Andrée de Jongh, txikia bezain adoretsua

2007ko urriaren 13an hil zen Andrée de Jongh (Dédée), 91 urte bete berritan. Bigarren Mundu Gerra garaian, Espainiako gerra Zibilaren ondoren, nazien aurkako Comète sarearen kide izan zen eta totalitarismoaren aurkako lanean euskaldunak izan zituen gatazkakide.

Comète sarearen sorrera

Espainiako Gerra Zibilaren ostean eta Alemania Naziaren mehatxupean, asko ziren 40ko hamarkada hasieran Euskal Herriko Bidasoa ibaiko muga gurutzatu nahi zutenak. Besteak beste, aliatuen pilotuak eta nazien lurralde okupatuetatik Gibraltarrera iritsi nahi zutenak, Britainia Handira heldu nahian. Pilotu aliatuek, batik bat britainiarrek, etengabe bonbardatzen zituzten alemanen fronteak, baina hegazkin asko alemanen baterietatik ihes egin ezinik lurralde okupatuan erortzen ziren. Pilotu horiek babesik gabe geratzen ziren lurralde ezezagun batean. Egoera horri irtenbidea emateko, zenbait euskaldunek parte hartu zuten Comète sarea erakunde frantses-belgikarra sortu zuten Bruselan. Itxuraz, txikia eta liraina zen Andrée de Jongh erizainak aurkeztu zion sarea antolatzeko ideia Bilboko britainiar kontsulatuko kontsulordeari. Frantzian, Luxenburgon, Herbeheretan eta Belgikan eroritako hegazkinlariak salbatzeko sare bat antolatzea zen egitasmoaren funtsa: Frantziako muga pasata, Espainian barrena, Lisboara edo Gibraltarrera iritsi behar zuten iheslariek, berriro ere Londresera joateko modua izan zezaten.

Mesfidati agertu zen kontsulordea plan haren aurrean. Nazien tranpa bat ote zen hura? Baina Andrée de Jongh ez zen bakarrik joan bilera hartara. Hiru gizon zeuden zain beheko solairuan, beste bi belgikar eta eskoziar bat, guztiak Bruselatik harekin iritsiak eta nazismoaren aurka borrokatzeko prest.

Honela abiatu zen Comète sarea. Zergatik izen hori? Dédée-k aterperatuen ihesaldiari eman nahi zion lastertasunagatik. Dirua britainiarrek jarri zuten; zuzendaritza, berriz, belgikarren eskuetan gelditu zen. Asmoa zen Bruselatik babesleku batzuk bilatzea eta behin Baiona aldera helduta, zenbait mugalarik Hegoaldera ekartzea hegazkinlariak, leku seguruagora.

Iheslariei babes-etxeak eskaintzea eta muga pasatzen laguntzeko lana nahiko erraz antolatu zen. Baziren horretarako pertsona egokiak, hala nola Kattalin Agirre, Florentino Goikoetxea hernaniarra edo Ambrosio San Vicente gasteiztarra, batzuk aipatzearren.

Florentino Goikoetxea, kontrabandista eta mugalaria

Sarearen antolatzaileek kontrabandoan zebiltzan pertsonak lagungarri izango zirela pentsatu zuten, beraiek ezagutzen baitzuten eremu hori inork baino hobeto. Orduan jo zuten Florentino Goikoetxearengana.
Hernaniarra, Altzueta baserrian 1898an sortua, arrantzale amorratua zen Florentino, baina kontrabandoan ere ibilia zen gaztetatik. Gerra Zibila hasi zenean Ziburura alde egin eta kontrabandoan jarraitu zuen. 1941ean mugalari-lanak egitea eskaini zioten eta lau urte luzez 227 pilotu eta agente aliatu pasa zituen alde batetik bestera, Bidasoan zehar. Altzuetakoa, ihesean zebiltzanen askatasun sinbolo bilakatu zen, leialtasun, seriotasun eta ahalegin handiz pasatzen baitzituen pertsona horiek mendietan barrena ibilaldi luzeak eginda.

Atxiloketa-garaia

1943ko urtarrilaren 15ean, ordea, Andrée de Jongh atxilotu egin zuten Urruñan, salaketa baten ondorioz. Ordura arte, Comète sareak 750 bat lagun ateratzea lortu zuen Frantzia, Luxenburgo, Belgika eta Herbeheretatik.

Alemanak galdezka hasi zirenean, kosta egin zitzaien Dédée Comète sarearen burua zela sinestea, hain zuen itxura hauskorra!
Espetxez espetxe denbora laburra iragan ondoren, Mauthausengo kontzentrazio-zelaira lehenik eta handik Ravensbrückekora eraman zuten Dédée. Infernu hartatik 1945eko apirilean atera zen, gerraren azken egunetan, gainerako preso guztiek bezala, oso egoera latzak bizi izan ondoren.

Gerra ondorenak

Gerra bukatu zenean, Dédéeri omenaldi eta gorazarre asko eskaini zitzaizkion: kondesa izendatu zuten, armadaren teniente-koronel, Leopoldo erregearen Ordenaren eta Frantziako Légion d'Honneur-eko kide, adibidez. Baina Dédée ez zen pozik bizi ingurukoei laguntza eman gabe, eta 1955. urtera arte Afrikako zenbait erietxe eta legenardun-tokitan aritu zen lanean, Kongon, Etiopian, Kamerunen eta Senegalen.

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Adoretsu.- Valiente, audaz. Courageux/euse.
Aterperatu.- Refugiado/a. Refugié/e.
Atxilotu.Detener, capturar. Emprisonner.
Babesleku.Refugio. Refuge.
Funts.- Principio, fundamento. Fondement.
Gatazkakide.- Compañero/a de lucha. Camarade de lutte.
Gorazarre.- Homenaje. Hommage.
Hauskor.- Frágil. Fragile.
Ihesaldi.Fuga, escapada. Escapade.
Iheslari.Fugitivo/a, prófugo/a. Évadé/e.
Isla.- Reflejo. Reflet.
Lastertasun.- Velocidad. Vitesse.
Latz.Duro/a, difícil. Difficil/e.
Legenardun.Leproso/a. Lépreux/euse.
Mesfidati.- Desconfiado/a. Méfiant/e.
Mugalari.- Persona que ayudaba a pasar la frontera clandestinamente. Passeur/euse.
Oinarritu.- Basar(se). Se baser sur.
SalaketaDenuncia. Délation. 


B2
01-12-2010
16341464
2999