Donostia Zinemaldia: gertaerak eta bitxikeriak

Aurten 66. edizioa du Donostia Zinemaldiak. Gaur egun, nahiko egonkortuta dago hirian, baina beti ez da horrela izan.

Egia esan, sortu zenetik, 1953an, makina bat datu eta bitxikeria izan dira Donostia Zinemaldiaren inguruan, milaka. Zerrenda amaigabea denez, egingo duguna da aktoreak, zine-zuzendariak eta abar aipatu, horien aitzakian hainbat gertaera eta datu emateko.

 

Paco Rabal. Aktore honek irabazi zuen 1953an, Donostiako 10 merkatarik zinemaldia sortu zuten urtean alegia, gizonezko aktore onenaren saria Hay un camino a la derecha filmagatik. Beste film batek, Nous sommes tous assassins frantziarrak, frankistak sutu zituen espainiar erbesteratu batzuk kontzentrazio-esparru batean erakusten zituelako. Gobernu frankistak ez zuen zinemaldi hori egin nahi, Nazioarteko Zinema Astea alegia, zinema katolikoaren astea egitea proposatu zuen-eta. Donostiako merkatariek, ordea, uko egin zioten proposamen horri.


Gloria Swanson. Donostiara etorri zen Hollywoodeko mitoa. 1954a zen, eta Nazioarteko Zinema Ekoizleen Elkarteak B kategoria aitortu zion zinemaldiari. Dena pikutara joateko zorian egon zen frankismoak zentsura ezartzen zielako filmei eta ez zegoelako adostasunik film-banatzaile eta gobernu frankistaren artean zergei zegokienez. Edizio hau gobernu frankistak antolatu zuen, uztailean.

 


 

Miguel de Echarri. Zinemaldiko arduradun frankista 1955ean. Sariak emateko orduan, epaimahaiak saridun izendatu gabeko hainbat film saritu zituzten urte hartan. Nork aldatu zituen aktak? Zer egin zen gaizki? Kontua da, behintzat, gauzak okertzen hasten zirenean, eta urte hau izan zen horietako bat, beti zegoela prest hiriren bat Donostiari zinemaldia kentzeko. 1955ean Palma Mallorcakoak egin zuen ahalegin hori. Beste urte batzuetan ere saiatu zen, baita Bartzelona, Sevilla edo Torremolinos ere…


Alfred Hitchock zuzendariak Vértigo pelikula (Zilarrezko Maskorra) Donostia zinemaldian estreinatu zuen, mundu-mailan. Hirian ibili zen lasai-lasai, ez zuelako inork ezagutzen. Zuzendariak antigoaleko dendak zituen atsegin, eta horietako batean argazkia atera zioten. Argazkian bi gaztetxo ageri dira Hitchocki begira. Handik 47 urtera, 2016an, Donostia Europako kultura-hiria zela aitzakia hartuta, gaztetxo horiek aurkitzeko ahalegina egin zen.
Vértigo ez zen izan Hitchockek zinemaldira ekarri zuen film bakarra. Con la muerte en los talones ere ekarri zuen-eta.
 

Imanol Uribe da Urrezko Maskorra saria bi aldiz irabazi duen zine-zuzendari bakarra, Bwana eta Días contados pelikulekin. Hori zineari dagokionez. Telebistarako egindako Autor por Autor filmeko protagonista bezala ere etorri zen zinemaldira. Zazpi zine-zuzendarik gustukoen zuten musikaria elkarrizketatu behar zuten. Mikel Laboa aukeratu zuen Uribek.


Gregory Peck. Donostia saria ere garrantzitsua da. Jack Lemmonek uko egitean, Gregory Pecki eskaini zioten. Bera izan zen lehena, 1986an. Aktoreak esan zuen etorriko zela saria jasotzera, baina festibala hasteko 2 egun falta zirenean ez zela etorriko esan zuen, emaztea erdi-gaixo zeukala. Azkenean biak etorri ziren. Pilar Olascoaga antolatzaile-taldekoak lasai hartu zuen arnasa. Baina dena ez zen festa izan. Urte hartan abian zegoen frantziar produktuen kontrako boikota, eta horri lotuta, zinemaldira zetorren zine-bobina bat lapurtu zuten ezezagun batzuek, Bordelen beste kopia bat aurkitu eta ekarri zuten arte.


Bette Davis. 80 urte beteta etorri zen aktorea Donostia saria jasotzera. Gutxira hil zen. Antzeko zerbait gertatu zitzaion Anthony Perkinsi ere, saria jaso eta gutxira hil zela. Orduan hasi zen saria madarikatu ospea hartzen, baina 40 aktore baino gehiago etorri dira saria jasotzera (Lauren Bacall, Al Pacino, Carmen Maura, Jessica Lange, Julia Roberts…) eta ez dago madarikaziorik.
 

Oliver Stone. 1986an negarrez hasi zen Anoetako Belodromoan. Ez zen gutxirako! Belodromora ia 300 metro karratuko pantaila erraldoiaren aurrera bildutako 5.000 ikus-entzuleek txalo-zaparrada izugarria eskaini zioten berari eta Salvador bere filmari, AEBn eta Cannesen arrakasta gutxi izandako filmari. Zinemaldiaren orduko zuzendaria ere, Diego Galán, pozik zegoen. Belodromoa zine-areto bihurtzen hasi zirenean soinu-teknikariek ez zuten asmatzen inondik ere: soinua ez zen toki guztietara heltzen, beste toki batzuetan izugarrizko oihartzuna sortzen zuen… Kataluniako bi soinu-teknikarik egin zuten miraria. Galanek kontatzen du liburu batean aiton itxurako bi gizon haiek ikusi zituenean lehen aldiz etsitzeko zorian egon zela, baina dena ondo atera zen, eta Oliver Stone berriro itzuli zen belodromora beste film batekin.


Glenn Close. Donostia sariduna hau ere. Baina saria bezainbat gustatu zitzaizkion Donostiako Parte Zaharreko pintxoak. Hemengo gastronomiak txoratutako beste bi aipatzegatik: bata Kirk Douglas eta bestea Claude Chabrol zuzendaria.

 


 

Nestor Bazterretxea. Normalean zinemaldiko zuzendaria pertsona bakarra izaten da: Olaziregi, Rebordinos… Ez zen hori gertatu Nestor Bazterretxea eskultorearekin, beste bi kiderekin batera zinemaldiko zuzendaritzaren kargu egin baitzen. Urte batzuk lehenago, 1968an, Ama Lur aurkeztu zuen: dokumentaleko zuzendariak, Bazterretxea bera eta Fernando Larruquet izan ziren. Frankismoa beldur zen dokumentalak euskal nazionalismoa indartuko ote zuen, eta bestetik, beldur zen Frantziako Maiatzeko iraultza Espainiara helduko ote zen. Bazterretxea zuzendari izan zen urtean emakumeek egindako hainbat film ekarri zituzten eta hitzaldi-sorta bat antolatu gaiaren inguruan.


Edurne Ormazabal. Urteetan bera izan da zinemaldiko hasierako eta bukaerako ekitaldietako euskal aurkezlea. Bere lan onari eta glamourrari esker, zinemaldiari izen ona eman dion euskal ordezkarietako bat.

 


Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga. Loreak pelikularen zuzendariak. Lehen aldiz, euskaraz egindako film bat zinemaldiko atal nagusian lehiatzen zen. Hori jada bazen sari bat. Gero beste batzuk etorriko ziren.


Ramon Agirre. Euskal zinemagintzari eskainitako atalean, urte hauetan guztietan egindako lanagatik Zinemira saria emango diote 2018an Victoria Eugenia antzokian. Merezita.


The End.
 


B2
21-09-2018
16146380
2410