Polioaren txertoa sortzeko bidea

Muskuluen ahulezia sortzen duen gaixotasun infekziosoa da poliomielitisa edo polioa. Aspaldiko gaitza da eta munduko lekurik gehienetan desagerrarazita dago jada, txertoari esker.

Kutsatutako ura edo elikagaiak kontsumituta, edo gaixo daudenekin kontaktuan egonda hartzen da polioaren birusa. Oso kutsakorra da. Askotan sintomarik gabe edo gripe arina balitz bezala pasatzen da, baina nerbio sistema kaltetzen badu larria izan daiteke. Kasu horietan heste meharretik odolera zabaltzen da bizkarrezur-muinera iritsiz. Gure nerbio motorrak bizkarrezur-muinetik abiatzen dira, eta hala, polioak muskuluei, bereziki hankatakoei, eragiten die. Zangoetako muskuluak ahultzen ditu paralisia sortzeraino. Zenbaitetan, paralisiak arnasa hartzen laguntzen diguten muskuluak kaltetzen ditu heriotza ekarriz.   

Batzuetan bizitza osorako ondorioak uzten ditu poliomielitisaren birusak. Argazkia: Pxhere

Batik bat, hamar urtetik beherako haurrentzat da arriskutsua.

 

Gaitzaren inguruan dokumentatutako lehen kasua Antzinako Egiptokoa da. 1834tik aurrera, ordea, lehenengo agerraldi epidemiologikoa gertatu zen, eta XX. menderako gaixotasuna mundu guztian zabaldua zen.  1952an Estatu Batuetan izan zen agerraldi gogorrenetariko bat: 3.145 hildako utzi zituen, eta 21.000 pertsona baino gehiago bizitza osorako ondorio larriekin gelditu ziren.

Laborategietan bide luzea

Gaur egun munduko leku gutxi batzuetan jarraitzen du birusak aktibo, baina ez da beti horrela izan. Urte asko behar izan ziren gaitza mendean hartzeko. Michael Underwood  mediku britainiarrak hasi zuen bidea 1789an. Laborategietan pauso txiki asko eman ondoren, 1908an lortu zuten birusa isolatzea bi mediku austriarrek.  Hurrengo bultzada 1931n etorri zen, biologo batek eta mediku batek gaixotasuna sortzen duten birusaren hiru aldaerak identifikatzea lortu baitzuten. Eta txertoa lortzeko bidean azken pausoa John Enders birologoaren eskutik etorri zen 1948an, birusa laborategian kultibatzeko modua lortu zuenean. Arrazoi horregatik, hain zuzen, sei urte geroago Nobel saria jaso zuen Endersek.

Jonas Salk-en txertoa xiringarekin jartzen da. Argazkia: Luann Hood (Pixabay)

Laborategi desberdinetan egindako ibilbide luze eta gogorraren emaitza 1955ean iritsi zen: Jonas Salk mikrobiologoak lehen txertoa iragarri zuen. 1947az geroztik ari zen polioa gerarazteko modua bilatzen, eta beraz, zorioneko albistea izan zen.  

Txertoa lortu aurretik milioi erdi pertsona kutsatzen ziren urtean.

 

Txertoa xiringaren bidez injektatzen zen. Odolean zabalduta, pertsonaren    sistema immunologikoak birusaren aurkako defentsak sortzen zituen. Horrela, txertatuta zeuden pertsonek ez zuten birusa garatzen, baina eramaile izaten jarraitzen zuten, eta zabaldu ere egin zezaketen gorozkien eta listuaren bidez. Lehenik boluntario talde batek probatu zuen txertoa, eta haietako inor ez zen polioarekin gaixotu. Ondoren, entsegu klinikoa egin zuten bi milioi haurrekin, eta txertoa eraginkorra zela ondorioztatu zuten. Horren ondoren egin zuten publiko aurkikuntza, esan bezala, 1955ean.

Txertoen patenterik ez

Berehala hasi ziren herritarrei txertoa jartzen eta kutsatzeak nabarmen jaitsi ziren. Salk heroi nazional bihurtu zen. Gainera, ez zuen txertoa patentatu nahi izan ez baitzuen etekin ekonomikorik bilatzen. Bere nahia zen txertoa lehenbailehen mundu osora zabaltzea.

Jonas Salk, ezkerrean, eta Albert Sabin izan ziren txertoak asmatu zituztenak. Argazkiak: Wikimedia Commons

Ikerketak, ordea, ez ziren horretan geratu. Bi urte geroago, Albert Sabin birologoak beste txerto bat egin zuen. Aurrekoarekin alderatuta ezaugarri hauek zituen: edateko jarabea zen, eta antigorputzak sortzeko gaitasuna izateaz gain, jarabea hartzen zutenek  birusaren eramaile izateari uzten zioten, hau da, ez zuten beste inor kutsatzen. Beraz, lehendabizikoa baino eraginkorragoa zen. Sabinek ere ez zuen bere asmakizuna patentatu.

Gaur egun munduko tokirik gehienetan poliomielitisa desagerrarazita dago txertoari esker. Hala ere, txertaketa kanpainak egiteko zailtasunak dauden tokietan birusak aktibo jarraitzen du; esate baterako, Afganistanen, Pakistanen, edo Ekialde Hurbilean. Amerikan azken kasua Perun atzeman zuten 1991n, Europan 2002an desagerrarazitzat jo zuten,  eta Indian, berriz, 2014an.


B1
02-10-2020
22870301
679