Hiritik ihesi

Herria atzean utzi eta hirietarako bidea hartu zuen jende askok duela urte batzuk. Orain, joera hori aldatu egin da eta asko dira hirietatik herrietara itzuli direnak. Husteko bidean ziren herriak betetzen ari dira eta, batez ere, jende gaztea da bide hori hartu duena bizimodu lasaiago baten bila.

Baserriko lanen gogortasuna atzean utzi eta hiriguneetara ihesi joan ziren gure aurreko belaunaldietakoak. Azken boladan, ordea, kontrako joera hazten ari da gazteen artean: gero eta gehiago dira hirietatik herri txikietara doazenak.

Bizimodua lasaiagoa da Aramaion. Argazkia: Paulo Etxeberria (CC BY-NC-SA 2.0)

Arrazoiak ugariak dira. Adituek diote pandemiak eragina izan duela zenbait kasutan. Balkoirik edo terrazarik gabe, pisu txikietan… beste inguru batekin amesten igaro dute batzuek etxealdia. Horietako zenbait herrian bertan aukera hobea bilatzen ahalegindu dira. Beste batzuek, aldiz, landa-eremuko herrietara joateko urratsa eman dute.

Azken joera hori, hala ere, ez da berria. Hiriko etxebizitzen salneurria edo alokairua ordaindu ezinik, landa-eremuetako herriak hazi egin dira azken hamarkadan. Baina jendeak bizitokia aldatzeaz aparte, beste aldaketa batzuk ere bilatzen ditu: bizimodu lasaiagoa, seguruagoa eta solidarioagoa…

Landa-eremuko bizitzarekin aspalditik egiten zuen amets Maitane Garciak. Argazkia: Maitane Garcia

Baserria amets
Barakaldo jaioterri eta Gasteiz bizitoki izan du azken urteetan Maitane García ingeniariak. Duela sei bat hilabete erosi zuen baserri bat Aramaion, bikotekidearekin batera. Herriak 1.500 biztanle inguru ditu eta oso gustukoa dutelako joan dira bertara, baita bien lantokitik gertu dagoelako ere.

Landa-eremuko bizitza aspalditik amesten zuen 29 urteko gazteak. Gogoratu duenez “aititek beti izan du baratzea eta txikitako oroitzapen oso politak ditut berarekin bertan. Beti gustatu izan zait”. Mutil-laguna gereñotarra du, eta hasiera batean haren gurasoen soroan ibili ziren barazkiak landatzen. Horrela ohartu ziren nekazaritza “pasioa” zutela eta, etorkizunean, lursaila zuen etxe batean bizi nahi zutela.

Lau urtez izan dute ideia hori buruan. Denborarekin ikuspuntua moldatzen joan dira, aukera desberdinak aztertzen, baserriaren aldeko hautua egin arte. Zaletasunak eta zenbait xedek eraman ditu herrira: burujabe izateak, inguru lasai batean bizitzeak eta naturarekin lotura berreskuratzeak, batez ere.

Gasteizek eguneroko bizimodurako abiadura oso handia du. Argazkia: Santiago Lopez Pastor (CC BY-SA 2.0)

Ingurukoek, oro har, erabakia ondo hartu zutela dio Garcíak, nahiz eta barre artean aitortu ez dakiela oso “zintzoak” izan ziren. “Hiriko lagunei zoratuta nengoela iruditu zitzaien, mutil-lagunak eraman ninduela baserrira. Baina hura erostea nik hartu dudan erabakia izan da. Berak hiriko bizitza nahi zuen, hesiak konpondu edo belarra moztea bezalako lanik gabekoa, errazagoa”. Horrelako zeregin ugari gehitu dizkio gazteak egunerokoari: sagarrondoak kimatu, sastrakak kendu, hazitegiak jarri… Orain arte horrelakoez ezer gutxi zekiela onartu du: “Sua pizten ere ez nekien, kalekume hutsa nintzen! Baina, jada, ez dut Maitane hura gogoratzen!”. Ez du aspertzeko denborarik, baina atari zabalean egoteak estresa arintzen laguntzen dio.

Irautearen bizipoza
Herrietara itzulera, era berean, onuragarria da biztanleak galtzen ari ziren udalerri txiki askorentzat. Pozarren hartu dituzte bizilagun berriak Aramaion, edo hala iruditzen zaio behintzat Garciari. “Gazteak izanda, herria berpiztuko dugula dirudi, batez ere umeekin. Hurrengo belaunaldiak etorriko direla ikusten dute eta horrek bizipoza emango diola herriari”. Etorkizunean guraso badira, lana eta familia uztartzea hirian baino errazagoa izan daitekeela uste du. Badaki senideak gertu izan gabe zaila dela, horregatik espero du auzokideekin harremanak sendotzea eta lagunekin “tribu moduko bat” osatzea umeen zaintzan elkarri laguntzeko.

Hirian egiten ez zituen lan ugari egiten ditu orain Maitanek, Aramaion. Argazkia: Maitane Garcia

Bizimodu berrian herritarren arteko gertutasuna eta elkar ezagutzea atsegin ditu. Komunitate baten parte sentitzen da. Harakinak bere gustuak zeintzuk diren badaki, bizilagunak agurtzera joaten zaizkio etxera, auzokideak edozertan laguntzeko prest daude… “Zoragarria da. Pisuan bizi nintzenean ez nituen bizilagunak ezagutzen. Igogailuan haiekin topo egitea deserosoa zen”. Edonola ere, buruan du bikotekidearen oharpena: “tentuz ibili eta esaten duzuna neurtu. Batzuetan ezizena jartzen dizute eta urtetan bizi behar duzu horrekin”.

Orain arte alde ona soilik ezagutu du, baina ez du uste hartutako erabakiaz damutuko denik. “Paradisuan bizi naiz. Natura oso gertu daukat, loretxoak hazten ikusten ditut, koloreak aldatzen…. Dena etengabe aldatzen ari da. Hori hiri batean ez duzu ikusten”.


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Zein da Maitane Garcia?     
Maitane naiz, Barakaldon jaio nintzen, 29 urte ditut eta orain dela sei hilabete edo mugitu nintzen Aramaiora bizitzera.

Zergatik joan zineten hirigunetik herri txiki batera?     
Ba, batez ere, naturazaleak ginelako eta natura asko gustatzen zitzaigulako. Eta, orduan, herri txikietan azkenean natura oso-oso hurbil daukazu eta, beste alde batetik, orain dela bost urte edo hasi ginen baratza (baratze) bat egiten eta gure bizimodua bilakatu zen. Eta, azkenean, ba, gure etxea lursail batekin egin nahi genuen eta, horregatik, Aramaiora mugitu ginen.

Zertan aldatu da zure egunerokoa?     
Ba, nahiko (nahikoa) aldaketa, adibidez, egunero, sua piztea. Azkenean etxea berotzeko ekonomika bat daukagu eta, bueno, ni Barakaldokoa izanda, ez nuen inoiz sua pizten. Eta, orain, ba egunero sua piztu behar eta, hori, nire egunerokotasunean zeozer ba, nire egunerokotasuna asko aldatu dau (du). Alde horretatik, ba sua piztea.

Nolakoa da bizitza Aramaion?     
Ba niretzako (niretzat) Aramaio da oso baketsua eta lasaitasuna (lasaia). Niretzako (niretzat) ba azkenean lehen sektorea dago oraindik eta, hori, oso-oso baketsua ematen du (baketsua da) ez (ezta)?

“Herri txiki, infernu handi” esan ohi da. Hala da?
Ba pandemiagatik egia esan oraindik ez dut oso ondo Aramaio ezagutzen (ezagutzen Aramaio), baina nik orain arte bizi izan dudan esperientziagatik esango nuke: “Aramaio, herri txiki, paradisu handi”.

Zer dira desberdin Aramaio eta Barakaldo?     
Ba, bueno, lehen esan dudana ez (ezta)? Batez ere, ba natura, lehen sektorea be (ere) bai. Adibidez, Barakaldo oso zerbitzuetan (zerbitzuetan oso) zentratuta (zentratua) dago eta aisialdirako momentuak, batez ere, kontsumoan oinarritzen dira. Eta, adibidez, Aramaion ez daukazu kontsumitzeko aukera askorik ez (ezta)? Eta, orduan, ba beste plan batzuk bilatu behar dituzu. Eta, normalean, plan horiek dira mendira joatea edo baratzan (baratzean) egotea eta azkenean osasungarriagoak dira.

Nola hartu zuten gertukoek beste toki batera joatea?     
Ba, nik uste, ez dakit zintzoak izan diren ala ez, baina nik uste ondo, ondo hartu zutela. Beraiek bazekiten ni (nik) natura maite nuela eta gehienak etorri dira jada bisitan. Gasteizen nengoenean ez ziren askotan etortzen bisitatzera eta, orain, soilik daramat (daramatzat), ba hori, hilabete batzuk Aramaion eta pertsona asko etorri dira nire etxera bisitatzera eta nik uste gustatu zaiela.

Zuen bizitza-proiekturako leku aproposa da Aramaio?     
Ba adibidez, nire bizi-planerako, ba nik uste oso aproposa dela Aramaio niretzako (niretzat). Ze nik nahi nuen baratza (baratze) bat edukitzea eta, azkenean, ba lehengaiak edo elikagaiak ingurutik ateratzea ez (ezta)? Eta, adibidez, ba Barakaldon niretzako (niretzat) hori ezinezkoa zen. Eta, horregatik, nik uste nire bizi-planerako ba Aramaioko bizimodua nahiago, nahiago dudala.

Herri txikien etorkizunerako garrantzitsuak dira gazteak?
Bai, nik uste ezinbestekoa da (dela) gazteak herrietara bueltatzea. Azkenean idealistagoak gara eta gauzak eraldatzeko irrikarekin gaude oraindik, eta nik uste beharrezkoak garela herri txikietan gauzak aldatzeko eta azkenean belaunaldi berriak be (ere) bai ekartzeko, ez (ezta)?

Baduzu anekdotarik Aramaion ?     
Anekdota piloak (piloa) ditut (dut), baina batez ere ba, adibidez, animaliekin ez (ezta)? Orain ba txakurra daukagu, ahateak be (ere) bai, eta basoa, baserriaren atzekaldean (atzeko aldean) eta, batzuetan, basotik paseatzen ikusten genituen azeriak edo basurdeak ez? Eta, bueno, ahateak erosi genituenean ba gau batean azeriak (azeria) sartu zen eta ahateak eraman zituen eta, bueno, ba disgustua ez (ezta)? Baina bueno, horrelakoa da bizitza.

B1
21-05-2021
28268642
00:05:05
6672