Aldizkari Digitala
Bildumagileak
Zigiluak, txiskeroak, garagardo botilen tapakiak... den-dena izan daiteke bilduma baten gaia. Hala ere, bilduma bat egitea ez da gauzak pilatzea soilik. Bildumazalea izatea gauzak jaso eta pilatzea baino gehiago da, beraiek egiten duten deskripzioaren arabera.
Bildumen betekizunak
Bildumagileak bere kuttunak jasotzeaz gain, objektu horiek katalogatu, sailkatu eta, posible denean, erakutsi egin behar ditu. Bitxikiak elkarteko partaidea da Antonio Lopez mungiarra; eta, bertako beste kideen moduan, bildumazalea ere bada. Berak dioenez, bilduma bateko objektuak arrazoi bategatik biltzen dira, “katalogatu ere, irizpide baten arabera egiten da: dela fabrikazio-urtea, dela sortutako herrialdea”.
Norberak egindakoak ere izan daitezke bildumako osagaiak; hori da panpina-etxe honen kasua / Bitxikiak
Bildumazaleek nahi izaten dute beraien bildumak ahalik eta osoenak izatea. Lopezek zehaztu du “beharrezkoa da objektu-sorta horretan elementurik garrantzitsuenak izatea; adibidez, nik antzinako prentsa biltzen dut; eta niretzat garrantzitsua da data garrantzitsuetako aleak edukitzea. Esaterako, nire bildumak 1936ko aleak behar ditu”.
Erakusketak
Erakusketen bidez lortzen dute bildumagileek bere ahaleginen beste fruituetako bat. Gustuko dute jendearekin bere bilduma partekatzea, “aro historiko bat oroitzeko modu on bat” lortzen dutela dio Lopezek. Hori dela eta, Bitxikiak elkarteak urtean bitan Bildumazaleen Feria antolatu ohi du; 2014ko apirilean 12. edizioa antolatuko dute. Elkarteko kideek eta Europako hainbat txokotako bildumagileek eta merkatariek bat egiten dute azokan, beraien sortak erakutsi eta, maiz, salerosketetan aritzeko.
Ehunka bildumazale bildu ziren 2013 urrian egindako 11. Bildumazaleen Ferian. / Bitxikiak
Bildumazaletasuna ohitura eta grina da. Lopezek dioenez, “jende asko bildumak egiten hasten da, bidaia batzuen ondoren pilatutako txanponekin”. Bildumagileek jakin-min historikoa eta kulturala izaten dute.
Asier Sada Donostiako Mundofila filatelia eta numismatika dendaren jabea da. Urteak daramatza salmahaiaren atzealdean zigiluak eta txanponak bilatzen ari direnekin tratuan; hau da, bildumagileak ditu bezero. Sadak argi dauka: “Bildumagilea pertsona bitxia izan ohi da. Muturrera iritsi gabe ere, baina nahiko bereziak dira, eta asko zaintzen dituzte beraien objektuak”.
Bildumagileena aparteko ingurunea da, eta mundu horretan urritasunak ez du zehazten gauzen balioa; eskaintzaren eta eskariaren legeak arautzen du mundu hau. Hau da, kontua ez da zerbaiten ale gutxi edo asko egotea, baizik eta zenbatek nahi dituzten ale horiek. Sadak gaineratu duenez, “Hori ez da gauza bakarra, gero ere asko begiratzen diote egoerari. Zigiluetan, esaterako, ertza urratuta baldin badago, ale bakarra izanik ere balio guztia, edo ia guztia galtzen du”.
A. Sadak zigilu eta txanponak saltzen ditu dendan. / M. Goñi
Bildumazaleei egindako inkesta
Inkesta txiki bat egin dugu bildumazaleen artean; hona beraien erantzunak:
NEKANE RUEDA
|
