Aldizkari Digitala
Andoni Tolosa, Morau: "Musikari txikiok askatasuna dugu"
"Arrainentzako himnoak" izeneko lan berria Andoni Tolosa "Morau" eta Beñardo Goietxek garatu duten egitasmo musikala da. Andoni Tolosa gonbidatu dugu HABEren Donostiako egoitzara diskoaren zehaztasun gehiago jakite aldera.
Abiapuntua
2010ean, Agotak taldea desegin ondoren, hasi zen Beñardo eta Morauren arteko elkarlanerako aukera, eta bi urte igaro dira berau –blog batean lehenbizi eta disko itxuran ondoren– burutu ahal izan den arte.
Lehenengo fase batean, 2012ko otsailetik 2013ko udazkenera, azpiegiturak prestatu, alde grafikoa landu eta kantuak egin zituen Morauk, eta bigarren batean, 2013ko udazkenetik aurrera, bi musikazaleek moldatu, egokitu eta azken ukituak eman zizkieten kantuei. Kantu horiek, azkenik, 2014ko udaberrian grabatu zituzten, Saran, Iñigo Irazoki teknikariaren laguntzarekin. Diskoan 16 kantu landu dituzte, tartean bi bertsio: Enarak taldearen “Ama” eta The Smiths taldearen “There Is A Light That Never Goes Out". Mikel Peruarena idazlearen “Pozaren Dotriña” ere musikatu dute.
Beñardo Goietxe eta Andoni Tolosa. Argazkia: Conny Beyreuther.
Proiektuaren berezitasunak
Esperimentua izan omen da disko hau. Hasieratik, agerian utzi dute kantuen sortze eta garatze-prozesua. Horretarako, 2012ko otsailean http://arrainentzakohimnoak.org webgunea abiatu eta partekatu dituzte kantu guztien bilakaera: hitzak, bertsio ezberdinak, moldaketak... Bai web orrian, eta baita Facebook eta Twitterren ere, guztia egon da ikusgai. Bertan, jaso ahal izan dituzten entzuleen ekarpenekin, kantu berrien proposamenekin eta iritziekin egin du aurrera egitasmoak. Egileen hitzetan, entzuleen esku-hartzeari esker egin ahal izan dute orain arteko bidea.
Irudien garrantzia proiektuan
Morauren beste lan batzuetan bezala, Iñaki Martiarena “Mattin” arduratu da egitasmoaren alor grafikoaz. Horretaz gain, Conny Beyreutherren argazkiek ere ongi islatzen dute proiektuari eman nahi dioten ukitu umoretsu eta surrealista samarra. Bloga, berriz, Jabi Esparzak diseinatu du.
HABE.- Nola baloratzen duzu bi urteko esperimentu hau?
Andoni Tolosa.- Oso esperimentu emankorra izan da, zentzu guztietan. Alde batetik, gauza asko ikasi ditudalako eta, beste alde batetik, bide egokia gertatu zaigulako egin nahi genuena egiteko: kantu batzuk sortu eta sortze hori partekatzea.
Era berean, lan asko eskatu duen zerbait ere bada. Ataka batean nengoen, sei urte igarota aurreko diskotik eta bat-batean esan nion neure buruari ”Gaur egun, 2012. urtean, zer leku dauka Morauren disko berri batek?” Eta orduan, horri bueltak ematen pentsatu nuen niri gustatzen zaidana istorioak kontatzea dela eta istorioak kontatzeko gaur egun inoiz baino tresna gehiago ditugula. Eta hortik abiatu zen guztia. Beste guztia bidean aurkitu dudana izan da: jendea, baliabideak… Gauza asko.
HABE.- Morau eta Beñardo, biak ere euskara-irakasle. Kointzidentzia hutsa?
Andoni Tolosa.- Kointzidentzia izan da, baina, beste alde batetik, biak betidanik oso musikazaleak izan gara eta horrela ezagutu genuen elkar, ez musikari gisa, baizik eta musikazale bezala: zintak, kaseteak konpartitzen, diskoen berri luzatzen… garai analogikoetan, jakina. Orduan, bi zaletasun horiek nik uste dut oso ondo uztartzen direla.
HABE.- Jarriko al zenieke zure ikasleei Arrainentzako himnoak laneko abestiren bat?
Andoni Tolosa.- Beñardok bai egin zuela Supereuskalduna kantuarekin, baina nik ez ditut sekula nire kantuak ikasleekin erabili. Lotsa handia ematen dit nik egindako kantu bat ikasleei entzunaraztea. Bideoetan neure burua grabatzea ez zait inporta, baina nik nire kantuak entzutera behartzeak lotsa ematen dit. Hori bai, pozik hartuko nuke norbaitek erabiliko balitu. Gainera, uste dut nire kasuan desiratzen dudala norbaitek hori egitea. Kristoren poza emango liguke, bai Beñardori eta bai bioi gure kantuak horretarako erabiltzea. Gainera, oso lagun dudan euskaldun berri batek askotan aipatzen dit berari musikak, euskal kantuak lantzeak, zenbat lagundu dion, zenbat euskara ikasi duen kantuen bidez, eta musika izan dela, kasik-kasik bere euskalduntzeko zutabeetako bat.
HABE.- Nori opari egin diozu diskoa?
Andoni Tolosa.- Proiektuan parte hartu duten guztiei. Disko hau auzolanean egin genuen, dozena bat lagun bildu eta goiz bat pasa genuen diskoak banan bana muntatzen. Gero, noski, auzolanaren legeari jarraituz, otordua egin genuen. Baina lagun horietaz gain, sarean proiektuaren hasiera-hasieratik bultzada eman dion jendeari oparitu diot. Bazen eskertzeko modu bat, zeren esperimentua hasi genuenean ez genekien zer gertatuko zen eta konturatu gara jende asko inplikatu dela. Asko inplikatu dela bai edukia zabaltzerakoan edo blogean edo Facebook edo Twitter bidez edukiak sustatzen, baina baita proposamenak eginez, kantu zehatzetan iradokizunak eginez… bai, oso joko polita izan da. Pertsona batzuk ezezagunak ziren, gainera, eta beste batzuekin oso azaleko harremana neukanez, horiei ere estimatzeko modua bazen diskoa oparitzea. Nolabait laburtzeko, merezi zuenari oparitu diogu diskoa.
HABE.- Komunikabideetan oihartzun handia izan du zuen lanak. Zein izan da, zure ustez, arrazoia?
Andoni Tolosa.- Nik uste dut arrazoi nagusiena izan dela hain garden egitea guztia: dagoena dago. Esan genuen hasieran prozesua partekatuko genuela eta partekatu egin dugu, horrek eduki dituen kalte eta onura guztiekin. Esan genuen kantuak libre jarriko genituela, creative commons lizentziapean banatuko genituela, eta halaxe egin dugu. Nik uste dut jendeak estimatu egin duela eta gero, gainera, prozesua hain luzea izan da, azkenean lortu dugula halako jarraitzaileen nolabaiteko sarea; gure armiarma-sare txikia sortu dugu eta horrek beste zentzu bat eman dio.
Nik zalantza neukan, ez nekien azkenean ulertuko zen “beste disko bat da eta kito”, baina ez, jendeak hasieratik planteatzen genuena ulertu du eta onartu egin du eta gainera; onuratzat hartu du. Zorion-mezu asko jaso ditugu.
Laburtzeko, gardentasuna eta elkarlana izan dira bi funtsezko kontzeptuak eta,nola ez, gure kantuak onak direla.
HABE.- Ba al duzue asmorik beste esperimenturen bat egiteko?
Andoni Tolosa.- Bai, beti ari gara esperimentuak egiten. Uste dut musikari txikia izateak baduela alde on bat eta da askatasuna. Eta edozer egiteko askatasuna dugunez, eta, gainera, gaur egun bitartekoak ditugunez, horrek guri kristoren askatasuna ematen digu esperimentatzeko.
Lehengoan esaldi polit bat ikusi nuen: “Bitartekaririk gabeko bitartekoak”. Gero eta bitarteko gehiago ditugu orain. Bitartekariak bai, Malaysiako zerbitzari bat, ez dakit nongo enpresa informatikoa, Google…
Hurrengo proiektua? Ez dakit, zerbait okurrituko zaigu, baina saiatuko gara, hau ikusita, horrelako zerbait egiten. Seigarren diskoa dut eta guztien artean hau izan da arrasto handiena uzten ari zaidana. Eta da, nola ez, ahalegina ere halakoa izan delako, prozesu guztia gure gain hartu dugulako. Horrek buruko min ugari ere ekarri dizkigu, baina, era berean, baita balore eta onura asko ere.
Te interesa
Docuteca
-
Esther Isasa
