detalle dokuteka-generico-fitxa

Grafologiak nortasuna osotasunean ezagutzeko aukera ematen du

Grafologiaren nondik norakoak ikasi zituenetik, hizkiek eta marrazkiek diotena entzunez, pertsonen barrunbea arakatzea du helburu Irune Ibarrak. Egun hauetan UEUk Biarritzen antolatutako ikastaroetan parte hartzen ari da «Nor naiz ni? Teknika ezerdinen bidez nork bere ezagutzan barna» ikastaroan. Bere esanetan, grafologia besteen eta norberaren barrunbean ezkutatzen diren sekretuak ezagutzeko giltza da.

­Zer aztertzen du zehazki grafologo batek?

Pertsonen idazkera eta uzten dituzten zuriuneak aztertzen ditu. Horrekin batera, ordea, ezaugarri mordoa hartu behar ditu aintzat grafologo batek: hizkien arteko tarteak, neurriak, lerroen norabidea, hizkien makurdura, idazterakoan orrian egindako presioa, orriaren alboetan uzten diren tarteak, idazkeraren erritmoa... Ezaugarri horiei guztiei etiketa moduko bat ipintzen saiatzen gara eta guztia aintzat hartu ostean, pertsona horren alde psikologikoa eta izan ditzakeen gaixotasun psikiko eta fisikoak ondorioztatzen ditugu.

­Pertsona baten izaera ezagutzeko, beraz, ezaugarri ugari hartu behar da aintzat.

Grafologoak ezaugarri horiek guztiak batzen jakin behar du. Adibidez, idazkera txiki batek adieraz dezake beldurra, apaltasuna, talde txikietan ibiltzeko zaletasuna duela edota pertsona hori erraztasunez kikiltzen dela. Baina, aldi berean, beste kontestu batean, hizki txikiz idazteak adieraz dezake pertsona horrek gutxiespen sentimendua izatea edota barrura asko begiratzen duen pertsona bat dela. Azken batean, garrantzitsua da, hizkiaren tamaina ez ezik, beste arloak ere kontuan hartzea.

­Hizki txikiak aipatu dituzu. Zer adierazi nahi du pertsona batek hizki handiak eta biribilak izateak?

 Hizkien tamaina zehaztu egin behar da lehenik. Hizki handi lau milimetro eta erditik gorakoak jotzen ditugu. Modu horretako hizkiek, marrazki handiek, eta, oro har, orrialde osoa betetzeko joerak ausardia edota jendearekin erraztasunez harremanetan jartzeko joera adieraz dezakete, bai eta harrotasuna eta azalean geratzeko zaletasuna ere.

­Idazkerak pertsonaren zeinuak erakusten dituela esan duzu. Hala ere, izatez haurrek eskolan ezarritako irizpideen arabera ikasten dute idazten

Egia da ikastetxe guztietan zenbait irizpide ezartzen dituztela haurrei idazten erakusteko. Hala eta guztiz ere, nahiz eta estilo bat erakutsi, bakoitzak bere moduan idazten ikasten du. Azken batean, hamar urtetik aurrera, haurrak, motrizitate arazoak eta espazio antolaketatik eratorritako arazoak alboratuta, bere zeinua ematen dio idazkerari, pertsonalagoa bilakatzen dute.

­Hizki makotuak edota angeludunak egiteak zeresan handia duela diote.

Grafologo klasikoek angelua gizonarekin lotu izan dute; eta makotzea, berriz, emakumearekin. Nire ustez, baina, sexu kontua baino gehiago izaera kontua da. Hizki makotuak goxotasunarekin lotzen dira, nahiz eta zenbait testuingurutan utzikeria ere adieraz dezaketen. Angeludunak, berriz, gogortasunarekin, tentsioarekin eta buru gogortasunarekin erlazionatzen dira.

­Jendeak, oro har, jakin-minik izaten al du bere idazkera interpreta dezaten?

Aukera izanez gero, jendeak bere sinadurak eta marrazkiak interpreta ditzaten nahi izaten du. Egia esan, jendeak, denbora pasatu ahala, grafologia begi hobeez ikusten du. Ni 90eko hamarkadan hasi nintzen grafologiaren munduan barneratzen. Garai hartan, grafologiari askoz ere harrera hotzagoa egiten zitzaion. Orain, ordea, jendeak aurreiritzi gutxiago ditu eta, oro har, jakin-min handiagoa erakusten du.

­Grafologoaren eskuetan jartzearen inguruan mintzatu zara. Nora joan behar du grafologiaren inguruan lehendabiziko ezagutzak jaso nahi dituen pertsonak.

Grafologia ikasteko eskola ugari dago. Ni Bilboko eskola batean hasi nintzen grafologia ikasten. Hala ere, oraindik grafologia ez dago ofizialki onartuta, ez eta grafologia ikasketak ere. Psikologia ikasketetan ukitzen da gai hori, eta UEUren Udako Ikastaroetan ere hainbat alditan eman dute grafologiaren inguruko ikastaroa, baina ikasketa ofizialik ez dago. Alemanian eta Argentinan, esaterako, diplomaturak dira grafologia ikasketak.

­Psikologia ikasketetan grafologia irakasten dutela adierazi duzu. Zein zentzutan dira lagungarri ezagutza horiek?

Pertsona baten idazkera eta egiten dituen marrazkiak bere proiekzioak dira, bakoitza dena adierazten du. Grafologiaren bitartez eta orri zurian eginiko hizki eta marrazkien bidez, pertsona horren nortasuna osotasunean ezagutzeko aukera dago; beste teknika batzuek, ordea, izaeraren zenbait alderdi ezagutzeko aukera soilik ematen dute.

detalle2

Docuteca

B2
06-07-2004

x61pRelaContWAR

  • Ibarra , Irune
16159596

x61pViewCountWAR

6252

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR