Dokuteka
Dirua izanez gero, enpresarik jarriko al zenuke?
Abenduaren 22an loteriaren zenbakietan izugarrizko esperantza jartzen dugu: tokatuz gero, zer? Luis Aranberri "Amatiñok" galdera bat luzatzen du: Zer egingo zenuke diru horrekin? Enpresa bat jarriko al zenuke?
Amatiñok uste du gehienok ezetz erantzungo geniokeela galdera horri. Bere ustean, enpresa batek buruhauste asko eta poz gutxi ematen du; hobe besteek sor dezatela eta hor konpon, Marianton.
LUIS ARANBERRI “AMATIÑO” KOLABORATZAILEA. Astebete joan da norbaitek 17 milioi euro irabazi zituenetik Villabonan ONCEren sariketan. Oraindik ez da jakin irabazlearen berri eta horretara, kazetariek ezin izan diote galdetu zer egingo ote lukeen diru horrekin. Jakinekoak dira ohiko erantzunak: zorrak ordaindu, etxea erosi, bidaia egin… Ez diot sekula inori entzun enpresa bat sortuko lukeenik.
Irabazlea ezagutzen ez dugunez, zuri, entzule, doakizu galdera zuzena: 17 milioi euroko saria irabaziko bazenu, enpresarik jarriko al zenuke? Ez dizut erantzunik entzun baina, um!, ez dut uste. Jakina, bakoitzak gura duena egin dezake, baina ezin izango zenuke esan, behintzat, diru faltagatik izango litzatekeenik.
Enpresarik sekula jarriko ez dugunok besterik uste arren, enpresa sortzea ez da erraza. Gehienok nahi dugu beste norbaitek enpresak sortu ditzan, gainontzekook non lan egin izan dezagun. Nekez pentsatzen dugu, ostera, gu enpresari bihurtzea, guk lanpostuak eskaintzeko. Ez da diru-kontua, jarrera-kontua da.
Hain zuzen ere, ez dago garbi enpresa jartzea errentagarria denik. Hasteko, Billabonako irabazlea ezagutu aurretik, Diputazioak aurreratu du17 milioi horietatik %20ko zerga eskutik kobratuko duela berak. Tira, ez da asko: enpresa jarri eta 17 milioi irabaziko bazenitu, Diputazioak erdia-edo kenduko lizuke; hau da, zerga gutxiago du jokoan irabazitako diruak lanekoak baino.
17 milioi horiekin enpresaren bat sortuko bazenu, inork ez lizuke ezerk eskertuko, eta mundu guztia eskale bihurtuko litzaizuke: Administrazioa, Ogasuna, bezeroak, langileak, sindikatuak, bankuak… Eta gainera, denekin konplitu ostean dirua irabaziko bazenu, ez zintuzkete ondo ikusiko. Beraz, erosoena eta errentagarriena da ezer ez egitea, isilpean geratu, dirua koltxoi barruan gorde eta hor konpon, Marianton. Zertarako bizitza konplikatzen hasi!
Arazoa da, baina, heldu garela heldu garen lekura gure aurretik izan zirelako euren bizitza konplikatu nahi izan zuten gizon-emakumeak, eta martxa honetan, ez dakit ba nik, gure ondorengoek beste horrenbeste esaterik izango ote duten. Esaera zaharrak dioenez, jokoa ez omen da errenta. Beharbada ez, baina enpresarik eza, behintzat, seguru gero ezetz.
