Katherine Johnson, giza kalkulagailua

Duela urtebete, 2020ko otsailaren 24an, hil zen Katherine Coleman Goble Johnson NASAko matematikari ospetsua. Gizonezkoentzat erreserbatuta zegoen arlo batean nabarmendu eta lider izateko gaitasuna erakutsi zuen. Ez hori bakarrik, emakumezkoen eta beltzen eskubideen defentsan ere lehen lerroan aritu zen.

Umetatik oso gustuko izan zituen matematikak. Ikasketak amaituta, irakasle aritu zen NASAn hasi aurretik.

 

 

 

 

 

Katherine Johnson 1983. urteko argazki batean. Argazkia: Wikimedia Commons


Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Katherine Johnson 1918an jaio zen, White Sulpur Springs-en (West Virginia). Txiki-txikitatik azaldu zuen matematiketarako maitasuna, eta gaitasuna. Zenbatzea atsegin zuen, baita kalkuluak egitea ere. Leku batetik bestera joateko behar zituen urratsak kontatzen zituen, gauean ikusten zituen izarrak, autobusaren zain zegoela pasatzen ziren autoak…

Afro-amerikarra eta emakumezkoa izanik, ez zuen bide xamurra izan, baina Katherine ez zen erraz konformatzekoa. Ikasketetan nabarmendu zen lehenik, matematikan eta frantsesean. Gelakideak baino bizkorragoa zen, eta irakasleek geometria analitiko eta aeronautikako ikasgaiak sortzen zituzten berarentzat espresuki.

Ikasketak amaituta, irakasle aritu zen. Hogeita hamarreko hamarkadaren bukaera zen, eta garai hartan emakume afro-amerikarrek irakaskuntza zuten lanean aritzeko aukera bakarra. Estatu Batuetan afro-amerikarrak bigarren mailako herritarrak zirela jabetuta, emakumeen eta beltzen eskubideen aldeko borrokan lehen lerroan jarri zen, eta zenbait eskubide-urraketa deuseztatzea lortu zuen.

Baina Katherine Johnson nonbait nabarmendu bazen, NASAn izan zen. Berrogeita hamarreko hamarkadan emakumezkoak kontratatzen zituzten Aeronautikako Aholku Batzorde Nazionalean. Kalkulu ariketak egiteko kontratatzen zituzten ingeniari aeronautikoentzat. Ezkutuko lan isila zen. Berak, ordea, kalkulu horiek zergatik egiten ziren, zertarako balio zuten, nola aplikatzen ziren… jakin nahi zuen. Urrunago iritsi nahi zuen, ingeniariek galdera horien erantzunak aurkitzeko egiten zituzten eztabaida-saioetan parte hartu nahi zuen; baita lortu ere.

Bilera horietan, bere gaitasuna agerian geratu zen, baita lider izateko jaioa zela ere. Denborarekin, errespetua irabazi zuen lankideen artean, NASAko erreferente bihurtzeraino. Parte hartu zuen proiektuen zerrenda errepasatzea besterik ez dago noraino heldu zen egiaztatzeko: Mercury, espaziora iritsi zen lehenengo bidaia; Friendshipp7, lurrari itzulia eman zion lehenengo hegaldi orbitala; edo Apollo11, gizakia lehenengoz ilargira iritsi zenekoa.

Azkenerako, egindako lanaren aitortza jaso zuen. 2015ean, Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Askatasunaren Presidentearen domina jarri zion, herritar batek jaso dezakeen aitortzarik gorena. Bi urte beranduago, bere istorioa zinemara eman zuten, eta Oscar sariak irabazteko hautagaia izan zen Hidden Figures pelikularekin.

Hiru urte beranduago hil zen, 101 urte zituela.

 

B1
24-02-2021
28002681
00:03:08
375