Lurraren ilargiak

Gure Lurrak zenbat Ilargi dituen ba al dakizu?

'Teknopolis' saioa urrutira joan da, erosotasunetik urruti eta baita gure planetatik ere, erronka bila. Ilargiari buruzko datu guztiak, bideo honetan.


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Esataria.- Zenbat ilargi ditu Lurrak? Bat, noski, ilargia, gure ilargia. Armstrongek zapaldu zuena eta egutegietan, olerkietan eta beldurrezko eta maitasunezko istorioetan maiz agertzen dena. Pink Floyden disko baten protagonista ere bada.
Ilargiari buruz denetik esan dute. Gaztazkoa dela, basoak eta itsasoak dituela, bere ezkutuko aldean base sekretuak gordetzen dituela, denetik. Pentsa, ilargi bat baino gehiago daudela esan izan da, eta horrek bueltan ekartzen digu hasierako galdera: zenbat ilargi ditu, bada, Lurrak?
1986 baino lehen, argi zegoen, ilargi bakarra, baina ordutik, zalantzan daude. Urte hartan astronomoek Cruithne izeneko harri koxkor bat aurkitu zuten Lurretik gertu, orbita batean sartuta. Lurraren bigarren ilargia izan zitekeen. Beraz, adi begiratu zioten.
Ez zen erraza izan, Cruithne txikia delako eta urruti dagoelako. Bost kilometroko diametroa besterik ez du eta hamabi milioi kilometrora dago Lurretik gertuen dagoenean.
Ilargiak, gure ilargiak, aldiz, ia hiru mila eta bostehun kilometroko diametroa du eta gehienez, laurehun eta sei mila kilometro urruntzen da Lurretik. Astronomoek eskura dute ilargia eta Cruithne, ez.
Hala eta guztiz ere, astronomoek neurtu, kalkulatu eta ikertu dute Cruithneren orbita eta emaitza harrigarria izan da: ez du birarik egiten Lurraren inguruan, baizik eta Eguzkiaren inguruan. Lurraren ondoko espazioan dabil, euli bat behi baten inguruan dabilen bezala, baina ez Lurraren orbitan.
Hortaz, zenbat ilargi ditu Lurrak? Bada, bat eta bakarra, espero genuen bezala.
 

B2
01-02-2017
16138935
01:55
3346