detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Iñaki Salvador: "Kontzertua une sakratua da eta gehiago mimatu behar da"

Iñaki Salvador musikaria elkarrizketatu du Iker Barandiaranek HABE aldizkariarentzat.

Iñaki Salvador (Donostia, 1962) piano-jotzailea, akordeoilaria eta musikagilea da. Jazz-musikan izen ospetsu eta aipagarrienetako bat. Hainbat musikariren diskoetan hartu du parte eta, besteak beste, Mikel Laboaren piano-jotzailea ere izan zen. Gaur egun, buru-belarri ari da lanean euskal musikarien elkartea eratu nahian eta bere azken lana Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea lanaren antzerkirako egokitzapenari musika jartzea izan da.

 

Gero eta zailagoa da musikari profesionala izatea Euskal Herrian? 80ko hamarkadan baino okerrago gaude?
Bai. 70eko hamarkada-bukaera eta 80ko hamarkada-hasieran maila askotako pizkundea gertatu zen. Aurretik esan ezin zitezkeen gauza asko esaten hasi ziren, euskarak indarra hartu zuen, enpresak diskoak argitaratzeko gogoz zeuden eta ikusle zein entzule asko zeuden. Gainera, musikariak askatasun eta gogobetetasunaren adierazle nagusiak ginen, gizartearentzat birikak. Gaur egun, ordea, musikariok ez dugu halakorik irudikatzen; eta ondorioz, oso babes txikia daukagu. Gainera, krisiaren erruz, enpresa eta erakundeek ez gaituzte babesten.

Gontzal Mendibilek orain gutxi Berria egunkarian idatzi zuen horrela jarraituz gero euskal kantagintza hil egingo zela…
Egoera oso txarra da. Hala ere, beti nabarmendu nahi izaten dut musikariok garai latzak bizi baditugu ere, sorkuntza handia dagoela. Gauza on asko egiten ari dira Euskal Herrian, eta Musikene hor egotea ere oso garrantzitsua da. Gazteak indartsu datoz.



Artista handiak ikustera jendetza joaten da…
Bai, adibidez, Bruce Springsteen ikustera milaka lagun joaten dira, eta agian neu taberna batera ikustera 15 lagun. Kontrasteak izugarriak dira. Lehen handien eta txikien artean musikari asko geunden, antzoki, kultur etxe eta bestelakoetan kontzertuak egiten, baina erdiko espazio hori desagertu egin da.

Egoera horren aurrean, musikarien elkartea berpiztu duzue…
Bai. 90eko hamarkada-hasieran martxan izan genuen, baina bultzatzaileon nekearen ondorioz bertan behera utzi genuen; eta orain, Euskadiko Musikari Elkarteak-Músicos Asociados de Euskadi berrabiaraztea pentsatu dugu. Iraganean 100 bat bazkide izan genituen, eta kopuru hori gainditu nahi dugu. Gaur egun diskoetxeen, kontzertu-aretoen… elkarteak egon badaude, baina ez musikariak batuko gaituenik. Dagoeneko 150 musikari daude elkartea eratzeko bultzaka.

Zein helburu jarri dituzue?
Elkartea eratzen ari gara. Lehentasuna da eztabaidagune ofizialetan musikariok ordezkatuta egotea; baita diskoetxe, musika-eragile, kontzertu-areto eta antzekoak elkarteekin batera indarra egitea. Era berean, Espainiako Estatuko beste musikarien elkarteekin batera konfederatuko gara. Eta, oro har, musikariek dituzten edozein premiari erantzuna ematea.

Zein dira musikarien premia nagusienak?
Fakturazioa eta fiskalitatearekin arazoak ditugu. Askotan ez dira kontzertuak izaten eta zenbait hilabetetan ez da autonomo-tasa ordaintzeko irabazirik egoten. Hori konpontzeko, Kataluniako erakunde batekin hitzarmena egin nahi dugu, gure bazkideen kontzertuen fakturazioa erakunde horren bitartez egiteko. Bestalde, zordunen arazoa konpontzeko aholkularitza juridikoa kontratatuko dugu. Horrekin batera, gure bazkideek deialdi publiko eta diru-laguntzen berri izango dute, baina, oro har, elkarteak lagunduko du talde-izaera bultzatzen eta bakarrik ez gaudela sentiarazten. 



Egile-eskubideen auziak ere kezkatuko zaituzte, ezta?
Bai, horren gaineko eztabaida zabaldu nahi dugu, musikarien artean eta baita gizartean ere desinformazio handia dagoelako. Gure artean askotariko iritziak daude: copyleftaren bidez egile-eskubideak libre utzi nahi dituztenak, sorkuntzagatik kobratu nahi dugunok… Elkarteak ez du iritzi bakarra izango. Zoritxarrez, Estatuan egile-eskubideen monopolioa izan duen SGAE erakundeak, gutako asko bazkide dituenak, min handia egin du desinformazio honetan. “Ez gaituzte ordezkatzen” leloa oso aproposa da erakunde honentzat, egileen eskubideen argudiopean herritarrei izugarrizko jazarpen eta gehiegikeria eragin eta lapurtu ere egin dutelako.

Ikusiko al dugu SGAE euskaldun bat? Gaur egun horretarako konpetentziak badaude…
Posible da. Egile-eskubideen gaia hain zabala eta globala da, are gehiago Interneten ondorioz, egitura handiagoak hobeto kokatuta egon daitezkeela, baina, aldi berean, hurbileko egiturak gardenagoak izan ohi dira. Konponbidea litzateke Euskal Herriko egitura beste egitura batzuekin konfederatzea.

Egia da ikusle gutxiago dagoela? Eskaintza eskaera baino askoz handiagoa da?
Biak. Eskaintza eskaera baino handiagoa da, ikusleak nekatu egin dira, kontzertuek ez dute lehengo xarma bera. Telebistak eta Internetek ere errua daukate, jende askok uste duelako horrek asetzen dituela. Internet zoragarria da, baina ezin du beste guztia ordezkatu.
Eta musikarioi dagokigunez, autokritika apur bat. Zuzenekoak zaindu egin behar ditugu: eszenaratzea zaindu, soinua, puntualitatea, lekua atsegina izatea… kontzertua une sakratua da eta hori gehiago mimatu behar da. Guk geuk duintasuna eman behar diogu egiten dugunari.
 


detalle2

Docuteca

B2
12-11-2012

x61pRelaContWAR

16362793

x61pViewCountWAR

2879

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR