Winston Churchill, Hitlerri aurre egin zion agintaria

Duela 53 urte -1965eko urtarrilaren 24an- hil zen Winston Churchill, joan den mendeko politikan giltzarria izan zen agintaria. Adituen arabera, Bigarren Mundu Gerrako norabidea aldatu zuen gizona.

Audio honetan, Churchillen bizitzako zenbait zertzelada emango dizkigute eta Ludger Mees historialariarekin hitz egingo dute. Meesen ustez, Churchillen erakutsi zuen tinkotasunik gabe, gaur egun beste Europa bat ezagutuko genukeen.

Churchill, Roosevelt AEBko presidentearekin


Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

KAZETARIA. Joan den mendeko politikan giltzarria izan zen agintari bat gogoratuko dugu efemeridearen tartean: Winston Churchill. Duela 53 urte, 1965eko urtarrilaren 24an hil zen. Adituen arabera, Bigarren Mundu Gerrako norabidea aldatu zuen gizona. Igotz Alkorta.
IGOTZ ALKORTA KAZETARIA. Oscarretarako lehian ariko den Darkest Hour filmak berriz lehenera ekarri du Winston Churchill, zalantzarik gabe ezohiko politikaria. XIX. mende-amaieran britainiar armadan karrera egina, kazetaria, idazlea eta margolaria izan zen, besteak beste. 1900. urtean egin zuen armadatik politikarako jauzia, baina ardura nagusiak bizitzako azken zatian izan zituen. 1939ko amaieran, Hitlerrekiko hurbilpen-saiakerek eta gerrako lehen urratsek porrot egin ostean, Chamberlain Erresuma Batuko lehen ministroak dimisioa eman zuen. Churchillek argi zuen Hitlerren aurkako jarrera tinkoa eta, horrek lagunduta, 1940ko maiatzean lehen ministro izendatu zuten, bizitza osoa markatu zion agintaldia.Ludger Mess, EHUko Historia-irakaslea.
LUDGER MEES IRAKASLEA. Gobernua hartu zuenean, ia-ia esango genuke, Europa osoa Hitlerren tropen menpe gelditzen ari zela: Frantzia, Belgika, Holanda ere bai, inbaditzen ari zen momentu horretan; oso erraz, gainera, lortu zuen hori guztia, eta Churchill izan zen pixka bat zutik gelditu zen bakarra. Eta gainera, bere gobernuan ere kide batzuk, gaur egun badakigu, ba izan ziren garai horretan Hitlerrekin aparteko bakeak egiteko aldekoak, ezta? Eta Churchillek behin eta berriro ezetz eman zien, eta eutsi egin zuen.
Kargua hartu berritan, Dunkerken 250 mila soldadu, armadaren zati handi bat, ozta-ozta erreskatatu zuen, eta ondoren, tropei eta herritarrei indarra emateko sarri ohi zuen moduan, mezu hau eman zuen irratitik: “Konfiantza osoa dut guztiek egin beharrekoa eginez gero, atzera jo gabe, gauzak behar bezala prestatuta, egiten ari garen moduan gai izango garela gure etxea den irla hau defendatzeko, gerraren ekaitza jasateko eta tiraniaren mehatxuari aurre egiteko. Beharrezkoa bada urteetan egingo dugu, eta beharrezkoa bada, bakarrik, etsi gabe”.
Roosvelt, Estatu Batuetako presidentearekin zituen harreman onek lagundu zuten Bigarren Mundu Gerraren bilakaeran, eta horrela errealitate bihurtu zen Churchillek bi behatzak gora eginez, V eran, garaipena adierazteko egiten zuen irudia. Baina oro ez da urre. 1945ean boto-kutxetan lehen ministro kargua galdu zuen.
LUDGER MEES IRAKASLEA. Aurreko urteetan britainiar gizartea oso egoera larrian bizi izan zen. Eta orduan, gerra amaitutakoan, sekulako gogoa zegoen arlo sozialean gauzak aldatzeko, ezta? Eta horretarako, jende gehienak ba ez zuen ikusten Churchill, jende gehienak ikusten zuten Churchill gerra-gidari bezala, baina ez gizarte juxtuago eta hobeago bat eraikitzeko gaitasunik ez zioten ikusten, ez?
IGOTZ ALKORTA KAZETARIA. 1951n, ordea, berriz lortu zuen lehen ministro kargua, beste agintaldi bat eginez, baina lehen agintaldiak markatuko du betirako.
LUDGER MEES IRAKASLEA. Distantzia historikotik ikusita, Churchillen tinkotasuna eta laguntza hori ezean, seguru gaur egungo Europak beste aurpegi bat edukiko zuela.
IGOTZ ALKORTA KAZETARIA. Paradoxikoki, Churchilli bizitza osoan eskaini zioten sari nagusia idatzizkoa izan zen, Literatura Nobela eskuratu zuen 1953an; hori bai, Bigarren Mundu Gerrako kontakizunak oinarri zituen memoriengatik izan zen.    

 

B2
25-01-2018
16140476
00:03:39
1423