detalle dokuteka-generico-fitxa

e-torkizuna

Sinadura. Onarpena adierazteko sortzen dugun zirriborro edo zigilua. Eskuzkoa, betikoa: gutun, ziurtagiri eta papereko dokumentuetakoa. Baina bada bestelakorik. Bada beste sinadurarik. Egun badaudelako paperekoak ez diren dokumentuak: digitalak, elektronikoak. Hauek izenpetzeko ezinbestekoa da sinadura digitala: karaktere elektroniko andana (letrak, zenbakiak, zeinuak, etab).

Papereko zirriborro edo zigilua guk guretzat sortutako irudia da: gure izenpea, bakoitzaren arrastoa. Identifikazioa. Baina fisikoki gauden lekuan bakarrik balio digu: dokumentua gurekin behar dugu. Eta Internet bidez nor naizen erakutsi behar badut? Nola daki on line bankuak nire kontuan sartu dena ni neu naizela? Eta e-mail bat bidaltzean, nola ziurtatu jasotzaileak bakarrik irakurriko duela?

Interneten hedapenak segurtasunaren kezka areagotu du. Dokumentu elektronikoak izenpetzeko mekanismo eraginkorren beharra sortu du. Testuinguru honetan kokatzen da sinadura digitalaren kontzeptua. Baina beharrezkoa eta bidezkoa da gure identifikazioa digitalizatzea? Zein neurritan bortxatuko du gure pribatutasuna? Nork ziurtatuko digu ez dela jendartearen kontrolerako erabiliko?

Sinadura Digitala

Sare telematikoen agerpen eta garapenak elkartrukerako kanal berriak sortu ditu. Internet dugu adibiderik nabarmenena. Egun, ez dira distantziak existitzen. Den-dena klik bateko distantzian daukagula esaten duenik ere bada. Fisikoki leku ezberdinetan egon gaitezke, edota geografikoki oso urrun. Baina distantziaren muga hori gainditu ahal dugu!: eremu birtualean.

Internet dokumentu elektronikoen autopista da: informazioaren zirkulazioa azeleratzen du. Mota guztietako mezuak igortzen eta jasotzen dira sarean. Ohiko postaz edo pertsonalki helarazi, eta eskuz sinatzera ohituak gaudenak ere bai: gutunak, laneko kontratuak, bankuko estraktoak, errenta aitorpena, disziplina anitzeko proiektuak, etab. Sareak mezu elektroniko hauek guztiak igorri eta hedatzeko azpiegitura eskaintzen digu. Aukerak zabaltzen dizkigu: zereginak erraztuz; denboraren zentzua aldatuz; eta, beharrezkoa bada, atzerria etxe atariraino ekarriz. Baina sarean ere, bizitzan bezala, aukerak ez datoz inoiz bakarrik: beldurrak eta arriskuak dituzte lagun (edo arerio?).

Iduri du datuak eta informazioa Internet bidez bidaltzeak beldurtu egiten gaituela: seguruagoa suertatzen zaigu gure bankuko kontuko zenbakia telefonoz norbaiti esatea e-mail batean bidaltzea baino! Pentsa! Ez gaituztela entzuten pentsatzen duzue? Sarearen arriskurik nagusiena segurtasuna da. Horretarako sortu zen sinadura digitala: dokumentu elektronikoen osotasuna (aldaketarik eza), konfidentzialtasuna (berezko jasotzaileak bakarrik irakurri ahal izatea) eta igorlearen egiazko nortasuna bermatzeko.

Eskuzko sinadura aise faltsutu daiteke: norberak libreki sortzen du, inori baimenik eskatu gabe, eta ez da inon erregistratu behar gerora erabili ahal izateko. Alta, onarpen handikoa da gure artean: erraz egin, frogatu eta lotzen baitzaio sortzaileari. Sinadura digitala ezin dugu libreki sortu. Erakunde espezializatuek sortzen digute eta erregistratua geratzen da. Baina sinadura digitala eskuzko sinadura digitalizatua baino gehiago da. Informazioa zifratzeko ere balio du: mezuak ulertezin bihurtzeko.

Kriptografia informazioa zifratzeko eta deszifratzeko teknika multzoa da: informazioa irakurgaitz bilakatu eta jatorrizko edukia berreskuratzeko erabiltzen den tresna sorta. Antzina, kriptografia asmo politiko eta militarrekin sortu zen. Diplomatiko, zelatari eta militarren arma zen: datu konfidentzialen defentsarako. Egungo Informazioaren Gizartean kriptografia benetako beharra bihurtu da: kriptografia baita elkartrukatze elektronikoak ziurtatzen dituen teknika fidagarri bakarra.

Sinadura digitalak kriptosistema asimetrikoa deritzona erabiltzen du. Asimetrikoa: norbanakoak bi gako ditu, publikoa eta pribatua. Elkarri estuki lotuak egonagatik, bata ezagutzeak ez du bestea berreskuratzea ahalbidetzen. Gako publikoa, esan gabe doa, edonork ezagutu dezake. Eta informazioa ulertezin bihurtzeko erabiltzen da: mezua zifratzeko. Gako pribatua norberak gorde behar du zifratuta, jasotako mezuak deszifratzeko. Norbanakoak bakarrik ezagutu behar du, pribatua izango bada.

Sekretupeko informazioa lagun bati bidali nahi badiogu, lagun horren gako publikoarekin zifratuko dugu mezua. Zifratutako mezu ulertezin hori deszifratzeko, beharrezkoa da lagun horren gako pribatua ezagutzea. Eta hau lagun horrek berak bakarrik ezagutuko du. Berak bakarrik berreskuratu ahal izango du jatorrizko edukia.

Ohartu gabe, ziur aski, baina inoiz zifratu eta deszifratu dugu informazioa gutako askok eta askok. Konturatu gabe. Ezer egin gabe askotan! Zifratze eta deszifratze teknikak beharrezkoak dira informazioa konfidentziala izango bada. Bankuko kontua Internet bidez kontsultatzen dugun bakoitzean, gure datuak sekretupean garraiatzen dira. Baita hegazkineko bidaia-txartel bat erosten dugunean ere. Merkataritza elektronikoa [Internet bidezko salerosketa] da sinadura digitalaren erabilerarik ezagunena, baina ez bakarra. Aplikazio asko ditu, eta gehiago izango: urrunetik, eta modu seguruan.

e-torkizuna

Sinadura digitala legearen aurrean eskuzkoaren parekoa izatera iritsiko da. Egun eskuz sinatu ohi ditugun paper asko klik eginez eta Internet bidez sinatuko ditugu. e-learning, e-Prestakuntza edo urruneko ikasketak areagotuko dira, eta on line administrazioa eta on line osasun zerbitzua sortuko. Internetek ikasgelak, bulegoak eta osasun zentroak gauden lekura gerturatuko dizkigu. Baina Internet eskuragarria da edonorentzat? Nortasuna ere digitalizatuko da. Uste baino lehenago, nortasun agiri elektronikoa izango da gure identifikaziorako tresna: txip bat pertsonako. Uneoro non gauden jakin ahal izango dute. Zer erosten dugun. Noiz eta nora goazen. Nolakoak garen jakingo dute? Gure profila definitu ahal izango dute? Kontrolatu egingo gaituzte, kontrola bagaitzakete. Badakizue.

Nortasunaren digitalizazioaren inguruan eztabaida soziala behar-beharrezkoa da. Jendartearen askatasuna bermatu eta bakoitzaren pribatutasuna errespetatuko duen marko legala sortu behar da. Identifikazio elektronikoaren kontzeptua argitu beharko da: gizartean informazioa zabalduz, langile eta erabiltzaileei prestakuntza eskainiz, eta segurtasun aspektuak behar bezala azalduz.

Teknologia berriak ez dira kaltegarriak, izatez. Ez dira oztopoak, aukerak baizik: ondo eta onerako erabiltzen baditugu. Internetek bizitza eta bizitzeko era aldatuko ditu. Mundua eraldatuko du. Gutxinaka. Ez dakigu zenbat denbora falta den. Ezta zenbat behar den. Ez nora goazen. Baina gustuko edo ez, hala izango da. Eta prest egon behar dugu.

 

x61pRelaContWAR

detalle2

Docuteca

C1
24-02-2006

x61pRelaContWAR

  • Esnaola , Iratxe
16158469

x61pViewCountWAR

5039

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR