Zer egiten dugu aste-barruko zubiekin eta jaiegunekin?

Martxoaren 19a aurten jaieguna da Hego Euskal Herrian. Osteguna denez, hurrengo eguna, ostirala, zubia da; aurtengo lehena.

Gurean ohitura dago zubi-egun horien bezperan maletak egin, eta oporretara joateko: opor txiki batzuk. Egia esan, horrek turismoa sustatzen du. Krisiarekin, ordea, zenbait herrialdetan murriztu egin dituzte aste-barruko jaiegunak, zubiak sortzen dituztelako. Adibidez: Italian, Alemanian, Ingalaterran… Enpresek lanegunak gehituta lehiakorragoak izan nahi dute.

Aste-barruko jaiegunak astelehenera pasa
Aste-barruko jaiegunak murriztea ez da zubiak gutxitzeko era bakarra. Zenbait herrialdetan legeak jarri dituzte jaiegun horiek ostiralera nahiz astelehenera aldatzeko. Horrela, aipatutako jaiegunek ez dute astea eteten, zubien ordez asteburu luzeak dituztelako. Adibidez, hori gertatzen da Kolonbian, Mexikon eta Amerikako Estatu Batuetan (AEB).

AEBn, 1971n, Richard Nixon-en gobernuak lege bat jarri zuen aste-barruko jaiegun gehienak astelehenean izateko. Bat ez beste. Horren ondorioz, zubi egonkor bakarra dute: Esker Emate Egunekoa (Thanksgiving Day). Egun hori beti da osteguna, beti jai, eta ostiralean askok jai hartzen dute. Ezaguna da, gainera, ostiral hori: Black Friday izenekoa.

Europan ez dago lege orokorrik eta, oraingoz, zubiak mantendu egiten dira gutxi-asko. Berez, herrialde bakoitzak ikusten du zer egin. Hungarian eta Letonian, esaterako, langileek jai hartu dezakete zubietan, baina lanordu horiek errekuperatu egin behar dituzte larunbat batean lan eginda.

Eta martxoaren 19a igandea izango balitz?
Martxoaren 19a edo horrelako jaiegun bat igandea bada, hor ez dago zubirik. Kasu horretan ere jokatzeko modu desberdinak daude. Irlandako langileek, adibidez, bi aukera dituzte horrelakoetan: egun hori kobratu lanegun bezala, edo ordainetan, beste egun batean egin jai. Dena den, jaiegun horiek igandean badira, erakundeek aukera dute hurrengo eguna, astelehena, jaiegun izendatzeko. Hori gertatzen da gurean ere. Adibidez, San Sebastian, San Prudentzio, Frantzisko Xabierkoaren eguna... igandea denean, astelehena jai izendatzen dute. Baina Europako joera ez da hori, alderantziz baizik. Jaiegun horietako bat igandean bada, ez dago ohiturarik beste egun bat ordainetan jai emateko.

Bitxia bada ere, jaiegun kopuruaren arabera urtea modu batera edo bestera izendatzen dute herrialde batzuek: Danimarkak, esaterako. Urte batean jaiegun gehienak asteburuan badira, urte horri “enplegu-emailearen urtea” esaten diote. Aldiz, aste barruan jaiegun asko pilatzen badira, zubia egiteko moduan, urte horri “enplegatuaren urtea” esaten diote.

Alemaniako ikerketa
“Aste-barruan jaiegun finkoak izateak aisialdia planifikatzen laguntzen du, eta familia- eta gizarte-harremanak areagotzen dira. Eta horrek handitu egiten du lantokietan harremanak sendotzeko ahalegina”. Ondorio hori atera zuten Alemanian, 2005ean 5.400 etxetan egindako ikerketa batekin. Baina, azken urteotan Alemanian zubiak gutxitu egin dituzte, erabat kendu gabe.

Dena den, jaiegun eta oporrak asko ala gutxi izan, lanorduei ateratzen zaien probetxua, errentagarritasuna, omen da begiratu beharrekoa. Baina hori beste baterako utziko dugu.

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Astea eten: astea moztu / zatitu

Egonkor: beti berdina dena / aldatzen ez dena

Ordainetan: trukean / horren ordez

Jaiegun izendatu: jaiegun bihurtu / jaiegun izango dela erabaki

Areagotu: handitu

Harremanak sendotzeko ahalegina: harremanak sendotzeko esfortzua

Omen: dirudienez / itxuraz

 


A2
06-03-2020
21630235
7680