detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Munduko Rolls Royce erakusketa osatuena, Bizkaian?

Bizkaian bertan, Galdames herriko Loizaga dorrean, dago kokatuta Rolls Royce autoen Europako erakusketarik osatuena.

Bizkaiko enpresari batek luzaroan batutako ibilgailuen bilduma pribatua da, orain dela hamar bat urte publikoarentzat zabaldu zutena. Igande goizero dago ikusgai edonorentzat, eta aurretik hitzordua eginez gero, talde-bisitak ere hartzen dituzte.

De La Vía enpresariak oso txikitatik ezagutu zituen Rolls Royceak, familian bi zituztelako. Enpresaria erabat zaletu zen auto horiekin eta poliki-poliki piezak gehitzen joan zen, izugarrizko multzoa osatu arte. Gaur egun 75 auto dituzte dorrearen inguruko erakusketan, eta horietatik 45 Rolls Royceak dira. Izan ere, 1905 eta 1907 bitartean enpresa hori autoak fabrikatzen hasi zenetik 90eko hamarkadan enpresako autoei BMWren motorra jarri artean fabrikatutako modelo guzti-guztiak batu dituzte. “Kuwaiteko emirraren Phantom IVa erosi arte ez zegoen bilduma osatuta. Gaur egun fabrikatzen direnak ez dira guretzat interesgarriak; eta zaharragoa izanik ere, pieza oso berezia behar du izan museorako erosteko”, azaldu zigun erakusketako gidaria den Jose Angelek. “Phantom IV modeloko 18 auto fabrikatu ziren eta horietako bat probak egiterakoan apurtu egin zen; gainontzeko guztiak errege, sha eta estatuburuen jabegoa dira”, zehaztu zuen.

Erakusketa-dorrearen inguruan eraikitako sei pabiloitan banatuta dago eta atal bereziena dorrean bertan kokatu dute, pieza bitxienak dituena, hain zuzen ere. Azken hori bisitaldiaren bukaeran ikustea gomendatzen dute.



Bisitarientzat zabalik

Bilduma horren jabeak ez zuen erakusketarik jartzea aurreikusten, baina orain dela 15 bat urte, Santiago egunean Galdamesen egiten den herri-bazkariaren harira, parrokoak jabeari eskatu zion auzotar eta bisitariei auto-bilduma erakusteko. Urte hartan 200 pertsona joan ziren bilduma ikustera, hurrengo Santiago egunean 2.000 eta hirugarrenean Galdames inguruko errepide guztiak kolapsatu egin ziren. Handik aurrera bildumaren berri ahoz aho zabaldu eta interesatuen dei ugari hasi ziren jasotzen; hainbeste dei, non nazkatu egin ziren. Ondorioz, museoa igandero 10:00etatik 15:00etara zabaltzea erabaki zuten. Hala egiten dute oraindik ere. Horrez gain, 30 pertsonako taldeak osatuz gero, aukera dago aurrez deituta aste barruan ere bisitak egiteko.    


Galdames herriko Loizaga dorrea

Audio-gidak zenbait hizkuntzatan
Loizagan batutako auto bakoitzak istorio berezi bat izango du gordeta seguru asko. Horietako batzuk ezagutzen dira eta beste batzuk oraindik ez. Museoaren sarreran eskura daitekeen audio-gida baten bitartez, erakusketako 24 autori buruz gehiago jakiteko aukera dago: modeloaren zehaztasunak, historia eta abar. Audio-gida horrek azalpenak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez ematen ditu. Museoa bera oraindik oso ezaguna ez bada ere, gero eta bisitari gehiago ditu eta horietatik asko atzerritarrak. “Kanpotarrek bertakoek baino gehiago estimatzen dituzte auto klasikoak”, azpimarratu zuen Jose Angelek.

Pasarte eta historia handiko autoak

Autoek bere baitan gordetzen dituzten pasarteei dagokienez, bada Rolls Royceez gain, J. F. Kennedy erail zutenean zihoan autoaren Cadillac modelo bera; Ingalaterrako Merryweather suhiltzaile-kamioi ikusgarria (munduan hiru daude, eta gainontzeko biak Ingalaterrako erreginak ditu); Pio XII.ak jabetzan izan zuen Isotta Fraschini autoa; Hispano Suiza ibilgailuak; Paris-Le Mans irabazi zuen XK120 Jaguarra; Rolls Royce markarekin lehia egiten ahalegindu zen Bentley enpresako 30eko hamarkadako auto batzuk; Ingalaterrako erreginari erositako Silver Wraith Rolls Royce bi –bata 1953koa eta bestea 1958koa–; 1898an fabrikatutako Allen Runabout autoa –erakusketako zaharrena- Pirin Farinak diseinatutako Rolls Royce esklusiboa…


Munduko auto onena
Silver Ghost modeloa da Rolls Roycek fabrikatu zuen lehen autoa eta, era berean, enpresa honi izen handiena eman diona. Berorri zuzendutako pabiloi osoa dute Galdamesen, horien artean 1019eko Ingalaterrako auto bat; baita Phantomei zuzendutako beste bat ere. Horien artean, Jayparreko maharajari erositako 1923ko pieza bat, AEBetan egindako 1922ko Springfield Silver Ghost, 1921eko Silver Ghost Limon Line; aurkeztutako txapelketa guztietan dotoretasun sari nagusia eskuratu zuen 1912ko Silver Ghost pieza, Australiatik ekarritakoa eta motore guztia bistan duena; 1926ko Phantom I eta bestelako altxor ugari.

Erakusketaren jabeek diote munduan ez dagoela Rolls Royce autoen halako museo osaturik. Hala entzunda, bilbainada dirudi, baina han dagoena ikusita, hankaz gora jausi daitezke autozale asko eta asko.

Museoari buruzko informazio gehiago, esteka hauetan aurkitu dezakezu:
www.torreloizaga.com
www.enkartur.net

 


detalle2

Docuteca

B2
16-10-2012

x61pRelaContWAR

  • Arantzabal (argazkiak) , Josetxo
  • Barandiaran (Arteman), Iker
16362322

x61pViewCountWAR

5076

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR