detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Igeldo jolas-parkearen xarma 100 urteren ondoren

1912ko abuztuaren 25ean inauguratu zuten Igeldoko jolas-parkea, eta duela gutxi egin dituzte mendeurreneko ospakizunak. Jolas-parkearen garaikoak dira, baita ere, Donostiako zenbait eraikin enblematiko, esaterako: Maria Cristina hotela eta Perla. Denboran gertatutako aldaketara egokitzen jakin izana izan liteke hainbeste urteko bizirik irauteko arrazoia.

Donostiako hainbat eraikinek 100 urte bete dituzte aurten. Isabel II. erreginak azaleko arazoak zituen, eta horiei aurre egiteko medikuek itsasoko urarekin egindako tratamenduak gomendatu zizkioten. Hala, Gorteko turistak Donostiara joaten hasi ziren, eta hiriak sona handia hartu zuen. 'Belle Époque' garaia deitu izan zitzaion. Ordukoak dira La Perla, Maria Cristina hotela eta Igeldoko jolas-parkea eta funikularra, besteak beste.

Igeldoko jolas-parkea
Evaristo San Martin abokatuak Igeldo mendian jolas-parke bat eraikitzeko ideia izan zuen. Garai hartan Uliako eta Martuteneko jolas-parkeak zeuden Donostian. 1911n  Igeldo Mendia Elkartea sortu eta lursailak erosi zituen San Martinek (orduan Mendihotza izena zeukan lekuak).


Hasieran, jolas-parke hark kasinoa eta jatetxea izan zituen, baina garaiko egoeren arabera moldatuz eta aldatuz joan da parkea. Jokoaren debekuaren garaian kasinoa itxi eta atrakzioak jarri zituzten: Mendi Suitzarra, Ibai Misteriotsua, kanoen putzua eta Labirinto Handia. Dantzalekua eta zinea ere egon izan dira Igeldon.


Gaur egun, Donostiako leku berezienetakoa da Igeldo. Urtean, batez beste, 400.000 bisitari izaten dituzte. Hiru bisitari-mota daudela azaldu digu Pilar Pascual Igeldo Mendiko zuzendariak: batetik, terrazak eskaintzen dituen panoramikak gustuko dituzten turistak daude; bestetik, familiak daude –Donostiakoak edo ingurukoak izaten dira, eta jolas-parkera etortzen dira umeekin–; eta, azkenik, funikularraren erabiltzaileak daude.

Mendeurreneko ospakizuna
1912ko abuztuaren 25ean inauguratu zuten jolas-parkea. Hala, 2012ko abuztuaren 25ean egin zuten mendeurren-ospakizuna. Xabi San Martinek, La Oreja de Van Gogh talde ezaguneko kideak, abesti bat eskaini zion parke zaharrari eta Tolosako Gorrotxategi txokolate-dendako gozogileek txokolatezko eskultura egin zuten. Gainera, zinema zaharra egondako aretoan argazki zaharrak proiektatu zituzten Aitonaren argazkia izeneko saioan. Egun horretakoez gain, beste hainbat ekintza ere egin dituzte urtean zehar. Pascual zuzendariaren esanetan, urte intentsua izan da; ekitaldi asko egin dituzte eta erantzun ona izan dute. Azkeneko ekitaldia Kutxa Kultur Festibala izan da (irailaren 7an eta 8an egin zuten).
 

Pascualen ustez, jendeak asko baloratzen du parkeak 100 urte bete izana: “Hain zuzen, hori da parkearen erakargarritasuna, orduko xarma gordetzea; garaian garaikora egokitu gara”. Bestalde, kokapena ere asko baloratzen dute: “Gaur egungo Donostiako postala Igeldotik hartutakoa da”. Garaiaren arabera langile-kopurua aldatu egiten den arren, gutxi gorabehera 45 lagunek egiten dute lan Igeldo Mendian.

Funikularra
Igeldoko funikularrak inauguratu zeneko ekipamendu eta bagoiekin jarraitzen du eguneroko joan-etorrian. Mundu osoko funikular gutxiri buruz esan daiteke hori. Bagoiek oraindik ere hasierako egurrezko karrozeria dute, aldaketa txikiren bat gorabehera. Estatuko funikular guztien artean hasierako itxurari gerora eutsi dion funikular bakarra da Igeldokoa. Makinaria eta bi gidari (bagoi bakoitzean bat) behar dira funikularrak ondo funtziona dezan. Tibi Dabo eta Vallvidrerako funikularren ondoren, Espainiako estatuan eraiki zuten hirugarren funikularra izan zen Igeldokoa. Gaur egun, garai hartan egindako bakarra da.

Maria Cristina hotela
Maria Cristina hotela 1912an eraiki zuen Charles Mewes arkitekto frantziarrak (Pariseko eta Madrileko Ritz hotelak eraiki zituen bera). Uztailaren 9an ireki zituen ateak hotelak, eta, nola ez, Maria Cristina erregina izan zen lehenengo bisitaria. Landó eder batean iritsi zen hotelera Aguilar de Campoko markesarekin batera.


Lehenengo mundu-gerran Maria Cristina hotela politikari eta artisten batzar-lekua izan zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren hotela handitu eta berritu egin zuten. 1948an, Manuel Urcola arkitektoak U forma eman zion, eta 1985ean, Jose Miguel Martin Herrera arkitektoaren eskutik, bost izar lortu zituen.

Testua: Arantzazu Ezkibel
Argazkiak: Arantzazu Ezkibel eta Igeldo Mendia S.A.


 


detalle2

Docuteca

B1
18-09-2012

x61pRelaContWAR

  • Arantzazu Ezkibel (Arteman Komunikazioa)
16264391

x61pViewCountWAR

8408

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR