Dokuteka
Bitoriano Gandiaga, elorri beltzaren lore zuria
Mendatan, Bizkaian, jaio zen 1928ko urriaren 8an Bitoriano Gandiaga poeta. 2001eko otsailaren 21ean hil zen, Arantzazun.
Mendatako idazleak Elorri izeneko oso liburu ederra egin zuen, kromatismoz betea. Jose Antonio Agirre saria jaso zuen liburu liriko horrek.
Idazle askok ederretsi dute, goraipatu, Gandiagaren hizkera. Hala ere, euskara irakatsi nahi izan zuenean, irakasteko titulu ofizialik ez nonbait, eta hala esan zuen Txillardegik: “Komeria batzuk ezagutu zituen euskara irakasteko. Gure hizkuntza ez zuen bide ondo ezagutzen... Otoi!”
Sariak sari, arrakasta gutxi izan zuen Elorrik, ez omen zelako garaiko poesia, eta isiltze luze baten ostean, Hiru gizon bakarka idatzi zuen, Euskal Herriaren minaz eta saminaz. Ostean, Uda batez Madrilen, Denbora galdu alde, Gabon dut anuntzio eta Ahotsa behartu gabe disko-liburua etorriko ziren.
Azken urteetan monumentu megalitikoak bilatzen aritu zen Gandiaga hainbat aditurekin. Bestalde, Joxean Agirreri irakurri diogunez, 4.000 pago-landare sartu zituela omen zioen Gandiagak. Naturak eskertuko ahal dio Arantzazuko frantziskotarrari!
Bitoriano Gandiagaren Denbora Galdu Alde (Erein, 1985) liburutik Gandiagak Bitorianori izeneko bertso-sortatik batzuk aukeratu ditugu. Bere buruari hitz egiten dio Bitorianok.
Frustrazioak hartu zintuen
jaio orduko semetzat,
geroztik ez da beste aitarik
inon gertatu zuretzat,
gura eta ezin, ezin ta gura
utzi zizun ondaretzat,
ahaleginaren alferrikoa
ukan zenezan zortetzat.
Desorekarik bada zuretzat
beste zergauzen artean,
ezin baitzara moldatu inon
zeure gustuen heinean,
oskol gabeko arrautza zara
habiako txotx gainean,
olioak berak min daragizu
luma gozoz ukitzean.
