detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

JESUS TORQUEMADA: "Kultura bitxia, paisaia eta monumentu ikusgarriak oraindik kutsatu gabe ikusi nahi izanez gero, Myanmar bisitatzeko garaia da".

Jesus Torquemada Nazioarteko Politikan espezializatutako kazetaria da. Herrialde askotara bidaiatu izan du, gida eta liburu ugariren egilea da eta Euskal Herriko hainbat komunikabidetan nazioarteko egoeren analisiak egin ditu. Berarengana jo dugu atzerriko herrialde eta turismoari buruzko galdera batzuk egiteko.

2012an zer herrialde bisitatzea gomendatuko zeniguke? Zergatik?
Myanmar (Birmania ere deitzen zaio) bisitatzeko garaia da. Oso herrialde itxia da, baztertua, atzeratua esan genezake, baina kultura bitxia, paisaia ederrak eta monumentu ikusgarriak ditu. Han militarrek agintzen dute, baina irekitze politikoa erabaki dute, Aung San Suu Kyi oposizioko buruzagia (Bake Nobel Saria duena) aske utzi dute, eta hauteskunde libreak egiteko hitza eman dute. Beraien asmoa kanpoko inbertsioak erakartzea da eta epe motzean herrialdea aldatuko da, dudarik gabe. Kutsatu gabe ikusi nahi izanez gero, oraintxe da garaia.

Zer da zu gehien erakartzen zaituena herrialde batetik, bisitatu aurretik? Zeren bila joaten zara?
Nik ondo pasatzeko bidaiak egiten ditudala aitortu behar dut. Beraz, gauza asko ikusteko eta egiteko, jende atsegina, kultura desberdina geurearekin alderatuta, monumentuak, eta zergatik ez, hondartza zoragarri bat bidaiaren azken egunetarako. Hori da eskatzen dudana. Baina, nire espezialitatea kazetaritzan nazioarteko gertakariak izanda, herrialde hori gaur egun guztion ahotan izatea ere oso garrantzitsua da niretzat.

Zer da zure ustez kontuan hartu beharreko garrantzitsuena atzerriko herrialde batera joan aurretik?
Zenbat eta informazio gehiago jaso joan aurretik, hobeto. Osasuna, garraioak, segurtasuna, txanpona, ohiturak, janaria… Horrelako gauzak jakin behar ditugu iritsi baino lehen. Baina orokorrean, mundu osoan osasunak hobera egin duen arren, segurtasunak, berriz, okerrera egin du herrialde batzuetan. Indarkeria zabaldu da, bai jatorri politikoa duena eta baita jatorri soziala duena ere; azken hori, hiri handienetan, batez ere.

Donostia 2016ko Europako Hiriburua izendatu dute. Zer da Donostiatik eta Donostialdetik azpimarratuko zenukeena, hain nabarmena edo ezaguna ez dena?
Ba, nik topikoak azpimarratuko nituzke, ezagunenak direnak: paisaia, gastronomia, kultura. Azken finean, horiek dira kanpoko jendea erakartzen dutenak. Kontxako badia, jatetxeak, Jazzaldia eta Zinemaldia dira Donostiako benetako ondareak. Jendea ez dator Ulia mendiko bazter ezkutu bat ikustera, Kontxaren argazkia egitera baizik. Hori esanda, nik Donostialdeko nekazarl-turismoko baserriak sustatuko nituzke, hiria eta herria ezagutzeko oso modu aproposa dira-eta.

Euskal Herrira etorri eta bisitatzea gomendatuko zenukeen lekuren bat?
Leku asko daude Euskal Herrian bisita merezi dutenak, hiriburuez gain. Urdaibai, Kakueta, Zumaiako itsaslabarrak eta hainbat paisaia eder. Orain dela gutxi Arabako Gesaltza bisitatu nuen. Ez nuen ezagutzen eta oso toki interesgarri eta polita dela iruditu zitzaidan, baita eskualde osoa ere.
 


detalle2

Docuteca

B2
08-02-2012

x61pRelaContWAR

  • Barandiaran (Arteman), Iker
  • Jesus Torquemada (argazkiak)
16357791

x61pViewCountWAR

3899

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR