Valen magoa: "Magia ikuskizuna ona bada, edozeinen gustuko izango da".

Valentín Moro bilbotarrak urte asko daramatza magia egiten eta bera da Euskal Herrian zabaldu duten lehen magia-eskolaren arduraduna.

Valentínekin batera, Asier Moro semea, Pedro Alegria, Imanol Ituiño, Niko Olazabal eta beste zenbait mago profesional dabiltza ume zein helduei magia hurbiltzen. Arte ezezagun honetan eskarmentua duen Valenekin eskolaz eta magiaz hitz egin dugu. 

Ibilbide handia duzu magian. Nolakoak izan ziren lehen urratsak?
Magiaren alorrean 30 urte daramatzat. Magia betidanik gustatu zait eta kasualitatez hasi nintzen. Saskibaloian nenbilela mutil batek truku batzuk erakutsi zizkidan eta buru-belarri sartu nintzen: magia-elkartearekin harremanetan jarri, ekitaldi txikiak antolatu, Nafarroako elkartea eratu, 1983ko Estatuko Magia Kongresuan lehen saria eskuratu nuen… Denboraldi batez bankuko lana eta magia uztartu nituen, baina azkenean aurre-erretiroa hartu eta honi eman nion nire denbora guztia. Magia pasioa da niretzat, eta batzuetan gaixotasuna ere bai (barre).



Edonon lan egin behar izan duzu?
Bai, aritu izan naiz antzokietan 2.000 lagunen aurrean telebista zuzenean emititzen ari zela eta baita askotan herri txikietan edari-freskagarrien kaxen gainean sasi-agertoki inprobisatuetan. Bilboko dantzalekuetan goizaldeko 03:00retan magia ikuskizunak egiten ibilitako magoen azken belaunaldikoa naiz ni.

Magiari izena emateko lan handia egin duzue…

Bai. Magia jaialdi handiak antolatzen ditugu Barakaldon, Bilbon, Basaurin, Sopelan… eta munduko mago onenak ekarri ditugu. Lan handia izan da, baina magia ezagunagoa da orain. Beste mugarri garrantzitsu bat izan zen Euskal Herriko Unibertsitatean magiari buruzko tailerra egitea. Lehenengo aldiz sartu zen diziplina hau Estatuko unibertsitate batean.

Zein da zuen esparrua, magia, ilusionismoa?
Hiru kontzeptu erabiltzen ditugu: magia, ilusionismoa eta prestidigitazioa. Magia iluna eta ezezaguna den guztia da, horren barruan budu eta halakoak ere badira. Ilusionismoa da ilusioa sortzeko artea, irrealak truku eta tekniken bidez erreal itxura hartzea ikuslea dibertitzeko. Eta hirugarrena prestidigitazioa da. Prest-ek azkarra esan nahi du eta digi-k atzamarra; hortaz, esku-trebetasunarekin eta beste teknikekin egindako magia da. Baina jendearentzat hirurak dira berdinak, trukuekin dibertitzea, irreala dena erreal bihurtuz. Nola egiten den, ez da hain garrantzitsua.

Nori zuzenduta dago magia?
Magiak hartzaile-mota oso zabala du; ikuskizuna ona bada, 7 urtetik 99 urtera bitarteko edozeinen gustuko izango da. Eta programatzaileentzat ere aproposa da, oso azpiegitura txikia behar delako, kalean ere egin daiteke…



Mago Fabrika zabaltzea aspaldiko ametsa al zen?

Magiarekin lotuta ehunka gauza egiten ditugu eta ikuskizun gehienetan norbait etortzen zaigu magia ikasi nahi duela esanez. Orain arte, nahiz eta tailer ugari eginak ditugun, ez genuen jende hori nora bideratu. Orain kokapen fisiko bat daukagu.

Zer nolako eskaintza duzue?

Irakaskuntza ez arautua da, baina egituratua. Hiru tailer nagusi bereizten ditugu: bata, 6 eta 9 urte bitartekoentzat. Adin horrekin ikasteko gaitasun txikia dago; horregatik, Ludoteka Magikoa izeneko modulu-tailerra egiten dugu. Truku eta magiaren arteko desberdintasunak azaldu, magia nola ikusi, sekretuaz disfrutatu… Gainera, jostailuak egiten erakusten diegu. Bigarrena 10 eta 14 urte artekoei zuzenduta dago. Magia gehiago lantzen dugu eta gaztetxoen hezkuntza baloreak indartzen saiatzen gara: ahozko eta ez-ahozko komunikazioa, diziplina, auto-estimua, akats bat egiteari nola aurre egin… Eta hirugarrena, 14 urtetik gorakoentzat da. Magia nola egin sakontzen dugu. Horrez gain, mintegi eta tailer ugari antolatzen ditugu: erretiratuei zuzendutako ‘Irakatsi magia bilobei’, enpresa-munduari begira antolatutako tailerra, non magia aplikatzen den komunikazioa errazteko… 

Edozeinek ikas dezake?
Bai. Gehienen kezka da eskuetan trebetasun txikia edo esku txikiak dituztela, baina ez da garrantzitsua. Ondo ikasi eta asko praktikatuz gero, gauza asko egin daitezke arlo amateurrean. Eta ezinbestekoa da disfrutatzea. Edozein diziplinatan, lehenik eta behin gustura aritzea, eta ondo ikasiz gero, gerora sakontzeko aukera. Eskuen trebetasuna baino askoz garrantzitsuagoa da komunikatzaile ona izatea. Jendea zurekin aspertzen bada, akabo!



Nolako harrera izaten ari da eskola?
Uste genuen helduak baino ume gehiago izango genituela, baina alderantziz izan da, gaur egungo umeak oso lanpetuta daudelako. Horregatik, Jaurlaritzan proiektu bat aurkeztu dugu eskolaz kanpoko aktibitate gisa egiteko. 

 


B1
07-02-2013
16286871
227