Jacques Cousteau, itsaspeko esploratzailea

Jacques Cousteauren izena itsasoari eta ozeanoei lotuta dator, itsaspea esploratzen aritu baitzen bizitza osoan: argazkien, liburuen eta dokumentalen bidez ikusitakoa erakutsi zion munduari.

Jacques Ives Cousteau 1910eko ekainaren 10ean jaio zen, Frantzian. Itsasoarekiko lilura txikitan sortu zitzaion. Osasunez ahula zen, eta 4 bat urte zituela esan zieten gurasoei igeriketa zela umearentzat kirol aproposa. Une horretatik aurrera, itsasoarekin zerikusia zuen guztiak liluratu egin zuen mutikoa.

Txikia zenetik liluratzen zuen itsasoak. Argazkia; HABE aldizkaria

Irudiak hartzeko afizioa ere nahiko gazte sortu zitzaion. 13 urterekin aitak bideokamera bat oparitu zion, eta ikusten zuen guztia grabatzen hasi zen Jacques. 20 urterekin itsas armadan izena eman zuen. Hegazkin pilotu izatera iritsi nahi zuen, baina istripu larri batek eragotzi zion asmoa. Medikuek, berriz ere, igeri egiteko aholkatu zioten errekuperazio hobea izateko, eta horrek betiko aldatu zion bizitza. Azkenik, kirola pasio bilakatu zen, urpean ikusteko betaurrekoak jantzita itsasora sartu zen lehenengo aldian. Ikusi zuena erakutsi beharra zuela sentitu zuen.

Arnasa hartzeko sistema

Ezertan hasi aurretik, ordea, bigarren mundu gerra iritsi zen. Garai horretan ezkondu zen Simone Melchior-ekin, bizitza osoan bide lagun izan zuenarekin. Gerora, bi seme izan zituzten. Gerra garaian, Jacquesek armadan eman zuen zerbitzua, eta zenbait domina jaso zituen egindako lanagatik. Gerra bukatuta, urperatuta zegoen ontzi baten bila joateko espedizioa antolatu zuen Frantziako itsas armadak. Ur azpian arnasa modu autonomoan hartzeko materiala erabili zuten lehenengo aldiz bidaia hartan, Jacques Cousteauk berak eta Emile Gagnan ingeniari frantsesak diseinatutako materiala: Aqcua Lung (uretako birika) izena jarri zioten. Iraultza handia izan zen urpean ibiltzen zirenentzat, eta gaur arte iraun du, gainera.

Calypso itsasontzia 1980an Montrealera iristen. Argazkia: Rene Beauchamp (CC BY-SA 4.0)

Espedizio hura bukatuta, ozeanoak esploratzen jarraitzeko gogoz, Jacquesek armada utzi zuen eta bidaia propioak antolatzen hasi zen. Horretarako itsasontzi bat behar zuen, eta Maltan aurkitu zuen berak nahi zuena, 1950ean. Itsasoko minak biltzeko erabiltzen zen ontzi bat zen. Goitik behera berritu eta munduko ontzi ozeanografikorik ezagunena bihurtu zuen: Calypso izena jarri zion.

Garai hartarako pelikularen bat egina zuen, eta hurrengo urteetan ere bere espedizioetan ikusten zuena liburuetan eta filmetan jasotzen jarraitu zuen. Hala, 1956an, The silent world (Isiltasunaren mundua) filmagatik saria jaso zuen Canneseko jaialdian eta urtebete beranduago Oscarra film berarengatik.

Itsaspea denon etxeetan

Hala ere, azpimarratzekoa da Cousteau telebistari esker egin zeln ezagun: Jacques Cousteauren itsaspeko mundua dokumentala mundu osoko telebistetan ikusi zen 1968tik 1975era bitartean. Dokumental horietan urpean bizi diren espezieak eta landaretza erakusten zituen, eta aberastasun hura zaindu egin behar zela defendatzen zuen. Calypsoko eskifaiarekin batera abentura ugari telebista-ikusleen etxeetaraino helarazi zituen. Gaiaz ezer edo ezer gutxi zekien jendeari urpeko bizitzaz asko erakutsi zion azalpen, errazak emanez; eta batez ere, jendeak itsas sakoneko fauna eta landaredia maitatzea lortu zuen. Zientzialaria baino, komunikatzailea zela esaten zuten askok.

Cousteau, 90eko hamarkadan Ipar Euskal Herrira egindako bisita batean. Argazkia: HABE aldizkaria

Espedizio, liburu, dokumental eta film artean, oraindik ere asmakizunetarako denbora ere izan zuen. Urpeko ontzi txiki bat asmatu zuen 60ko hamarkadan. Hari esker, itsaspean sakonera handiagoan ibiltzeko aukera izan zuten.

70eko hamarkadan, bere semeekin batera, The Costeau Society, itsaspeko bizitza babesteko elkartea sortu zuen. Itsasoan gertatzen diren gehiegikeriak salatu zituen, baita mobilizazioak eta kanpainak antolatu ere; esate baterako, energia nuklearraren aurkakoa. Azken hori oso kanpaina arrakastatsua izan zen. Gaur egun, elkarte horrek eta Frantzian duen parekoak lanean jarraitzen dute.

Jacques Cousteau, 1997ko ekainaren 25ean hil zen, 87 urterekin, bihotzekoak jota. Bere jaioterrian, Saint-Andre-de-Cubzac herrian, lurperatu zuten.


B1
09-06-2020
22186768
977