Euskara ikasten ari direnen bi aurpegi

Maria Begoña Tisera eta Dylan Inglis Euskal Herritik kanpo jaio eta bizi dira, baina biek ikasi dute euskara. Bakoitza arrazoi ezberdinengatik hurbildu da euskarara, eta arrazoi horiek ezagutu ditugu.

Edozein hizkuntza ikasteko, esfortzua egitea beharrezkoa da eta, are gehiago hitz egiten den eremutik at bizi bagara. Euskal Herrian bizi ez diren arren, askok euskara ikastea erabakitzen dute: batzuei gurasoek edo aitona-amonek erakusten diete; beste batzuk euskal etxeetara joaten dira; eta badira sarean beren kabuz ikasten dutenak ere.

Atzerrian jaio eta euskara ikasi duten bi pertsona ezagutuko ditugu oraingoan: Maria Begoña Tisera (Argentina, 1964) eta Dylan Inglis (Erresuma Batua, 1998). Biak Euskal Herritik kanpo bizi dira, eta ikasten jarraitzen dute, nahiz eta euskararekiko lotura oso errealitate desberdinetik bizi izan duten.
 


Bi esperientzia, bi errealitate
Maria Begoña Tisera Etxeberria San Nicolasen jaio zen, izan ere, bere familia gerra zibilaren ostean iritsi zen Argentinara: “Nire aitona 1951. urtean etorri zen eta familia osoa ekarri zuen urtebete geroago. Nire arbasoak Bizkaikoak dira”. Euskara aitona-amonen ahotik entzun zuen lehenengo aldiz eta, Euskal Herrira joaten zirenean, euskarazko liburuak ekartzen zizkieten bilobei. “Denborarekin hitzak erakusteaz gain, lur horrekiko maitasuna ere transmititu zidatela konturatu naiz”, esan digu.

Dylan Inglisen historia guztiz bestelakoa da: bera Chulmleigh izeneko herrixkan jaio zen eta duela hiru urte arte ez zituen ezagutzen ez euskara ez Euskal Herria. “Amak sorginei buruzko liburu bat idatzi nahi zuelako etorri ginen familia osoa Heletara (Nafarroa Beherea), Zugarramurditik gertu. Amak zerbait azaldu zidan orduan, baina ezer gutxi”, kontatu digu ingelesak.
 

 

Maria Begoña kalejiran, Argentinan.


Ikasketa-prozesu desberdinak
Gaur egun, biak euskaraz mintzatzen dira, nahiz eta ikasketa-prozesuak zeharo desberdinak izan diren. Begoñak euskal etxean eman zituen lehenengo pausoak: “Aspaldi hasi nintzen arbasoen hizkuntza ikasten eta, duela bost urte inguru, Euskara Munduan izeneko programan sartu nintzen. Ordutik euskara ikasteaz gain, kultura eta jendea ezagutzeko aukera ere izan dut”. Horrez gain, euskal etxean euskara-irakaslea ere bada gaur egun, eta datorren urtean B1 edo B2 maila eskuratzeko azterketa egiteko asmoa duela kontatu digu.

Dylanek, aldiz, urtebete eta hiru hilabete daramatza soilik euskara ikasten. Geografiako ikasketak urtebetez alde batera utzi ditu eta euskara ikastea erabaki du. “Euskara-ingelesa hiztegia biltzen zuen liburuxka batekin hasi nintzen eta sarean Lapurdiko Gure Irratia kateak egindako ikastaro bat aurkitu nuen. Hori hilabete batean egin ostean, nafar bat ezagutu nuen eta mintzapraktika saioak egiten genituen, hots, ingelesa eta euskara trukatzen genituen”. Lagun horrek barnetegiei buruz hitz egin zion eta Zornotzara (Bizkaia) joatea erabaki zuen: “Bi hilabetez egon nintzen barnetegian eta sekulako esperientzia kulturala izan zen. Gainera, B2 maila lortu nuen”. Erresuma Batura itzuli, denboraldi bat han igaro eta ikastaro trinkoa amaitu berri du, Bilboko euskaltegi batean: “Oso pozik nago EGA gainditzea lortu dudalako”. Ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz eta euskaraz hitz egiten du, eta txinera ikasten ari da.
 

Dylan barnetegiko lagunekin.

 

Begoña eta Dylan euskaldunak dira, nahiz eta Euskal Herritik kanpo bizi diren. “Mintzanet programa oso garrantzitsua da niretzat, astero euskara online eta doan praktikatzeko aukera ematen didalako. Atzerrian ez dugu aukera handirik euskaraz jarduteko”, esan digu Begoñak.

Hizkuntza maite dute
Begoñak bere arbasoen hizkuntza ikasi eta zabaldu egiten du: “Euskal etxeek arbasoen ohiturak mantentzeko lan handia egiten dute, argentinarrak garela ahaztu gabe”. Begoñak hiru seme ditu eta bat Euskal Herrian izan bada ere, bera ez da oraindik iritsi: “Betidanik ezagutzen dudala iruditzen zait, eta uste dut bertara joateko ilusioak euskara ikasten jarraitzeko adorea ematen didala”.

Dylanek, aldiz, askotan azaldu behar izan die ingurukoei zein den ikasten ari den hizkuntza: “Askok euskara ez dute ezagutu ere egiten. Hala ere, hizkuntzei buruz asko dakitenak ere badaude. Horientzat euskara ikasteak merezimendu handia du, Europako hizkuntzarik zaharrena delako”. Dylanen ustez, hizkuntzak ez dira hiztun-kopuruari erreparatuta ikasi behar, gustatzen zaizkigulako baizik.

Zuk zergatik ikasten duzu euskara? Zein da zure helburua? Nolakoa izaten ari da zure ikasketa-prozesua? Ezagutzen zenituen Euskara Munduan programa, euskal etxeak edo Mintzanet?
 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1.  Duela 3 urte etorri zinen lehendabizikoz Euskal Herrira, Behe Nafarroara. Zer zenekien orduan Euskal Herriari buruz?
Arras gutxi, egia esan. Nik uste dut joan aurretik, igual amak kontatu zidala Euskal Herrian beste hizkuntza bat zegoela. Nik banekien frantsesez mintzatzen zela eta frantsesez ikasten ari nintzen orduan. Eta oso, asko gustatu zitzaidan frantsesa. Baina, gero, beste hizkuntza bat bazegoela kontatu zidanean, nik uste dut Interneten edo aurkitu nuela orrialde bat ingelesetik euskarara esaldi batzuez osatuta. Eta horixe, oso gutxi, bertan egon aurretik ezer gutxi.
2. Euskararekin lehenengo harremana bidaia horretan izan zenuen, hasiera hasieratik gustatu zitzaizun?
Ez, bueno, igual maiteminduren zantzuak edo hor hasi ziren. Baina gero frantsesarekin nahikoa neukan orduan, eta ikasturtean edo eskolan nengoen; beraz, ez neukan berebiziko denborarik euskarari ekiteko. Baina, gero, nik uste dut urtebeteren buruan, Bordelen, Frantzian nengoen, eta euskal herritar bat ezagutu nuela eta horrek ere ekarri zidan pixka bat gogora Euskal Herria berriro, eta bai, eta galdera batzuk egin nizkion jakin-minez beterik, baina beno orduan ere ez nekien euskararik.
3. Euskara ikasteko urtebete baino gehixeago behar izan duzu eta askok oso hizkuntza zaila dela esaten dute…
Ez nuke esango berez hizkuntza zaila denik, esango nuke bai alderdi batzuetan beste inguruko hizkuntzak baino zailagoa dela. Adibidez, gramatikan esan beharra dago zailagoa, gauza gehiago ikasi beharrekoak direla, adibidez, ez dakit, aditz laguntzaileak eta horrelakoak. Beno, gero, adibidez, Ingalaterran frantsesa eta gaztelania ikasterakoan, kostatzen zaigu gure aditzak  desberdinak direlako, baina nik uste dut euskara are gehiago. Beraz, bai, alde batetik, zaila da; baina gero, nik uste dut, bueno, nire gustukoa izan denez, askoz gutxiago kostatu zaidala. Eta bai jendearen jarreragatik, hau da, oso bistan dagoelako, oso pozten direla ikusteaz ni euskara ikasten saiatzen naizela, eta nik uste dut horrek asko laguntzen duela. Igual, adibidez, frantsesa ikastean, ez da berdina.
4. Zein da zure sekretua?
Ez dakit sekreturik dagoen… Nik uste dut igual gauza batzuk egin ditudala…Eta adibidez, irakurketa nik uste dut, irakasleek askotan diote eta egia da, irakurketa biziki inportantea dela ikas-prozesuan. Eta gero, ba, esango nuke, saiatzea eta hanka sartzea edo, behintzat, hori da hizkuntza guztietarako, hori da igual sekretu bat edo gauza inportante bat, baina ez euskararekin bakarrik.

B1
14-02-2019
20761281
00:03:48
5257