Dokuteka
Dalí, ertz askoko artista
Joan den mendeko artista handienetako bat dugu Salvador Dalí. Surrealismoaren ordezkari garrantzitsuenetako bat izan zen. Oraindik ez da bere oihartzuna isildu.
Berak esana da: "Munduan 2.000 Picasso, 20 Dalí edo 50 Einstein baleude, mundua ez litzateke bizitzeko modukoa izango". Audio honetan duzu bere biografia laburra.
Margolana, Cisnes reflejando elefantes
KAZETARIA 1. Gaur, efemeridearen tartean, joan den mendeko artista handienetako bat gogoratuko dugu. Salvador Dalí, surrealismoaren ordezkari garrantzitsuenetako bat izan zen. Duela 29 urte hil zen artista, oso bezain polemikoa. Igotz Alkorta.
KAZETARIA 2. XX. mende-hasieran, 1904an, Gironako familia aberats baten jaioa, oso gaztetatik izan zuen arterako joera. Aitak antolatu zion lehen erakusketa, Salvador gazteak 14 urte zituela. 1922an, Madrilgo Ikasle-egoitza ezagunean Lorca edo Buñuel bezalako artisten adiskide egin zen. Pertsonalitate handikoa zen ordurako, eta akademiatik kanporatu egin zuten. Berak esana da: “Ez dago hemen nire lana ebaluatzeko maila duen inor”. Parisera egin zuen orduan. Picasso edo Miró ezagutu zituen. Baina bertan bereziki surrealismoaren munduan murgildu zen, mugimendu artistiko honen erreferentzia nagusienetakoa bihurtuz. Dena den, mugimendu edo diziplina artistiko baten gainetik, artista osoa izan zen Salvador Dalí. Andere Larrinaga, EHUko Artearen Historiako irakaslea.
ANDERE LARRINAGA IRAKASLEA. Atxikitzen dugu surrealismora, baina Dalí da Espainiako abangoardia artista interesgarrienetakoa ere bai. Izan zuen oso traiektoria interesantea gerra zibila baino aurretik, Madrilgo Residencia de Estudiantes-en izan zen figura dinamizatzaile bat. Eta ilustrazioa egin zuen. Ba Buñuelekin egin zituen gidoiak, bai pelikulak egiteko, pintura egiten zien… Teoriko gisa ez da makala: ditu testu oso interesgarriak.
KAZETARIA 2. Salvador Dalí pertsona eta artistari behin baino gehiagotan pertsonaia gailendu zitzaion.
ANDERE LARRINAGA IRAKASLEA. Sortu zuen pertsonaia bat. Horretan aurreratu egin zen gero zenbait artistak ostera egin dutenera, ezta? Pop artekoak edo, bai? Ba pertsonaia bat sortu zuen eta horrek laguntzen zion, gainera, bere estrategia komertzialean.
KAZETARIA 2. 1977an hau zioen bere buruaz bibote luzeko artistak. “Nire burua geroz eta gehiago miresten dut, baina orduan eta gehiago jabetzen naiz hondamendi bat naizela. Munduan 2.000 Picasso, 20 Dalí, edo 50 Einstein baleude, mundua ez litzateke bizitzeko modukoa izango; baina lasai, gu bezalakorik ez dago”.
Arlo politikoan ere polemiko. Bigarren Mundu Gerraren ostean Espainia frankistara itzuli izanak aurkakotasunak eragin zizkion beste artisten artean. 1949an Cadaqués-en kokatu zen Gala, bizitza osoan musa izan zuenarekin. Hainbat elkarrizketatan apolitikoa zela esan arren, erregimenarekin, nolabait, bat egin zuen.
ANDERE LARRINAGA IRAKASLEA. Bigarren Mundu Gerraren ostean, bueltatzen denean, Erregimenaren alde egiten du. Orduan, abangoardiako artista askoren profilean badago hori: batzuek ezkerrera jo zuten, eta beste askok argi eta garbi eskumara. Egia da harrigarria dela, ze berak lagun izan zituen beste mugan zeuden asko.
KAZETARIA 2. Salvador Dalí, ertz ugariko artista handia. 29 urtek ez dute ez bere oihartzuna isildu.
Letra urdinez gaiarekin lotutako espresioak
