detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Artzain gazteak

Gaur egun ere badaude, baina haien bizimoduak ez dauka zerikusirik garai batekoarekin.

"Hemen lana astelehenetik igandera izaten da"

Eneko Goiburu Murua (Segura, 1976) artzaina da, eta bere arbasoak ere lanbide horretan aritu ziren urtetan. Enekok 2015-2016 ikasturtean artzain izateko ikasketak burutu ditu Oñatiko Gomiztegi Artzain Eskolan, sei hilabetez. Orain, Segurako Ondarre baserrian, bere jaiotetxean, 120-130 bat buruko artaldea dauka, gazta egiten du eta, horrez gain, landa-turismoa eta museo txiki bat ere baditu.

Lehen Donostiako Matia Fundazioan egiten zuen lan, baina zerbait berea egin nahi zuenez, baserrira itzultzea erabaki zuen, bere aitona eta birraitona bezala, artzain izateko. “Gazta egitea niretzat hobby bat da, ez da lana”, aitortu digu Enekok. Gainera, 2014. urtean, Ordizian egiten den Idiazabalgo gazta-lehiaketa preziatua irabazi zuen.  Artzainen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egin dugu Goibururekin.

1.    Zergatik erabaki zenuen artzain izatea?
Ez da erabaki erraza izan. Ni hemen jaio nintzen, Segurako Ondarre baserrian, eta, ikasketak egin baditut ere, beti baserriko lanetan laguntzen ibili naiz. Nire gurasoek baserria zuten lanbide eta guk lagundu egiten genuen. Unibertsitatera joan nintzen, baina honek beti erakarri izan nau. Duela urte-pare bat, nire gurasoek erretiroa hartu behar zuten, eta nik, hamar edo hamabost urte inguru lanean igaro ondoren, neurea den zerbait egin nahi nuen. Beraz, bizitzak hona ekarri nau: baserritik eta ardietatik bizitzera.

2.    Zein da zure egunerokoa? Zenbat abere dituzu artaldean?
Baserrian beti dago zerbait egiteko, eta, gainera, landa-turismoa eta museotxo bat dauzkagu. Nire egunerokoa urte-sasoiaren araberakoa da. Gure aktibitate nagusia ardiak dira. Hauek azaro aldean arkumeak edukitzen dituzte (bost hileko umealdiaren ostean) eta hogeita bost egun igaro arte ezin zaizkio arkumeak kendu; hortaz, Gabonen inguruan izaten da. Orduan gazta egiten hasten naiz, bi egunetik behin ardiek esnea ematen baitute, ekainera arte gutxi gorabehera. Beraz, hori da nire egunerekotasuna: goizean sei eta erdietan etorri, ardiak jetzi, jana eman eta gazta egiten hasten naiz. Eguraldi onarekin kanpora ateratzen ditut… Horrela ibiltzen naiz azarotik maiatza-amaierara bitartean. Hala ere, guk zortea dugu, etxe inguruan lursailak baititugu, urrutira joaten ibili gabe; eta, horrela, ardiek lan gutxiago ematen dute.

Uda-garaian, berriz, landa-turismoan izaten dut lan gehiago: erreserbak aztertu, mezuei erantzun, oheak egin, gosariak eman… Astelehenetik igandera izaten da. Eskerrak gurasoek astebururen batean libratzen uzten didatela! Ni baino gutxiago libratzen direnak badaude.

3.    Artzainak ardi asko izaten ditu, baina zenbat zakur dituzu?
Guk bakarra. Lursailak gertu ditugu eta ez dugu beharrik. Erraz moldatzen naiz 120 abere inguruko artaldearekin, zakurrik gabe. Batzuek 500, 600 edo 700 buru dituzte edo mendira joan behar izaten dute lursailik ez dutelako… Hala ere, artzainoi ez zaigu ardi-kopuruaz hitz egitea gustatzen…

4.    Zer da gehien gustatzen zaizun lana? Eta gutxien?
Niri baserriko lan guztiak gustatzen zaizkit. Naturarekin harremanetan nago, nire etxean, eta oso eroso sentitzen naiz. Hala ere, gazta egitea da ziurrenik gehien gustatzen zaidana. Baina ardiekin kanpoan ibiltzea ere bai. Niri kanpoko lanak asko gustatzen zaizkit.

Gutxiena, berriz, denborazkotasuna da: garai batzuetan, egunak oso luzeak izaten dira eta asteburuak… Kuadrillakoekin zerbait hartzera ateratzea gustatzen zait. Beraz, baserrira etortzea orduantxe kostatzen zait gehien.

5.    Artzain izan nahi zenuela erabakita, zergatik joan zinen artzain-eskolara?
Hemen jarraitzea erabaki nuenean, gurasoei esan nien. Artzain-lanbidea ezagutzen nuen, baina aitak eskolara joateko esan zidan “teknika berriak eta gauza berriak ikasteko” komenigarria izango zelako. Gogo handirik gabe joan nintzen, baina egunerokotasunean erabilgarriak diren hainbat gauza ikasi ditut. Ez da ikastaro luzea; sei hilabete izan dira eta ondo moldatu naiz.

6.    Aurreko belaunaldiek ez dute artzain-ofizioa eskolan ikasteko aukerarik izan. Zein alde dago beraien eta zuen lan egiteko moduaren artean?
Ez da hainbeste aldatu, baina egia da sendagaiak eta janaria aldatzen ari direla… Orain, neguan, artaldea ukuiluan edukitzen dugu, barruan. Garai batean, nire aitona edo birraitona kostaldera joaten ziren, eguraldia epelagoa zelako eta belar gehiago zegoelako. Ohitura hori galdu egin da. Udan, berriz, mendira joaten ziren, eta hori orain egiten bada ere, galtzen ari da.

Horrez gain, teknologiak gauzak aldatu ditu. Gazta egiteko, adibidez, dena herdoilgaitza da, termometroak, ph neurgailuak… erabiltzen ditugu, eta lehen ez zegoen horrelakorik. Azkenik, ikastaroak ere eskaintzen dira… Gauza horiek aldatu dira, baina funtsean, % 90, oso antzekoa da.

7.    Zure lanbidea tradizio handikoa da Euskal Herrian, baina gero eta gutxiago zarete ardiekin lanean zabiltzatenak. Zein izan da zure lanbidearen garapena?
Azpiegiturak asko aldatu dira, ardiak jezteko tresnak… Guztia mekanizatuagoa dago. Guk ez dugu horrelakorik erabiltzen artalde txikia dugulako. Etorkizunean zer izango den? Gero eta artzain gutxiago daude, baita baserri inguruan bizi diren pertsonak ere. Nire ustez, industrian eta zerbitzuetan lan egitearekin parekatu beharko da lanbide hau, aurrera joateko. Bost egunez ez bada seiz, eta hamar bat ordu egunean lan eginez. Horretara iristea espero dut, bizitza soziala izateko.

8.    Transhumantzia gaur egun egiten da? Ez dakitenentzat, azalduko diguzu zer den?
Transhumantzia Europan, Espainian eta Euskal Herrian egiten da. Nire birraitonak eta aitonak, esaterako, maiatzetik irailera bitartean, Urbiara joaten ziren, bost hilabeteak bertan pasatzera. Gero, Seguran bi hilabetez egon, eta hotza egiten hasten zenean, kostaldera joaten ziren.  Helburua zen artaldea ondo egoteko baliabideak topatzea. Gaur egun, kostaldera joatea erabat galdu da, baina oraindik joaten dira mendira. Duela 40 urte Urbian 30-40 artzain egoten ziren, eta orain, erdia baino gutxiago.

9.    Artzain gisa bizi zaitezke?
Ez da hileroko soldata. Urrian edo azaroan, ardiei janaria ukuiluan ematen diegu: artoa, oloa, zerealak… Hori erosi egiten dugu, ordaindu. Horren errentagarritasuna gaztaren salmentarekin egiten dugu, martxotik aurrera. Beraz, neguan ez dugu diru asko irabazten, martxotik aurrera bai. Hala ere, bizimodua atera daiteke, baina bokazioa eduki behar da. Baserriaren ingurukoa maite egin behar da. Ez da zortzi orduko lana, astelehenetik ostiralera.

10.    Zein uste duzu dela lanbide honen etorkizuna? Zergatik?
Ni baikorra naiz. Jende askok bukatzen ari dela esaten du, baina nik lanbide hau duen gazte asko ezagutzen ditut. Agian ez gara duela hogei urte bezainbeste izango, baina jarraituko du. Gainera, gure produktuak estimatzen direla uste dut. Lanbideak jarraitzeko, bizi-kalitate egokia eta soldata duina ezaugarri garrantzitsuak direla uste dut. Transhumantzia, kostaldera joatea… hori gal daiteke, baina euskaldunak oso ohiturazaleak gara eta aurrera jarraituko dugu.
 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1.    Zergatik erabaki zenuen artzain izatea?
Ez da hain erabaki erraza, poliki poliki denborarekin etortzen dena da. Azkenean, ni hemen jaio naiz, Ondarre baserrian jaio naiz eta, ba beste baserriko gazte asko bezala. Nire ikasketak egin ditut, baina beti hemen lanak izan dira, ze nire aita eta ama baserritik bizi izan dira beti. Orduan esku bat bota izan dugu, bai nik eta bai nire anaiek. Eta nik beste ikasketa batzuk egin nituen, unibertsitatera joan nintzen, aritu naiz beste lan askotan, eta beti tira egiten dizu. Ni beti hemendik pasatu izan naiz, beti egunero egunero hemendik pasatu izan naiz. Orain iritsi dela, duela urte pare bat, nire gurasoak jubilatzeko garaia, ba esan non (nuen), neuken (neukan) ia neramatzan hamar-hamabost urte beste lan batzuetan, eta nahi nuen zerbait neurea egin. Eta hemen neukan alternatiba eta gero baserri-mundua asko gustatzen zait, naturarekin kontaktuan egotea, norberak zerbait egitea, ardiak asko gustatzen zaizkit eta gazta egitea niretzako da hobby bat, niretzat ez da lana. Orduan, da pixka bat hortik: biziak ekartzen zaitu, ekarri nau, nahita edo nahi gabe artzain izatera edo behintzat baserritik eta ardietatik, gaztagintzatik bizitzea.

2.    Zergatik erabaki zenuen artzain-eskolara joatea?
Garbi garbi esango dizut. Nik hemen jarraitzeko pixka bat erabakia hartu eta gurasoekin hitz egin nuenean, ba nik pixka bat ofizioa ezagutzen dut, bizi guztian eduki ditugu ardiak eta bizi guztian manejatu (gobernatu) izan ditugu. Beti lagundu izan diet gurasoei , bai gazta egiten, saltzen, gauza guztietan… Baina aitak berak esan zidan, komenigarria zela joatea eta pixka bat gauza berriak, eta teknika berriak eta manejo berriak ezagutzea. Eta joan nintzen, gainera ez neukan gogo handirik joateko, baina joan nintzen eta ba bueno, beti ikasten da zerbait. Eta bai, ikasi ditut gauza batzuk, interesgarriak eta egunerokotasunean erabilgarriak. Orduan pixka bat hori, izan zen aitak esan zidana, neuk buelta bat eman nion eta gero ez da oso kurtso luzea, sei hilabeteko kurtso bat da. Eta orduan ematen zidaten erraztasunak hemen lan egin eta goizeko bederatzi eta erdietarako joateko. Oso goiz jaikitzen naiz, jaiki izan naiz kurtsoan nengoen bitartean, baina pixka bat hortik.

3.    Artzain bezala bizi zaitezke?
Desberdina da, ez da hilabeteko soldata. Adibidez, esplikatuko dizut. Guk gastatzen dugu, neguan, pixka bat jana barruan eman behar zaio, orduan, artoa, oloa, zerealak erosten ditugu, eta zereal horien kostua ordaintzen dugu urrian edo azaroan. Horren errentabilitatea ateratzen dugu gazta saltzen dugunean, baina gazta saltzen hasten gara martxotik aurrera, orduan, pues bueno, negua izaten da errentabilitate aldetik ere diru gutxiena irabazten duguna eta gazta saltzen hasten garenean gehiena irabazten duguna. Ez da beti hilabetero soldata bat, eta bizimodua atera daiteke. Egin behar da duzuna da bokazioa eduki, eta bai natura, bai abereak, eta bai kanpoan ibiltzea eta… Azkenean, baserri inguruko eta mendi inguruko bizitza gustatu eta maite izan behar duzu. Bizitza ateratzea badago, baina ordu dezente lan eginda. Ez dira egunen zortzi ordu astelehenetik ostiralera.

4.    Zein da artzaintzaren etorkizuna?
Nik positiboki pentsatzen dut. Jende askok esaten du bukatzen joango dela, gero eta gutxiago gaude… Baina nik gazte dezente ezagutzen ditut aktibitate honetan ari direnak eta nik uste dut jarraituko dugula lanbide honekin. Azkenean da moldatzea bakoitzak, ba bueno, bizi-kalitate egoki bat edukitzea, eta soldata duin bat edukitzea. Pixka bat ardiekin, azkenean bilatu behar duzuna da hori, bizi-kalitate egoki bat edukitzea. Eta nik uste jarraituko duela, igual ez gara orain dela hogei, edo orain hain artzain izango hemendik aurrera, baina nik uste dut bai jarraituko dela. Eta gero, nik, iruditzen zait baita, guk egiten ditugun produktuek badutela estimazioa. Gero eta produktu gutxiago badago, estimazioa ere seguruenik handitzen joango da. Orduan nik uste aurrerago ere izango direla artzainak. Beti aldatuko dira transhumantzia, mendia edo kostaldera joateko ohitura horiek, jada batzuk galdu direnak. Gauza horiek aldatzen joango dira, baina, nik uste, gainera euskaldunok oso ohiturazaleak gara eta nik uste jarraituko, egongo dela jendea jarraituko duena aktibitate hauekin.

detalle2

Docuteca

B2
25-11-2016

x61pRelaContWAR

16244557
00:04:57

x61pViewCountWAR

6827

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR