Aldizkari Digitala
Joana Mendiburu, BASLINK webgunearen sortzailea
Joanak muga txikitatik natural igaro izan du, eta horrela ulertzen du berak Euskal Herria: nortasun bakarreko eta mugarik gabeko herria. Horregatik sortu du Euskal Herri osoko turismo-eskaintza biltzen duen lehen webgunea.
“IPARRALDEA ETA HEGOALDEA ELKARTUTA, BISITARIEK ETA GUK IRABAZIKO DUGU”
Joana Mendiburu Garaiar (1976, Senpere). Euskal Filologian, eta Giza Zientzian eta Enpresan lizentziaduna, Baionako Unibertsitatean eta Mondragon Unibertsitatean. Iparraldean sortu eta azken urteetan hegoaldean bizi den arren, berriki Hazparnera joaten da lanera. Joanak iparraldearen eta hegoaldearen arteko mugak txikitatik natural igaro izan ditu, eta gisa horretan ulertzen du berak Euskal Herria: nortasun bakarreko eta mugarik gabeko herria. Horregatik, Euskal Herri osoko turismoa-eskaintza biltzeko eta sustatzeko lehen webgunearen sortzailea da Joana: www.basklink.com.
Joana, Elhuyarreko erredaktore, Bertsozale elkarteko eta Harman komunikazio eta marketing enpresako kudeatzaile izan zara, eta, orain, Basklink.com proiektuaren sortzaile eta zuzendaritzako bat. Nolatan bururatu zitzaizuen Basklink.com proiektua sortzea?
Iparraldekoa izan baina hegoaldean bizi naizenez gero, beti eduki dut Euskal Herriko turismoaren inguruan zer edo zer egiteko nahia. Era berean, jende askok galdetu izan dit: “Iparraldera joan nahi dugu, non lo egin dezakegu edo zer ikusi?”. Arantzatxo baten antzekoa nuen, oso gutxi ezagutzen zelako hegoaldean iparraldea. Hegoaldeko jendea ez da etortzen iparraldera eta, modu berean, iparraldeko jende asko ez da hegoaldera joaten. “Zerbait gertatzen da hemen”, pentsatu izan dut. Gogoeta horretatik abiatuta, Leire Agirrezabala eta biok Basklink.com garatzen hasi ginen.
Webgunearen sarrera
www.basklink.com Euskal Herri osoko turismo-eskaintza bildu eta sustatzeko lehen webgunea da. Zer du bereizgarri gainerako turismo eskaintzekin parekatuta?
Mugaz gaindikoa da gure eskaintza; horixe da gure bereizgarri nagusia. Mugaz gaindikoa izatean, guretzat ez dago Iparraldea, ez Hegoaldea. Eskaintza oso bat dago, turistikoa dena baina hemengo turistentzat ere baliagarria dena, guretzat alegia. Gure lurraldea hobeto ezagutzeko beharra dugu. Maiz, “Iparraldean non jango dugu? Ordutegia ez al da desberdina? Hobeto hemen geratzen bagara”, horrelako zalantzak ditugu. Hesi horiek poliki-poliki gainditzen lagundu nahi dugu.
Proiektua bera mugaren alde bietako pertsonen eta enpresen arteko lankidetzatik sortu da...
Suertez Hazparneko lantalde batekin elkartu ginen. Ideia berdintsua zuten beraiek ere, beharbada profesionalei bideratuagoa. Haiek, zehazki, erreserba-sistema propioa garatzeko ideiarekin zebiltzan, baina funtsean kezka bera genuen: Euskal Herriko turismoa bere osotasunean aurkeztu nahi genuen. Oso elkarlan polita eta lantalde ona osatu dugu, eta abentura berri bat hasi dugu elkarrekin.
Lan-taldea hegoaldekoek eta iparraldekoek osatzen dute.
Basklink.com webgunean zer aurki genezake?
Batetik, ibilbide tematikoak edo eskualdekoak ditugu. Tematikoak honako hauek dira: kulturala, gastronomikoa, familian egiteko planak, euria egiten badu zer egin, mendiko txangoak, herri xarmagarriak, etab. Horiek denak mugaz gaindikoak dira. Herri xarmagarrikoa aukeratuz gero, Sarara, Donibane Garazira, Donibane Lohizunera edo Biarritzera joatera gonbidatuko zaitu. Muga pasatuko dugu gero eta Donostiara, Getariara, Lekeitiora, Elantxobera, Guardiara, Elizondora, Santagrazira... ibilbidea proposatzen du. Webguneak ibilbideen inguruko informazio osoa eskaintzen du eta zenbateko iraupenekoa izan litekeen ere estimazioa egiten du, nahiz eta gero norberak erabakitzen duen zenbat denbora igaro leku bakoitzean.
Bestetik, ibilbide proposamenak eskualdeka ere eskaintzen ditugu. Ibilbide hauek eremu geografikoetan banatzen dira. Adibidez, Irati guretzat eskualde bat da: Irati basoa Nafarroan zati bat, Zuberoan beste bat eta Nafarroa Beherean beste bat. Hiru lurralde biltzen ditu. Bidasoa ere, adibidez, eskualde bakarra da, mugaren bi aldeek osatzen dutena. Bidasoa inguruan zer egin proposatzen dugu hor; kayakean Bidasoa ibaia jaitsi dezakegu, bidegorrian ibili… Bisita egiteko herri politak daude inguruan: Hondarribian pintxoak jan, Hendaian surfa egin eta hondartzan bainatu... Eskualdez eskualde egin daitezkeen jarduerak proposatzen ditugu sail horretan.
Bestalde, lo egiteko, jateko eta egitekoen direktorio bat ere badugu. Hainbat hotel, jatetxe eta zerbitzu agertzen dira bertan. Agenda bat ere aurkituko dugu, kultur eta kirol ekintzak ikusi… Agenda kulturalaren funtzioa, batez ere, kanpo bisitariak euskal nortasuna benetan ezagutzeko egin dugu. Pentsatzen dugu herrietako festak, adibidez, oso esperientzia politak izango direla bisitari batentzat. Izan ere, ikusi dugu oso bestelakoa dela euskal dantzak turistentzat prestatutako ekintza batean ikustea edo euskaldunek festetan dantzatuta ikustea. Gainera, pauso batzuk ikasten badituzte, askoz hobeto. Guk bigarren aukera horren bidez erakutsi nahi dugu Euskal Herria.
Orain arte ez da informazio hori guztia Interneten egon?
Bai, informazio hau Interneten badago. Baina, EAEk bere webgunea du, Nafarroak berea eta Iparraldeak, Biarnorekin bat eginda, berea. EAEren barruan ere, Gipuzkoak berea du, Bizkaiak berea eta Arabak ere berea. Eta Gipuzkoaren barnean, adibidez, Oarsoaldeak berea du, Azpeitia inguruak beste bat eta horrela besteak eta besteak. Eta atzerritarrek ez dute zertan jakin zatiketa administratibo hori nolakoa den. Konplikatuegia da. Euskal Herrian zenbat eta eskaintza oparoagoa zabaltzen dugun, bidaia luzeagoa egingo dute edo berriz itzultzeko aukera handiagoa izango da. Argi dago denok irabaziko dugula, turistek eta guk.
Muga politiko-administratiboez gain, geure buruan ditugun hesi horiek gainditzen laguntzen du zuen proiektuak?
Modu harrigarri batean barneratuak ditugu. Alemaniara joaten gara alemanez tutik ere jakin gabe eta ez da ezer gertatzen, baina iparraldera ez goaz, frantsesez ez dakigulako. Nola da posible? Beharbada lotsatu egiten gara gure herriko hizkuntza bat ez dakigulako, baina muga horiek hor daude, eta uste dut badela garaia hausten hasteko.
Kanpoko bisitarientzat muga horiek zailtasunak al dira?
Ikerketa baten arabera, muga pasatu duten bisitariak ohartu dira nortasun berdin bat dagoela. Etxeen arkitektura berdina ez bada antzekoa da, nahiz eta hegoaldea hiritartuago eta industrializatuago egon, baserriaren forma berdina da, festa egiteko modua mugaren bi aldeetan dago, hizkuntza bietan dago... Beraiek nortasun eta kultura berdin bat dagoela konturatzen dira, herri bat dela. Uste dut aurkikuntza hori oso polita dela.
2015eko eKop saria jaso dute, mugaz gaindiko enpresa ekimenari ematen zaion saria.
2015eko eKop saria, mugaz gaindiko enpresa ekimena jaso duzue. Zer da sari hori zuentzat?
Gehiago animatu gaitu. Egia esan, Hazparneko lantaldearekin egin genuen lehen bileratik argi ikusi nuen elkarrekin lana sendo egingo genuela. Proiektuan hasieratik sinesten dugu, baina orain erakunde publikoek egin dugun ibilbidea ongi baloratzeak gero eta gehiago animatzen gaitu. Gure proiektua ezagutarazteko eta medioetan agertzeko aukera zabaldu digu eKop sariak.
Etorkizunean zein urrats egingo dituzue?
Oraintxe gure lehenengo bidaia-paketeak sartuko ditugu, bertatik erreserbatzeko aukera izango da. Datorren urterako, berriz, hotelen erreserba jarriko dugu martxan. Orain hotelak ikusgai daude eta beraien informazioa dute, baina ezin daiteke bertatik erreserbatu. Hori ere egingo dugu. Gailu mugikorrentzako aplikazioak, geokokapenerako aplikazioak... horiek ere txertatzeko asmoa dugu.
MOTZEAN
Herri bat: Donibane Lohizune.
Hiriburu bat: Bilbo.
Jateko leku bat: Olhabidea jatetxea, Saran.
Ibilbide bat: Turismoari lotuta, museoena.
Paisaia bat: Urdaibaikoa.
Mendi bat: Irati basoa.
Hondartza bat: Zumaiakoa.
Euria egiten duenerako plan bat: Bodega batera joatea, adibidez.
Museo bat: Albaola, berriki ikusi dudalako eta zinez interesgarria iruditu zaidalako.
Ondare bat: Añanako gatzagak, ikusi nahi ditudalako eta Xabierko gaztelua, adibidez.
Festa edo jai bat: Horiek badira anitz, baina hola mugaz gaindikotasunetik ari garelako, Nafarroaren eguna, Baigorrin ospatzen dena.
Basklink da, Euskal Herriko turismoaren webgunea.
Hor atxemanen dituzue Ibilbide batzuk, ibilbide horiek izaten ahal dira, tematikoak, adibidez gastronomikoa edo kulturak. Badira beste ibilbide batzuk, muga administratiboetatik haratago joaiki direnak, Irati, adibidez, guretzat eremu bat da, eta lurralde desberdinetan kokatua da. Nafarroan, Xiberuan eta Baxe Nafarroan. Gero, hortaz gain, bada lo egiteko jateko eta egin daitezkeen aktibitateen direktorio bat, agenda bat eta bloga. Blog horrek pixka bat ahalbidetzen digu Euskal Herriko turismoaren inguruan sortzen diren berriei buruz idaztea eta aktualitatea segitzea.
Bai, webgune hau sortu genuen, bi publikori begira. Batetik euskaldunei begira, zeren eta ohartzen ginen euskaldunek maiz muga ez dugula pasatzen, hegoaldekoek ez dutela iparraldea ezagutzen, eta gisa berean iparraldekoek ez dutela hegoaldea ezagutzen. Berdin erran dezakegu, arabarrek ainitz ez dutela Gipuzkoa ezagutzen, edo gipuzkoarrek Araba. Beraz, bada barne-turismo bat sustatzeko nahia.
Eta gero, atzerritarrei begira lan egin nahi genuen ere, ikusten dugulako iparraldean badirela milioi bat bisitari gutti gorabehera urtero, eta horietatik gutti batzuk iragaiten dute muga, baina, alta, bada pentsatzen dugu beraientzat ere interesgarria den eskaintza bat nagusiki kultura eta gastronomia eskatzen dutelako, eta justuki hori da eskaintzen dena, beraz pentsatzen genuen interesgarria zela dena webgune batean biltzea eta eskaintzea bisitariari ere egiazko euskal kulturaren lurraldea-edo ezagutaraztea.
MOTZEKOAK:
Donibane Lohizune
Bilbo
Olhabidea jatetxea, Saran
Turismoari lotua, ba museoena.
Urdaibai
Irati
Zumaiakoa
Bodega batera joatea adibidez
Albaola, berriki ikusi dualako eta zinez interesgarria iduritu zaitelako
Añanako gatzagak, ikusi nahi ditudalako, eta Xabierko gaztelua, adibidez.
Horiek badira ainitz, baina hola mugaz gaindikotasunetik ari garelako, Nafarroaren eguna, Baigorrin ospatzen dena.
