zuten lan», adierazi du Hodei Zenikaonandia Urak Bide tokiko arkitektura taldeko kide eta udal aholkulariak.

Hala ere, jabe eta arkitekto profesional konprometituetatik harago, bioeraikuntzak zailtasun handiak dituela deritzo, esperientzia interesgarri bakanetatik ohiko eraikuntzetara jauzi egiteko. Legedia nabarmendu du. «Bioeraikuntza arautegian txertatu behar da. Eraikitzaileak egingo du araudiak ezartzen diona. Hori ikusi da energia eraginkortasunaren kontuarekin. 2006tik aurrera, Eraikuntza Kode Teknikoak asko gogortu zituen baldintzak eta horiek bete egiten dira eraikin guztietan. Orain dugun erronka eraikin zaharren eta hiriguneetako alde zaharren eraberritzea da».

www.berria.eus webgunetik hartua. Bertsio moldatua.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

MURRIZTU. Gutxitu. Urritu
ONURA. Abantaila. Mesede
ERAGINKORTASUNA. Efizientzia, efikazia
AZTARNA ekologikoa. Arrasto. Seinale.
ISOLATU. Bakartu. Bereiztu
BERRIZTATU. Berritu. Eraberritu.


C1 C2
13-02-2017
16171095
6000