detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Ximun Fuchs: "Hamlet gaur egungo euskaldun gazte bat dela froga dezakegu"

Joan den azaroaren 1ean Hamlet antzezlanaren egokitzapen berria taularatu zen lehen aldiz. Bizkai, Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herriko hiru antzerki-talde bildu dira Ximun Fuchs zuzendariaren agindupean.

Egindako emanaldi askotan sarrera txartel guztiak saldu dituzte, izan ere jakin mina piztu baitu aski ezaguna den antzezlan honen moldaketa berriak. Agian, zuzendariak esaten duen moduan, William Shakespeare-k krisia zuelako buruan lan hau idaztean, garai horretako Ingalaterra “krisi filosofikoan, artistikoan, politikoan...” zegoelako. Horrek guztiak eta arriskatzeko gogoak eraman dituzte Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu klasiko ezagun hau bere kaxara taularatzera.

 

Zer moduzko harrera izaten ari da Hamlet lana?
Modestia handiarekin... oso ona. Oso ona dela esan dezaket, bai. Jende asko ibiltzen da. Uste dut zurrumurrua ona dela, jendeak asko hitz egiten duela, onerako zein txarrerako; eta, bai, debatea bada.

Hiru taldek batera egindako lana da zuen Hamlet?
Hiru taldeek elkarrekin lan egiten dugun bigarren aldia da. Bizkaiko Artedrama, Iparraldeko Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Gipuzkoakoa gara. Errautsak egin genuen 2010ean, eta hori antzerki garaikidea zen; egungo erronkak zuzen-zuzenean aipatzen zituena. Nahiko ongi ibili zen. Emanaldi asko egin genituen, eta jende asko hurbildu zen. Gure ustez, zerbait sortu zen publikoarekin, eta interesgarria izan zen hiru taldeentzat. Bestalde, saiatzen ari gara eraikitzen beste eredu ekonomiko bat. Ez naiz detailetan sartuko, baina ekoizpena eta hedapena batera pentsatzea da. Ez pentsatzea saldu behar dela oso garesti eta emanaldi gutxi egin. Kontrakoa pentsatzen dugu gure taldean, Le Petit Theatre de Pain taldean. Gure kasuan ekonomia ez da dirua, ekonomia lana da. Lana sortu behar da, eta lan hori sortu dugu. Interesgarria da artistikoki, ekonomikoki eta publikoari dagokionez; euskal publiko bat sortzea, alegia.

 

Antzezlanaren une bat

Ildo bera jarraitu duzue oraingoan?

Bagenekien beste antzezlan bat muntatu behar genuela, baina ez genuela egingo Errautsak II. Hori egina zen, eta arriskurik hartzen ez baldin bada, hori antzerki komertzial bilakatzen da. Eta ez dut deus antzerki komertzialaren kontra, baina nik ez dut bide hori hartu; ezta gure talde hauetako inork ere ez. Orduan, baten batek aipatu zuen: “Zergatik ez Hamlet?”. Hasieran, “kar, kar, kar, zergatik ez Hamlet...?”. Hamlet irakurtzen hasi ginen, eta konturatu ginen, munduko beste jende asko bezala, Shakespearek gure herria aipatzen zuela. Idazkiak ez du aipatzen Ingalaterra, aipatzen duen Danimarkako erresuma Euskal Herria da. Gainera, artistikoki, noski, interesgarria da horrelako antzezlan handia muntatzea. Handitu egiten gara horrelako obrak muntatzerakoan. Horrek bazuen zerbait, hemen esanahia zuen. Guretzat gauza berria zen, erronka berria; eta, noski, Hamlet gaur egungo euskaldun gazte bat dela froga dezakegu gure ikuskizunarekin.

 


Fuchs, elkarrizketaren une batean.


Zergatik pentsatzen duzue hori, denboraz kanpoko antzezlana delako eta humanitateari dagokion gaia jorratzen duelako, edo kontatzen dituenak Euskal Herriari dagozkiolako?
Begi bistakoa da Hamlet euskalduna dela, eta ez dut uste obra unibertsalak existitzen direnik. Horrek ez du ezer esan nahi niretzat. Horiek kontzeptu oso kolonialistak dira. Edonork bereganatzen ahal du obra hori. Antzezlanak Danimarka aipatzen du, baina Shakespeare ez zen sekula joan Danimarkara, ez zuen ezagutu ere egiten. Danimarka aipatzean, Ingalaterra aipatzen ari zen. Zertan zen garai hartako Ingalaterra? Krisi ekonomiko larrian zegoen, egoera oso konplikatua zen. Krisi filosofikoan, artistikoan, politikoan... hemen gertatzen dena. Justu obra hasi baino lehen bukatu zen Danimarkaren eta Norvegiaren arteko gerra. Ez zen arras bukatu, baina horretan zen, eta bukaeran gerra berriro etorriko zen. Zein herrik ezin dezake hori esan? Gure asmoa da, eta ez da teoria hutsa, jendea obratik irtetea zera esanez: “Hamlet hori nire auzokoa da, nire lehengusua, nire aita...”. Pertsona horiek guztiak hurbilekoak dira. Ostatu batean sartu, eta bertan aurkitzen ditut. Noski distantzia behar da, behar duen forman ezartzeko; hori eta, aldi berean,  pentsaera behar da, ez gara identifikazioan bakarrik oinarritzen. Distantzia ere beharrezkoa da publikoak ukan dezan sartzeko oportunitatea, baina gero ateratzean pentsatzekoa ere.

 

Fuchs -ezkerrean- eta lanaren beste antzezle batzuk, Zumaiako Aita Mari antzokian.

Esan duzu Shakespeare “euskalduna” ere bazela. Baina ingelesez idatzi zuen. Euskaratzea eta moldatzea Xabier Mendiguren idazleak egin ditu...
Urte eta pikoko lana dago, eta Xabierrekin asko bildu gara. Behar genuen lehen gauza zer emango genuen hautatzea zen, eta, noski, moztu dugu asko. Euskal Herrian ez dugu gaitasunik sei oreneko lan bat egiteko, eta ez zen hori gure xedea. Ekonomia aldetik eta artistikoki ere bai. Gauza batzuk kendu ditugu, guretzat ez zirelako horren interesgarri. Hautatu ditugu gai batzuk, ildo batzuk, eta horiek segitu ditugu. Eta gero euskaratzea zen, erran nahi baita, euskal hizkuntzarekin jostatzea. Gaur egungo euskal hizkuntzarekin, ez unibertsitate-hizkuntza batekin, nahiz eta batzuetan euskara maila asko erabili. Hori aktoreekin landu dugu, Shakespearek egiten zuen bezala. Shakespearek horrela egiten zuen, ez zuen sekula bakarrik egiten. Antzerki gizona zen, eta antzerki jendeak aktoreekin egiten du lan. Hor ikusten da testu batek oihartzun batuketa ona duen, ahoskatzen al den, zentzua bat-batean harrapatzen ahal den.... Aditza, subjektua eta adjektiboa mugitu behar diren, horrela zentzuak beste eragin bat hartzen baitu.


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Hiru konpainia zaudete lan honetan, eta geografikoki jatorri ezberdinetako euskaldunak; hau da, hizkuntza erregistro ezberdinak dituzuenak. Hori guztia islatzen al da antzezlanean?
Badira bi molde, Euskal Herrian, euskal antzerkia egiteko. Egiten da euskara hola... horizontal bat. Suposatzen dena denek hitz egiten dutela; hori ez da... bada euskara batua da, baina euskara batua hitz egiteko  molde asko badaude. Orduan, hor nahiko euskara batua da. Errautsak-en nahitara azpimarratzen genituen euskalkiak. Nahitara zen, zeren kontatzen zuen zerbait horretarako. Obra honetan euskalkiak nahiko gutxi erabiltzen dira. Pixka bat, noizbehinka. Pertsonaia bat azpimarratzen du, ematen dio kolore bat, eta bada antzerki tresna bat; hizkuntza guztietan bezala. Gero bakoitzak badugu gure euskara batua eramateko molde bat. Nirea entzuten da, Iparraldeko euskara batu bat da, bada bat hemen Gipuzkoan, Bizkaian ez da arras berdina ere, Nafarroan ere ez, eta abar. Nahiz eta euskara batua izan. Ulertzen da. Holako euskara bat erabiltzen dugu, eta bakoitzak bere esateko moldeak mantentzen ditu, zeren pertsonaia bizi baita, baina aktorea ere baita. Eta aktoreak egiten badu... ia ia... hori da... esaten nuena askotan... aktoreei... Ez dugu ahaztu behar: euskara hizkuntza arrotza da Euskal Herrian, eta hori konplikatua da. Hori da euskal antzerkiaren erronka... luzaroko erronka bat: nola ahoskatzen da euskara euskal antzerkian?

Nolakoa izan da hiru talde hauek batera lan egitea? Ondo moldatu zarete?
Guk lan egiten dugun moldean beharrezkoa da, ez gara bakarrik “aupa, kaixo, uumm” da... urrunago joaten da, bada kidetasuna, laguntasuna... lantzen ditugu. Baina gero, ongi pasatzea edo ez... hori da pelikuletan bezala, asko aipatzen denean “oso gustura...” esan nahi du pelikula oso txarra delako besterik aipatzeko. Orduan, nik esan...  Bat, gustura pasa dugu; eta, aldi berean, uste dut talde bakoitza aurreratzen dela artistikoki elkarrekin biltzerakoan; zeren baditugu ibil molde ezberdinak, gu Frantzian Le Petit Theatre de Pain-ekin asko egoten gara. Beraz ere, ikusten ditugu beste gauza batzuk eta aurreratzen gara. Eta berriz biltzen gara hola, bi edo hiru urtero, egiteko beste ikuskizun bat... hori pentsatzen dut... momentuaren arteko hola izan da.  Eta uste dut aldi berean, bakoitzak segitzen du aurreratzen bere aldean, bere baratzea lantzen du. Eta gero, berriz biltzen garenean gure sukaldea, pixka bat, moldatzen da; aldatzen da, eta bakoitzak bere aberastasunak ekartzen ditu. Eta uste dut hori dela gure funtzionatzeko moldea.

detalle2

Docuteca

B2
03-01-2014

x61pRelaContWAR

  • Mikel Goñi (Maramara Taldea)
16341546
02:58

x61pViewCountWAR

8640

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR