detalle dokuteka-generico-fitxa

Couch surfing-a edo doako ostatua

Zure etxeko sofan jendea hartzeko prest al zaude? eta zu besteenera joateko? Hauxe da couch surfing-a; DOAKO OSTATUA eskaintzen duen, oso modan egon eta ikaragarrizko estimazioa hartzen ari den bidaiatzeko modu berria.

Dena partekatu eta elkar trukatzen den gizarte honetan sare sozial hauen bidez bidaiarien elkarteak antolatzen dira. Hartara, bertan izena emana baduzu eta bidaiatzeko eta beste kulturak ezagutzeko gogoan baduzu, taldeko beste kideen etxeetara joan zaitezke eta opor-egun batzuk pasa. 

Mezularia saioko entzungai honetan proposamen hau zertan den zehatz azalduko dizute eta erabiltzaile batzuen iritzia entzun ahal izango duzu.


 

Hiztegi lagungarria

  • Askotxo. Asko baino zertxobait gehiago. Adibidez: Aspaldian jende askotxo etorri da zure etxera "couch surfing"-a dela eta.
  • Behin bila hasita. Bila hasiz gero. Adibidez: Behin bila hasita, ez zara edozein taberna-zulotan sartuko jatera.
  • Dohaineko edo doako ostatua. Toki bat, turistak lo egiteko edo jateko, baina doan. Adibidez: Asierrek doako ostatua eskaintzen du "couch sourfing" honen bidez, baina lo egiteko, ez doan jateko.
  • Duda-mudatan nabil. Zalantzan nabil. Adibidez: Duda-mudatan nabil oporretan nora joan, mendira, itsasora...
  • Ekimen honen berri izan. Ekimen hori bazela jakin. Adibidez: Asierrek ekimen horren berri izan zuenean, berehala eman zuen izena egitasmoan.
  • Elkartrukea. Bi pertsona edo gehiagoren artean elkarri gauzak, zerbitzuak ematea. Adibidez: Oporretarako etxearen elkartrukean oinarrizkoa zera da, elkarren arteko konfiantza.
  • Etxe txukunegia ez daukat. Etxe garbi samarra ez daukat. Adibidez: Ez naiz ordenatu samarra, eta etxe txukunegia ez daukat.
  • Ez zaude ezertara derrigortuta. Ez duzu ezer obligazioz egin beharrik. Adibidez: "Couch sourfing" egiteak ez du esan nahi mundu guztia onartu behar duzunik: ez zaude ezertara derrigortua.
  • Gutxi samar. Gutxitxo, gutxi baino gutxiago. Adibidez: Gauean 5 ordu egiten du lo: gutxi samar.
  • Hizketa-gaiak. Hitz egiteko gaiak, hizpideak. Adibidez: Bizilagunek bilera izan dugu bart, eta hizketa-gaiak bi: igogailu berria eta itoginak.
  • Muina. Ardatza, oinarria. Adibidez: Gaixoa denbora gutxian sendatu da: hobekuntza horren muinean ez daude botikak bakarrik.
  • Zuenean. Zuen etxean Adibidez: Gaur gure etxean afalduko dugu, bihar zuenean.
  • Zurera etorri. Zure etxera etorri. Adibidez: Zu joan zara turisten etxera, baina zurera etorri al da inor?
Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

 

Esataria 1. Bidaiatzeko eta herrialdeak ezagutzeko modu berezi, berritzaile eta zergatik ez esan, merkea ere bada couch surfing-a. Interneteko sare sozial bezala funtzionatzen du eta, egia esan, behin bila hasita euskaldun askok bertan izena emana dutela ere konturatu gara.

Esataria 2. bueno, egia esan behar bada, Maider da couch surfing-en sarean zintzilik dagoen lagunetako bat. Arratsalde on, Maider.

Maider. Arratsalde on.

Esataria 1. Zuk hobeto azalduko diguzu agian. Zer da couch surfing-a, Maider?

Maider. Couch surfinga da bidaiarien sare bat non, e bakoitza Interneten sartuta gaude. Bakoitzak profil bat daukagu. Eta kontaktatzen (harremanetan jartzen) dugu ba mundu osoko bidaiariekin. Adibidez, norbait baldin badator hona bidaiatzera ba nirekin kontaktatu dezake eta adibidez ba eskatzen dit couch bat, ez?, sofa, nire sofa surfeatzea. Orduan etortzen dira eta nik etxean hartzen ditut. Ez da bakarrik hori. O sea, ahal dezakegu baita ere geratu, hirian norbaitekin, couch surfing-eko norbaitekin ba zerbait hartzeko, edo hiria ezagutzeko, eta abar.

Esataria 1. Orduan bidaiatzeko filosofia bat da Maider hau, eta merke bidaiatzeko modu bat ere bai. Zu munduko edozein hiritara bazoaz eta sare horretan izena emanda dagoen norbait aurkitzen baduzu bere etxean lo egin dezakezulako.

Maider. Hori da. Bai,eta adibidez, ba ez zara joaten turista bat bezala hotelera eta ematen dizueten foiletoetan oinarritu. Baizik eta bertako jendearekin egoten zara eta kulturalki beste hartu-eman bat dago, ez? Konpartitzen dituzu gauza pila bat, beste gauza batzuk ikasten dituzu. Eta adibidez, toki hartako, komilla artean, sekretuak edo esaten dizkizu pertsona horrek. Ba agian turista bezala joango bazina ikusiko ez zenituen lekuetara iristen zara, adibidez.

Esataria 1. Zein da lege-konpromisua? Zuk couch surfing sarean izena ematen duzunean, zure konpromisua da sofa bat eskaintzea norbaiti?

Maider. Ez. Ez daukazu inongo konpromisorik? Zu ez zaude derrigortuta (behartuta) ezertara. Ez dakit, zuk ez baldin baduzu zure etxeko sofa libre, ba, e, dago aukera bat jartzeko edo libre daukazun, edo zerbait hartzeko, coffe or dream, zerbait hartzeko geratzea nahi baduzu, edo bidaiatzen ari bazara momentu horretan ba ezin duzu etxean inor hartu ezta (ere). O sea que, inongo konpromisorik ez daukazu.

Esataria 1. Maider, zuk noiz izan zenuen ekimen honen berri?

Maider. Ba 2007an, lagun baten bidez.

Esataria 1. Eta behin izena emanda zenbat lagunek egin dute lo zure sofan, Maider?

Maider. Ba hogei bat denera.

Esataria 1. Eta ze harreman sortzen da?

Maider. Ba harreman oso ona. Bai, e, normalean profil horretan dauden jendea bidaiariak izaten dira, abenturazaleak (dagoen jendea bidaiaria izaten da, abenturazalea). bueno kultura, kultura daukaten (daukan) jendea izaten da. Orduan etortzen dira eta bai ba, hasieran ez gara ezagutzen baina bueno, nola etxea konpartitzen duzun, afari bat konpartitzen duzun eta espazioa konpartitzen duzun, eta normalean hizketa-gaiak edo ba bidaiari, kulturari, politikari edo tokiei buruzkoa izaten da. Orduan harreman oso ona sortzen da. Ba adibidez, ez dakit, sukaldean sartzen zara berarekin eta zerbait prestatzen duzu edo… O sea, oso gertuko harreman sortzen da.

Esataria 1. Hori kanpotarrak zurera etorri direnean, eta zu kanpora joan zarenean couch surfing-aren bidez?

Maider. Berdina. Niri (ni) ba oso jende eskuzabalak hartu nau. Eta oso, oso eroso sentitu naiz. Bai. Dena eman didate. O sea, bere etxea eskaintzen dizute, lotarako toki bat, ba hori, zerbait prestatu dugu batera, edo ez dakit, beraien bizikletak uzten dizkizute hiritik paseatzeko edo beraiek eramaten dizute (zaituzte) hiria bisitatzera baita ere.

Esataria 1. Ze profiletako jendea da batez ere hemen izena emanda dena, dagoena?

Maider. Ba denetik. Ez dago, nik uste ez dagoela profil konkretu bat. Ba ikasleak, langileak, bueno, asko abenturazaleak dira baina ez dago hola profil konkretu bat, denetariko jendea dago eta adin guztietakoak.

Esataria 1. Eta nola jakin, Maider, etxean hartzen duzuna fidagarria den edo zu zoazen etxeko nagusia ba fidagarria den?

Maider. Ba bueno, hor daukagu gure profil bat, lehen esan bezala. Eta bueno, zuk zeure burua deskribatzen duzu. Gero daude beste, beste toki batzuk zure profilean beste jendeak zureganako duen iritzia ematen dutena. Orduan daukazu zuk zeure burua nola deskribatzen duzun eta beste jendeak zurekin izandako harremana baloratzen duen beste tokitxo bat duzu hor. Eta horren arabera ba erreferentziak jasotzen joaten zara, eta zure profila osatzen baita ere, kontaktuekin.

Esataria 1. Maider, une honetan norbait badaukazu etxean?

Maider. Ez. Une honetan ez.

Esataria 1. Eta ez dakit, datozen asteetarako ere, eskaririk ez.

Maider. Bai, ba astero izaten ditugu eskariak. Bai, gainera Donostia, bueno, oso toki turistikoa da. Eta…

Esataria 1. Ez zarete aspertuko orduan, ezta, zuenean?

Maider. Ez. Ez. Aspertzeko denborarik ez dago.

Esataria 2. Entzuten ari zarete ez? Jon, Iñigo eta Javier, couch surfing-a. Zuek egingo al zenukete hau?

Javier. Nik ez.

Iñigo. Ez daukat etxe txukunegia, hola, erakusteko modukoa, egia esan. Eta gainera denbora gutxi egiten dut bertan, baina nire arrebak egiten du eta…

Esataria 2. Esan zenigun. Bai. Eta bera gustura zegoela.

Iñigo. Bai. Bai.

Esataria 2. Jon Larrañaga ez dut imajinatzen.

Jon. bueno. Depende. Igual bai. Ez dakit. Egia da, ni orain pisukidearekin (etxekide) bizi naiz… Orduan orain ez jat (zait) batere inporta. Igual zure etxea bada eta oso, egoera… Ondo ipinita badaukazu, igual, ez dakit. Baina niri gustatzen jat (zait) ideia, batez bere (ere) ikasleekin edo jende gaztearekin.

Esataria 2. Javier, ez. Zuk ez zenuke egingo?

Javier. Ez. Niri gustatzen zait askotan bakarrik joatea. Eta inorekin harremana ez izatea kanpoan.

Esataria 2. Bakarrik egotea gustatzen zaizu eta...

Javier. Bai. Asko. bueno, badut epe bat lasai ibiltzeko. 5, 6, 7 egunetakoa. Eta handik aurrera hobe baten batekin hitz egitea, ez?. Baina gustatzen zait nire kabuz ibiltzea.

Esataria 2. Baina 5, 7 egun behar dituzu zu bakarrik egoteko, kanpora joandakoan eta…

Javier. Oso. Oso polita da.

Jon. Hor ere dagoz (daude) nibelak. Dago, couch-a dago, sofa bera konpartitzea (partekatzea), gero, gela bat konpartitzea, edo etxe guztia konpartitzea. Niri gustatzen jat (zait) gehiago igual gela edo etxea. Igual couch bat bakarrik iruditzen jat (zait), joan lotara ez dakit noren etxera han sofan egiteko lo…

Esataria 2. Gutxi samar bezala, ez?

Jon. E?

Esataria 2. Gutxi samar bezala.

Jon. Bai. Niretzat bai. Nik uste zenbat eta… Niretzat, niretzat behintzat da edade (adin) gauza bat. Zenbat (eta) gazteago zaren ba lehenengo zara sofan, hori, hori konpartitu (partekatu) leike (liteke) errazago, eta gero gela bat, gero ya etxea… Zenbat eta nagusiago ba…

Esataria 2. Hala ere, Jon, zuri ez dizu pegatzen Javierri bezala 5, 6 egun bakarrik egotea eta isilik egotea.

Iñigo. Isilik ez.

Jon. Isilik ez. Isilik ezin.

(barreak)

Esataria 2. Zaila izango litzateke. Couch surfing-ari buruz ari gara. Eta sarean aurkitu dugun beste lagun bat Asier da, e! Asier, zuk kontatu nolakoa den zure couch-a, sofa.

Asier. Nire couch-a. bueno, berez couch-a (izan) beharrez, couch-a sofa edo, ohea da, bai? Azkenean logela txiki bat badauka libre eta hortxe egoten dira.

Esataria 1. Orduan zuk couch surfing-ean izena eman duzu baina ez duzu sofa eskaintzen, logela osoa eskaintzen duzu?

Asier. Bai. Aukeran. Bakoitzak azkenean aukeran daukana eskaintzen du. Beste askotan ba igual barkua edo zorua, depende.

Esataria 1. A, zoruek ere balio dute?

Asier. Bai. Azkenean bai. Bai. Ze askotan igual ez dakit, birentzako lekua daukazu, lau azaltzen dira. Eta moldatzen zara ahal duzun moduan eta…

Esataria 1. Zein da filosofia honen muina?

Asier. Ez dakit. Bakoitzak azkenean bere esperientzia propioa izango du eta bere interesa. Ez dakit. bueno, ez dakit, azkenean bakoitza pertsona da eta bere interesak dauzka. Baina uste dut ideia orokorra behintzat elkar-trukea dela. Eta ezagutzea batez ere. Eta elkar-trukea, bai, ere bai.

Esataria 1. Eta zure interes pertsonalak zeintzuk dira?

Asier. Asko. Ba bai. Elkar-trukea batez ere. Ez dakit. Askotan ez?, kexatzen gara gure mundu txiki hauetan bizi garela, ezta? Eta ba ez dakit, ideia hori da. Eta skotan oso dibertigarria da, ezta? Eta sartzen duzu jendea etxean eta daukan, daukazun onena ematen duzu eta horretan saiatzen zara, ezta? Eta azkenean ez dakit, ez da ere hola filosofia sakon bat, mundua aldatzearen nahia edo; ez. Askotan gauza xume, txiki bat egitea, ez?

Esataria 1. Azkena zure etxean nor izan da?

Asier. Ba azkena, ba Sevillan bizi zen, baina frantsesak ziren. Bi. Bi lagun. Bi, bi tipo. Bai.

Esataria 1. Eta zenbat lagun, zenbat gau egin zituzten zure etxean?

Asier. Ba hiru edo… Hiru. Bai. Normalean bai. Normalean bai. Hiru, bi. Hiru gau egiten dituzte.

Esataria 1. Azkenean hostal moduko bat bihurtzen da orduan zure, kasu honetan, gela.

Asier. Ez. Ez da hori ideia. Ez. Ez. Ez. Ez. Ez. Ze azkenean saiatzen, o sea, badago jendea, ez dakit… Gero ere zuk ere badaukazu zure eskaera filtratzeko aukera, ez? Eta ba esaten dizut bakoitzak ere bere planak daramazki (daramatza) eta zuk ere zure bizitza daukazu, ezta? Ni adibidez saiatzen naiz, ez dakit, segun eta zein eskari ez dut onartzen. Baina ez da ezergatik baizik eta ez daukadalako horretan interesik, ez? Eta askotan ikusten duzu jendeak bilatzen duela hori, ba hostal edo ostatu, doaneko ostatua, ez? Eta ideia ez da hori. Ideia da ba jendearekin egotea, ezagutzea, batez ere herria ezagutu, edo jendea ezagutzea, ez? Istorio ezberdinak. Ez dakit: ezagutu, ez? Eta horretarako behar duzu elkar-trukea, ez? Eta orduan askotan ez da lotara etortzea baizik beraiekin ba bueltaxka bat ematea, ez? Inguruak erakutsi edo. Ez dakit. Hori da pixka bat ideia, ez?

Esataria 1. Eta zuk azkena ze sofa surfeatu duzu, non izan zara, Asier?

Asier. Ba ni egon, egon, egon lotan eta ez. Nik ezagutu nuen gai hau orain duela bi urte edo Argentinan. Bidaia bat egin nuen bakarrik eta. Eta zentzu horretan, azkenean bakarrik bidaiatzen duzunean beti oso irekita zaude, ba jendea ezagutzera eta hitz egitera eta.. Eta Cordoba inguruan eta ezagutu nuen neska bat autobus bidaia batean eta, eta harekin.

Esataria 1. Zuk etxean norbait hartzen duzunean beraiekin buelta bat ematera zoaz, Donostia inguruko toki turistikoak eta ez hain turistikoak erakusten dizkiezu.

Asier. Um. Um. Bai. Bai. Normalean bai. Nire heat paradea da Donibane, Pasai Donibane. Ze etxetik eta oso gertu daukat. Eta bueltaxka bat ematea, eta han bueno, txalupan eta pasatzen dira eta oso kuriosoa egiten zaie, eta hori da pixka bat nire, nire eskurtsio (txango) tipikoa. Eta gero ere beste askotan, depende ba zelako jendea den edo ze interes dauzkan, ez? Beste batzuk ba pintxo batzuk jatera joaten dira eta beste batzuk igual mendia ikusi nahi dute, ba ez dakit, bueltita bat eman dugu, ez dakit. Aralar aldera edo, ez dakit. Nafarroako iparraldera edo holakoak. Eta gero Iparraldera ere bai. Ba Donibane Lohizune eta holakoak. Horiek izaten dira normalean. Eta gero Getaria eta kostaldea eta. Hori izaten da pixka bat.

Esataria 1. Euskal Herrira jende asko etortzen da?

Asier. Bai. Eta Donostiara askotxo. Bai. Batez ere, hombre, depende, garai honetan ya gutxiago baina udaran nahiko jende etortzen da. Bai.

Esataria 1. Agendan datozen egunetarako edo asteetarako norbait bai?

Asier. Ba egia esan eskaera bat badaukat baina erantzun gabea.

Esataria 1. Eta baiezkoa emango diezu edo duda-mudatan zaude?

Asier. Ba duda-mudatan nabil ze azkenean nahiko lanpetuta nabil eta nekatu samar. Eta egia da ere holakoak, ez dakit, igual aste bukaeran baldin bada eta zure, zure plan propioak dauzkazu batzuetan edo. Eta askotan ere astean zehar baldin badatoz pixka bat nekagarria ere suertatu daiteke. Depende.

Esataria 1. Ba Asier, eskerrik asko, couch surfing-a zer den esplikatzeagatik.

Asier. bueno, ez dakit. Saiatu naiz behintzat. Ez horregatik.

Esataria 2. bueno, hortxe dago e!

Esataria 1. Couch sorfing-a eta hau webgunea, www.couschsurfing.com , bertan izena eman eta, eta probatu, jendea ezagutu…

Esataria 2. Eta horrela egiten da bidea. Beraz, nahi duenak hortxe dauka.

Esataria 1. Sofa bat, lur zati bat nahikoa da, logela bat baldin badaukazu ya ezin hobeto.

Jon. Bai; Asierrena gehiago gustatu jat (zait), logela bat. Hori da, nik horrekin komodoago (erosoago) sentitzen naiz.

Esataria 2. Bai. Egia esan sofa triste bat.

Jon. Eske horrelakoa da… Sofa, eta bera garbi dagoen eta aber (ea) zelakoa den. Behintzat logela bat, zer edo zer daukazula..

Esataria 1. Orduan nahiago sofa garbi bat logela zikin bat baino, e, Jon?

Jon. bueno, bere (ere) bai, baina logela bat ipintzen dozunean (duzunean) ya normalean nik ohe normaltxo bat espero dot (dut). Nik eske ikasle batzuen sofa bat imajinatzen dot (dut), eta uf, izan daiteke hori oso gauza…

Esataria 2. Um. Um. Tira, hortxe dago couch-surfing-a.

 

 

 

 

 

 

detalle2

Docuteca

B2
08-01-2010

x61pRelaContWAR

16157693
00:12:18

x61pViewCountWAR

12709

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR