detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Antoni Tàpiesen pintura

Antoni Tàpies (1923-2012) 2012ko otsailaren 6an hil zen Bartzelonan. Espainiako gerra osteko artistarik handienetakoa izan da.

“Dau al Set” taldeko kidea eta J. Brossarekin batera kataluniar informalismoaren margolaririk ezagunena izan da.

 

"Artearen mamia ez da soilik teknika piktorikoen kontu bat, pentsamenduaren diziplina bat baizik."

K. Power


Gaztetan Zuzenbide ikasketak egiten hasi zen baina laster unibertsitatea utzi eta pintatzen hasi zen. 50 eta 60ko hamarkadetan bere inguruko paisaiak margotu zituen. 1956. urtean bakarkako lehen erakusketa egin zuen Parisen. Urte hauetan, diktaduraren erasoak, behin eta berriz, salatu zituen. 80ko hamarkadaren hasieran margotzeko bere teknika aldatu zuen, pintura materikoari garrantzia emanez. Arteari eta estetikari buruz saiakerak argitaratu zituen.

Tapies eta Informalismoa

Composición con ropa y cuerda

 

Informalismoa eta Espresionismo abstraktua 60ko hamarkadan nagusitu ziren Espainian. Informalismoak edo formarik gabeko arteak arrakasta handia izan zuen Katalunian. Tàpiesek materiaren izaera aztertu nahi izan zuen, pintura materikoa landuz. Bere artelanak egiteko papera, buztina, oihala, hondarra, goma-aparra, egur-zatiak, ehuna eta abar nahastu zituen.
Picasso eta Braque arte afrikarraz baliatu ziren beraien joera estetikoa aberasteko. Antoni Tàpiesek, berriz, ekialdeko filosofian oinarritu zuen bere estilo informala.
Ekialdeko kulturaren eragina, 80. urtetik aurrera, funtsezkoa izan zen bere pentsaeran. Bere artelanak gogoetaren osagarri bihurtu ziren. José Angel Valente idazleak dioenez, Tàpiesentzat materia eta forma ezin dira banandu. Forma figura da eta figura, berriz, forma.

Giza existentzia izan da Tàpiesen kezkarik nagusiena. Beti saiatu da gizakiak jasaten dituen ondoezak, bai fisikoak bai psikikoak, aztertzen. Arazo honi erantzun nahian hasi zen maixu budisten pentsaera aztertzen eta beraien ikuspegi metafisikoa eta mistikoa bere bizitzako gida bihurtu zen. Tchao-pien maisuaren hitz hauek gogoratzen dizkigu Tàpiesek: “Ezertan pentsatu gabe, gelditasunean murgilduta, nire espiritua iturri gardeneko ura bezala doa inolako oztoporik gabe”.

 

 

 

 

 

Cruz y tierra

 

Tàpiesek asmatutako hizkuntza berri hau ikur, urratu, hizki eta ustekabeko ezaugarriek osatzen dute. Esate baterako, koadro askotan margotzen du gurutzearen zeinua, baina bere esanahiak ez du zerikusirik kristautasunarekin.
Gurutzeak bizitzako kontraesanen, jarrera baikor eta ezkorren eta dualismo guztien elkargunea adierazten du.
Gurutzea, era berean, Teresa, bere emaztea eta Tàpies, hitzen sinboloa da.

Antoni Tàpiesek utzi duen ondarea oso handia da: 2.300 pintura eta eskultura eta 3.100 marrazki eta litografia.
Guztia Bartzelonari, bere jaioterriari, utzi dio.
 

Segidan, Euskal Telebistak Antoni Tàpies artistaren heriotzaren berri emateko prestatutako bideoa duzu ikusgai. Hona hemen bertan entzungo duzunaren transkripzioa:


Bere Bartzelonako etxean hil da Antoni Tàpies artista katalana. Laurogeita zortzi urte zeuzkan XX. mendeko ikur bilakatu den gizonak. 40. hamarkadan erakutsi zuen bere lehenengo lana. Ordutik ez da gelditu. Tàpiesek bere bide partikularra egin du artean, bere kabuz ikasi baitzuen dena.


 


detalle2

Docuteca

B2
28-02-2012

x61pRelaContWAR

  • Juanjo Dorronsoro
16285007

x61pViewCountWAR

4991

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR