Haur bat adoptatuko zenuke?

Ume Alaia elkartea umea adoptatu duten familiek osatzen dute. Xabi Calvillo elkarteko lehendakariarekin egon gara hizketan.

Ume Alaia elkarteko Xabi Calvilllo

Haur bat adoptatzeko prozesua oso luzea eta gogorra da. Edo hori entzun dugu guztiok noizbait. Hainbat paper bete, ikastaroak egin, haurraren jatorrizko herrialdera bidaiatu, familia  bezala probak gainditu… Zenbat gauza egin behar dira umea etxera ekartzeko?

Ibilbidea luzea da, baina saria betiko izango da: haur horrek familia bat izango du azkenean. Askotan, adopzioa familiaren begietatik ikusten dugu, baina umearen gabeziak ez al dira garrantzitsuagoak? Adopzioa haurrak babesteko neurria da, ez guraso izateko nahia asetzeko neurria. Edo hori esan digu, behintzat, Xabi Calvillok. Bera Gipuzkoako Ume Alaia elkarteko lehendakaria da, eta elkarte horrek umea adoptatu duten hainbat familia biltzen ditu. Xabi duela zortzi urte da lehendakaria, eta haurren adopzioaren inguruan jardun dugu berarekin.

PROFILAK
Adoptatzeko modukoak diren haur gehienak zazpi urtetik gorakoak dira, edo neba-arreba bat baino gehiago dira (guztiak batera adoptatu behar dira) edo gaixotasunak dituzte (larriak edo ez hain larriak). “Horregatik, prozesua oso mantso badoa, behar bereziak dituzten umeak adoptatzen dituzte, prozesua azkarragoa delako”, azaldu digu Xabik.

Gurasoak, berriz, bikoteak (homosexualak edo heterosexualak) edo familia monoparentalak (pertsona bakarrekoak, gehienetan emakumeak) izaten dira. Beste modu batzuen bidez haurdun geratzea lortu ez dutelako adoptatzen dute: “Modu naturalean saiatzen dira, ondoren intseminazioz, eta, azkenik, adopziora iritsten dira. Hau txarra izan daiteke haurrarentzat, azken aukera dela sentitzeko arriskua dago”.

PROZESUA
Haur bat adoptatu nahi dugunean, Foru Aldundira joan behar dugu, hori da lehenengo pausoa. Bertan, bi aukera izango ditugu: adopzio nazionala edo nazioartekoa. “Lehen bataren edo bestearen artean aukeratu behar zen. Orain, ordea, espedientea bietan ireki dezakegu, prozesua azkartzeko”, azaldu digu Gipuzkoako Ume Alaia elkarteko lehendakariak.

Edozein bide hartzen badugu ere, baldintzak azalduko dizkigute eta psikologikoki, sozialki, familiarki… ebaluatuko dute gure kasua. Eskaintza hori egin ondoren (guk eskainiko diogu familia bat haurrari) herrialdeko baldintzen arabera neurtuko dute: “Umea adoptagarria bada, asignazio bat iritsiko da Diputaziora eta familiak onartuko du ala ez”. Herrialde bakoitzak bere prozesua du: batzuetan, aldez aurretik, umearen herrialdera joan behar da, zenbaitetan hiru bidaia egiten dira, besteetan bi eta beste batzuetan epaiketa bat pasatu behar da.

Integrazioan oso garrantzitsuak dira gurasoen gaitasuna, haurraren adina eta txikitako esperientziak.

Hala ere, Xabiren ustez, badago zer hobetu: “Batzuetan prozesua oso mantsoa da eta azkartu egin beharko litzateke. Gainera, harrera-familien garrantzia azpimarratu nahi dut, prozesuak iraun bitartean, haurrarentzat lekurik goxoena delako. Azkenik, umeak familia ona izatea bermatu behar da. Hor ezin da huts egin, eta, horretarako, proba asko gainditu beharko dira”.

BILAKAERA
Azken hamar urteetan, adopzioak beheranzko bilakaera argia izan duela aitortu digu Calvillok: “Lehen gehiago adoptatzen genuen, baina gehien adoptatzen zen herrialdeetan baldintzak aldatu egin dira eta, horregatik, gutxiago adoptatzen dugu orain”. Azken hamarkadan, Txinatik eta Errusiatik etorri dira haur asko, eta baita Bulgariatik eta Hungariatik ere, neurri txikiago batean. Lehenengo adibide hori hartuta, Txinan asko adoptatzen zen. Zein zen horren arrazoia? Herrialde karratua zen horretarako, txukuna eta zehatza: “Baina, duela zortzi bat urte, baldintzak zorroztu egin zituzten, eta horrek aldaketa nabarmena eragin du. Orain bertako ume gutxiago ekartzen ditugu”.

Horrez gain, prozesua luzeegia da familia askorentzat, eta, hori gutxi balitz, Foru Aldundiak adin-tarte bat ezartzen du gurasoen eta haurraren artean, gurasoak zaharregiak izango ez direla ziurtatzeko.

UME ALAIA ELKARTEA
Bide honetan, Ume Alaia elkarteak laguntza ematen die adoptatutako haurren guraso izan nahi dutenei. Irabazi asmorik gabeko elkartea da eta 1994an sortu zen Bizkaian, 2001ean Gipuzkoan eta duela bi urte Araban. “Erakundeen aurrean, elkarteak indarra ematen du eta kasu egiten digute. Gainera, familiek gugana jotzen dute zalantzak argitzeko, hitzaldiak edo ikastaroak ematen ditugu, familientzat lantegiak eskaintzen ditugu…”, azaldu digu elkarteko lehendakariak.

Zailtasunen inguruan galdetzean, Xabik berehala erantzun digu: “Gipuzkoako adopzioen % 20 biltzen dugu eta askok oraindik ez dakite elkartea existitzen denik. Hala ere, elkarte handi bat gara”.

Eta zu, horrelako elkarte batera joango zinateke? Haur bat adoptatuko zenuke? Zure ustez, prozesua nolakoa da? Egia da luzeegia dela?

Ainara Loiarte
Malutafilms


 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Zer da adopzioa?
Haur bat (haur batek) bere eskubidea dauka beti familia batean hazi eta bizitzeko. Orduan, adopzioa da haur bat (batek) gabezia daukanean, familia baten gabezia daukanean, familia bat emateko aukera, babes-neurri bat da.

Zein da adoptatzen duen jendearen profila?
Oro har, adoptatze-figura izan daiteke beste modu batzuetaz edo biologikoki haur bat izateko modurik izan ez duen familia bat. Ez da beti horrela izaten, baina gehiengoa izaten da beste modu batetik lortu ez duena. Izan daiteke familia heterosexual bat edo baita bikote homosexuala izan daiteke; alde horretatik ez dago diferentziarik. Gehiengoa, noski, heterosexualak izango dira. Horretaz gain, baita izan daitezke familiak, bikoterik gabekoak, monoparentalak deitzen direnak, bai emakumea edo gizonezkoa.

Nolakoa da adopzio prozesua?
Gaur egun adopzio prozesua oso luzea egiten da, batez ere, internazionalki adoptatzeko asmoa daukan familia batentzat. Prozedura, lehenbizikoa, izango da joatea Diputaziora informazio eske jakiteko zeintzuk diren bete beharrekoak eta, erabakitakoan, baita zer nolako adopzioa nahi duzun: edo nazionala edo internazionala (nazioartekoa); internazionala (nazioartekoa) bada baita jakin behar duzu ze herrialdetara jo nahi duzun. Orduan, hasten da prozedura bete behar dituzun eskakizun horiek betez eta ematen zaizu, Diputazioak ematen du, certificado bat ahalbidetzen duena gero adopzio batera jotzea, “certificado de idoneidad” deitzen dute.

Horrekin, joan zaitezke aurrera adopzioarekin. Internazionala baldin bada, bidaltzen da dagokion herrialdera, eta hango gizarte-zerbitzuak egingo dutena da, haurra izandakoan, eskaini eta zuk onartzen baduzu bidea daukazu adopziora jotzeko. Zenbait herrialdetan, bidaia bat egiten da eta han dena, paper guztiak betetzen dira eta epaiketa da eta guzti, notario aurrean edo behar den moduan. Beste herrialde batzuetan bi bidaia egiten dira: lehenengoa ezagutzeko haurra, bigarrena ia paperak epaile aurrean betetzeko. Beste herrialde batzuetan agian hirugarren bidaia bat ere eskatzen dute. Hor herrialde bakoitzak jartzen ditu bere baldintzak eta horiek dira bete beharrekoak.

Zein izan da adopzioaren bilakaera azken urteetan?
Azken 10 urteetan ikusi dena da gero eta adopzio gutxiago egiten direla. Alde batetik, familia gutxiago eskaintzen dira haurra adoptatzeko eta baita adopzio gutxiago gauzatzen dira. Gehien bat internazionalki (nazioartekoan) gertatu dena, herrialde askotan aldatu dira baldintzak, gogortu zenbait kasutan eta luzatu epeak. Orduan, familiak ikusten du ze etorkizuna daukan, zenbat urteren buruan lortuko duen bere haurra, eta horrek egiten duena da askotan atzera bota jendea.
 

Relacionador de contenido no está disponible temporalmente.
B1
13-05-2016
Relacionador de contenido no está disponible temporalmente.
16241803
00:03:49
9288