detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Francis Sistiaga: "Erremontearen gainbeherak eraginda sortu zen Oriamendi 2010"

Erremonte jokoak, sakonera txikiko xisterarekin jokatzen den pilotaren modalitateak, tradizio handia izan du Nafarroan eta Gipuzkoan. Zoritxarrez, beste kirol batzuen nagusitasunak eta erremontearen bultzatzaileek iraganean berau ezagutzera emateko egindako ahalegin txikiak ia galbidean jarri dute. Arrazoi horregatik, hainbat erremonte-jokalari ohiek Oriamendi 2010 enpresa sortu eta Galarreta kudeatzeaz gain, pilotaren modalitate hau Euskal Herrian zabaltzeko lanean ari dira.

Zenbat denbora egon zen Galarreta pilotalekua itxita?
Aurretik Galarreta kudeatzen zuen enpresak 2010eko martxoan itxi zituen pilotalekuko ateak. Apirilean Oriamendi 2010 enpresa eratu eta Galarreta eraberritzeko lanak hasi genituen; 2010eko ekainaren 26an zabaldu genuen berriro pilotalekua.

Zer dela-eta erabaki zuen Oriamendi 2010ek halako erronkari aurre egitea?
Oriamendi 2010 erremontean era profesionalean aritutako jokalariek sortu zuten. Bazekiten aurretik izan zen enpresak arazoak zituela eta Galarretaren eta erremontearen gainbeherarekin oso kezkatuta zeuden. Horregatik erabaki zuten enpresa sortu eta modalitate hau defendatzea; borrokatzeko prest daudelako. Enpresa Galarretan kokatuta badago ere, Uharteko Euskal Jai Berri pilotalekua ere guk kudeatzen dugu, nahiz eta tarteka itxita dagoen.

Galarretan eraberritze-lan asko egin zenituzten?
Girotze-sistema aldatu genuen, lurra egokitu, hormak eta lurra pintura berezia erabiliz margotu… Pilotarekin kontraste handiagoa lortzea izan da margotzearen helburua, zaleak jokoa hobeto ikus dezan. Gainera, ETBrekin akordioa dugu hainbat partida telebistaz emateko.

Erremonte-jokalarien harrobia Nafarroan dago?
Baietz esango nuke. Badira Gipuzkoan jokalari batzuk, baina Baztan aldean harrobi polita dago. Dena dela, Galarretan bertan eta Nafarroako zenbait herritan gazteak entrenatzen ari gara.

Zer ekimen bultzatu nahi dituzue erremonteari sona handiagoa emateko?
Kirol-taldeekin eta eskolekin harremanetan gaude, eta Galarretan bertan dugun eskolan gazteek entrenatzeko eta ikasteko aukera daukate. Batez ere, Urola eskualdekoak etortzen dira. Horrez gain, Erremonteko Euskal Jaiberri Fundazioaren bitartez, Nafarroako hainbat herritan ere gazteak entrenatzen ditugu. Are gehiago, berez erremontea 54 metroko pilotalekutan jokatzen bada ere, zenbait kasutan 34ko frontoietara ere egokitzen ari gara eta emaitza onak lortzen ari garela esan daiteke. Bide horretan jarraitu nahi dugu. Bestalde, gaur guk bakarrik egiten ditugu erremonterako xisterak, beste inork ez. Galarretan bi pertsona aritzen dira egunero xisterak egiten eta Uharten beste bat pilotak egiten, eta beraiek hornitzen dituzte Galarretan zein Uharteko pilotalekuan jokoan aritzen diren jokalari guztiak eta baita erremonte-eskoletakoak ere. Izan ere, gu gara mundu osoan erremontearen alde lanean ari garen bakarrak.

Zein izan dira, zure ustez, Galarreta eta erremontea bera ia galbidean jartzearen arrazoiak?
Luzaroan hemen, Galarretan bakarrik jokatu izan dela. Ez da esku-pilota bezala beste hainbat puntutan zabaldu: Gipuzkoako hainbat pilotalekutan, Miribillan… Kokagune bakarra izateak baldintzatu du luzaroan hemendik kanpo gehiago ez ezagutaraztea. Guk horri guztiari buelta eman nahi diogu.

Erremontean ere apustuak egiten dira?
Bai, apustuak ikuskizun honen oso osagai garrantzitsuak dira. Eta, horren jakitun, diru-kopuru handiagoa mugitzen duten ohiko apustuez gain, bestelako bisitari, turista edo dena delakoek apustu txikiak egiteko harrera-mahai bat jarri dugu, jokoan gehiago sartzen laguntzen duten apustu sinbolikoak egin ditzaten.

Zer nolako harrera dute Galarretan egiten dituzuen partidek?
Ostegunero eta larunbatero partidak izaten ditugu; egun bakoitzean launa norgehiagoka egoten dira. Hernani aldean, Donostialdean eta Nafarroako ingurune batzuetan zaletasuna dago eta hona etortzen dira zaleak. Baina hortik haratago zabaltzeko, turismo-bulegoekin, sagardotegiekin, jatetxeekin eta hotelekin akordioak ditugu, bisitariei ere erremontea erakusteko, eta etortzen diren guztiak pozik joaten dira. Oso ikuskizun polita da, erakusteko modukoa!   

Elkarrizketan Francis Sistiagak adierazi duen bezala, Galarreta pilotalekua bisitatzeko modua dago. Hona hemen harremanetan jartzeko moduak:

Galarreta Pilotalekua (Oriamendi 2010)
Tf.: 943 55 10 23
Jauregi, z/g,20120 Hernani (Gipuzkoa)
info@oriamendi2010.com
 

Koteto Ezkurra erremontista Galarreta pilotalekuan jokatzen duen kirolarietako bat da. Ele-alea irratsaioan egindako elkarrizketa entzun nahi baduzu, hona jo. Eta Ai ama!  telebista-saioan egindako elkarrizketa ikusi nahi baduzu, berriz, hona jo.

Gogoan izan, baita ere, Euskal frontoiak Txinan izeneko erreportaje interesgarria duzula irakurgai helbide honetan.
 


detalle2

Docuteca

B2
09-03-2012

x61pRelaContWAR

  • Barandiaran (Arteman), Iker
  • Arantzabal (argazkiak) , Josetxo
16358898

x61pViewCountWAR

6719

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR