detalle dokuteka-generico-fitxa

Resurreccion Maria Azkue

Resurreccion Maria Azkue hizkuntzalaria 1864ko abuztuaren 5ean jaio zen Lekeition eta Bilbon hil zen, 1951ko azaroaren 9an. Bere datu biografiko batzuk emango ditu kazetariak irratsaio honetan.

Ondoren, jardunaldietako hiru hizlarik Azkueren hizkuntza, literatura eta antzerkigintzari buruzko azalpenak emango dituzte.

Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Esataria. Hizlariek lagunduko digute Azkue eta bere lana ezagutzen. Horren aurretik, hori bai, esan dezagun Azkue Lekeition jaio zela 1864an. Eta Bilbon hil zela 1951n, Nerbioiko uretan itota. Nautika ikasketak Lekeition egin ondoren Bilbon egin zuen batxilerra, Gasteizen Filosofia eta Teologia eta Bruselan eta Kolonian Musika ikasketak. 1888an apaiztu zen Salamancan, Euskara katedra lortu zuen Sabino Arana eta Unamunoren aurretik, Eusko Ikaskuntzaren lehendabiziko kongresuan parte hartu zuen eta Euskaltzaindiaren sortzaileetakoa izan zen.   

Kurrikulum oparo horren emaitzak Lekeitioko hitzaldietan azalduko dituzte. Jose Antonio  Arana Martija euskaltzainak, esate baterako, “Azkue gizona eta garaia” izenburupean hitz egingo du. 

Jose Antonio Arana Martija euskaltzaina. Azkue gizon bezala, gehitu behar zaio, apaiza zela. Beraz, nahiko mugatua zuen bere eginkizuna, baina mugak jartzen hasten bagara, berak jarritakoak dira linguistika, euskara, gramatika… Beraz, euskararekin zerikusia daukan guztia da bera, Azkuek berak aukeratu zuena bere bizitza betetzeko.  

Gizon moduan, gizon mardula, jenio txarrekoa, langilea; ez zeukan ordurik lan egiteko; Euskal Herrian zehar ibilia… Beraz, niretzat gizon miragarria.  

Esataria. Azkueren garaiaz galdetuta, berriz, Foruak desagertu zireneko garaira eraman gaitu Arana Martijak. Garai hartan Azkuek, Urkijok, Karmelo Etxegaraik eta beste gutxi batzuek egindako lana azpimarratu digu euskaltzainak, motelduta zegoen euskal kultura suspertzeko egindako lan eskerga.  

Jose Antonio  Arana Martija. Azkuek ukitu zituen musika, ukitu zituen folklorea, ukitu zuen, hizkuntzan behintzat, ukitu zituen arlo guztiak: gramatika, hiztegigintza… Bueno, denetarik ukitu zuen Azkuek. 

Esataria. Azkuek ikerketa sakonak eta onak egin zituela esan digu Jose Antonio Arana Martijak.  

Jose Antonio  Arana Martija. Azkue dugu ezinbesteko oinarria edo zimentarria gure kultura ikasteko eta ikusteko. 

Esataria. Zein arlotan utzi duen arrastorik handiena, sakonena galdetuta berriz, hauxe euskaltzainaren iritzia. 

Jose Antonio  Arana Martija. Gehien baloratzen dena izaten da hiztegia, baina badauka hor beste, kantutegia ere, eta badauka Morfologia vasca, eta badauka Euskalerriaren Yakintza, eta baditu hainbat lan mardul eta sakonak. Ni e, ni ez nintzateke ausartuko bat, bat bereizten. Egitekotan, hiztegia izango litzateke.  

Esataria. Berak egindako hiztegia izan da, hain zuzen ere, gerora egindako hiztegien oinarria. Kontaketan ere izan zen norbait Lekeitiokoa. Arlo horri buruz, Ana Toledo, Eusko Ikaskuntzaren Gipuzkoako lehendakari-orde eta unibertsitate-irakasleak hitz egingo du. Toledok gogorarazi digunez, euskal literaturak XVI. mendean ireki zion atea prosari Joanes Leizarragak itzulitako  Testamentu Berriaz, kontaketari, ez dio, ordea, heltzen XIX. mende-amaiera arte.  

Ana Toledo unibertsitate-irakaslea. Azkue da sorrera honetan parte hartzen duena, eta sorrera honetan parte hartzen du bi ikuspuntutatik. Bat da sustatzaile moduan eta besteak kontaketa, bestea kontaketak eginez.   

Esataria. Sustatzaile gisa egindako lanean aparteko garrantzia izan zuen euskara hutsean sortu zuen Euskaltzale aldizkariak.  

Ana Toledo. 1896an sortu zuen eta hiru urtez iraun zuen, 99ra arte. Eta hor ematen da euskal literaturako lehenbiziko eleberri-lehiaketa, eleberri-lehiaketa. Eta eleberri-lehiaketa horretara Txomin Agirrek aurkeztu zuen bere lehenbiziko eleberria, Auñamendiko lorea, eta hori izan zen irabazle.  

Honetaz gain, Euskaltzale aldizkarian beti ere kontaketak, Irakurgai izenpean beti izan zuen sail finko bat. Eta baita ipuinak ere.  

Esataria. Kontaketak idazten, berriz, 1889an hasi zen Azkue. 

Ana Toledo. Lehenbiziko kontaketa eman zuen aldizkari baten orrialdeetan, atalka-atalka. Bilbon argitaratu zen La abeja aldizkarian. Hilabetekaria zen eta sei ale atera ziren. Eta hemen atalka-atalka eman zuen Peru Matraka eta Pedr´ Anton. Eta bere lehenbiziko liburua, kontaketari eskainia, 1893koa da: Bein da betiko, eleberri laburra. Gero ja XX. mendean, 1918an, Ardi galdua argitaratu zuen. Eta bere eleberririk luzeena argitara gabe utzi zuen. 1989an argitaratu zuten Euskaltzaindiak eta Labayru ikastegiak: Latsibi du izenburu. 

Esataria. Antzerkigintzan egindako lanaz ez dugu deus ere esan. Arlo horri buruz Patri Urkizu idazle lezoarrak hitz egingo du Lekeitioko hitzaldietan.  

Patri Urkizu idazlea. Nola izan zen Bizkaia aldean euskaraz lehenbizikoa-edo ba antzerkia egiten. Horregatik, Sabino Aranak kontsideratzen zuen Teatro nazionalaren aita bezala, ezta? Eta hori gertatu zen 1895ean. Beraz, ia mende-bukaeran, Vizcaytik Bizkaira lanarekin. Eta hor noski, bada, Bizkaiko eskola bat, hau da, euskarazko teatro bat aldarrikatzen zuen.  

Esataria. Eta hortik aurrera, bada, errenkan etorri ziren Azkueren antzezlanak.  

Patri Urkizu. Idatzi zituen beste batzuk, nola Eguzkia nora, Colonia inglesa, Sasi-eskola… Hau da, anillo (eraztun) famatu horretaz, haurrentzat batez ere. Eta hori ere gipuzkeraz ere egin zen Hondarribian. Gero, Pasa de chimbos…  Ortzuri eta Urlo, hauek bi opera handi, tamalez ez zutenak izan bere arrakasta garaian. Eta Aitaren bildur, azkeneko antzerkia.  

Esataria. Denetan herri-kontuak jorratzen ditu Azkuek, hitza eta musika lotuz eta euskal tradizioan oinarrituz. Esan bezala, Lekeitiok eta Eusko Ikaskuntzak hilaren 25 arteko egitaraua prestatu dute Resurreccion Maria Azkue omentzeko. Asteburuetan izango dira ekitaldi gehienak.   

detalle2

Docuteca

B2
07-11-2001

x61pRelaContWAR

  • Urkizu , Patri
  • Toledo , Ana
  • Arana Martija, J. A.
16160498
0:06:52

x61pViewCountWAR

6940

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR