Aldizkari Digitala
Eureka!, Donostiako zientzia-museoa
Einstein, Edison, Arkimedes eta antzeko izen propioak ezagunak dira, baina haien lanak ez horrenbeste. Horri konponbidea emateko, Eureka! Zientzia-museoa sortu zuten 2001 urtean, Donostiako Miramon ingurunean. Garai hartan Zientziaren Kutxagunea izenarekin bataiatu zuten. Gaur egun, izena aldatu badiote ere, jakinduria-guneak mantendu egiten du hasierako helburua: zientzia zabaltzea ingurune dibertigarri batean.
Museoaren arduradunek nabarmendu nahi dute beraien asmoa dela hezkuntza dibertigarria egitea. Horregatik, bertako langile Idoia Mugicak beraien leloa ekarri du gogora: Debekatuta dago gauzak ez ukitzea! Modu horretan parte hartzera animatu nahi dituzte ikusleak; hau da, erakusketetan eta animazioetan gauzak ikastera eta ondo pasatzera.
Bi orduko bisita, gutxienez
Mugica museoaren edukiez arduratzen denez, primeran ezagutzen du zentroa. Eureka! deskribatzeko eskatu diogunean, hauxe erantzun du: “Erakusketa iraunkor oso ona du museoak, eta Hipatia izena jarri diogu”. V. mendean hil zen emakumezko matematikariaren omenez jarri diote izen hori erakusketari, eta zortzi aretok osatzen dute. Gune horietako bakoitzak zientziaren alor bat jorratzen du. “Erakusketa iraunkorra ikusteko, bi bat ordu gordetzea gomendatzen dugu”, azaldu du Mugicak.
Eureka!-ren leloa da Debekatuta dago gauzak ez ukitzea! Horregatik museoaren gauza gehienak interaktiboak dira. / Mikel Goñi
Hala ere, hori baino asko gehiago eskaintzen du museoak: planetarioa, animazioak, simulagailuak eta beste hamaika kontu ikus daitezke bertan. Mugicak gaineratu duenez, “pertsona batzuk museoaren lagunak dira; hau da, ia asteburuero etortzen dira; eta ez dut esango asteburuero zerbait berria dugunik, baina zertxobait bai”.
Erakusketa iraunkorra osorik aldatzea oso zaila da, honek 170 modulu inguru baititu, baina gerta daiteke baten bat aldatu izatea. Esaterako, duela 13 urte ireki zutenean, goiko solairuan teknologiari buruzko aretoa zeukaten, eta urteen poderioz tarte hori zaharkituta gelditu zen. Gogoan al dituzue duela 13 urteko telefono mugikorrak eta ordenagailuak?
Paperetik errealitatera pasa
Bakoitzak nahi duen moduan antola dezake bisita, baina bisitaria Mundu mekanikoa gunera iritsiko da sarrerako korridoreari jarraituta. Indarrak eta fisika mekanikoaren inguruko kontzeptuak jorratzen ditu gune horrek, eta ia denak ukitzeko modukoak dira. Mugicak azaldu digu: “Adibidez, palankaren legea paperez esplikatzen da normalean; hemen, ordea, palanka bat daukagu, eta 200 kiloko harria jaso dezakegu esku bakar batez”. Gauzak erakustea baino gehiago, arduradunen nahia da norberak esperimentu txiki horietan parte hartzea. Mugicak dioenez, “paperetik atera eta errealitatera ekarri; horixe egiten dugu”.
Animalia gutxi dago museoan, zoologikoa ez delako. Bertan dauden gutxiek lurraren bilakaera erakusteko balio dute. / Mikel Goñi
Museoko guneak
Hipatia izeneko erakusketa iraunkorra sei moduluk osatzen dute, “edo zortzi, segun eta nola kontatzen dugun”. Mugicak ñabardura hori egin du, giza gorputzari buruzko moduluak hiru zati dituelako. Aurretik idatzi dugun bezala, Mundu mekanikoa izeneko moduluak fisika jorratzen du. Energia-txinpartak aldeak, berriz, elektrizitatea; bere izaera eta bere erabilgarritasuna aztertzen ditu. Argi-jokoak da hurrengo aretoaren izena, eta bertan argiaren eta kolorearen oinarri zientifikoa azaltzen dute. Zentzumena eta sentikortasuna da bosgarren aretoaren izena; honetan erakusten dute ikusmenak, usaimenak, dastamenak, entzumenak eta ukimenak duten balioa informazioa jasotzeko.
Elektrizitate-ikuskizunaren irudi bat. Egunero erabiltzen dugun elektrizitatearen inguruko fenomeno bitxiak azaltzen dituzte animazio honetan. / Mikel Goñi
Azkeneko hiru guneak Zu izenaren azpian biltzen dira, nahiz eta bakoitzak bere toki eta izen propioa dituen. Bisitariak bere gaitasun fisikoa nolakoa den ezagutuko du Jar ezazu frogan zeure burua eremuan. Human Body tarteak, ordea, giza gorputzaren alderdi biologikoaren funtzionamendua azaltzen du. Azkenik, Plastination izeneko gela dago. Plastination-en giza gorputzaren barruko organoak nolakoak diren ikusiko du bisitariak. Are gehiago, bisitariaren begien aurrean benetako giza organoak egongo dira. 1977. urtean, Gunther Von Hagens anatomista alemanak plastinazioa asmatu zuen. Teknika hau organoen ura gai plastikoekin ordezkatzean datza. Bere helburua, berriz, Eureka! Museoa bezalako tokietan hezkuntza-jarduerak egin ahal izatea da. Mugicak dioenez, medikuntzako ikasle asko joaten da museoaren zati hau ikustera.
Familia-museoa
Mugicak azaldu digunaren arabera, adin guztietako pertsonak joaten dira Eureka! Museoa ikustera. “Hau familientzako museoa da, bai; baina helduentzat ere bada”. Dena den, arduradunak onartu du gutxi direla haurrik gabe doazen helduak. Hala eta guztiz ere, egun euritsuetan jende gehiago bertaratzen dela adierazi digu. Izan ere, egun-pasa egiteko aukera ederrak eskaintzen ditu guneak. Esaterako, sarrerak egun osorako balio du, eta bazkaltzera irten ondoren, berriro sartzeko eragozpenik ez dago.
Era berean, Hipatia erakarpen nagusia den arren, arduradunek eguneroko ikuskizun eta animazioak ere nabarmendu dituzte. Euskaraz eta gaztelaniaz egindako azalpen dinamikoak dira horiek. Zientifikoak izanagatik, animazio horiek entretenigarriak eta jarraitzeko errazak dira, Eureka!-n dauden beste kontu guztien modura. Egunetik egunera aldatzen dute azalpenen zerrenda, eta, hori dela-eta, museoaren arduradunek gomendatzen dute www.eurekamuseoa.es webgunea bisitatzea eta programazioa bertan kontsultatzea.
Segidan daukazu Idoia Mugicari egindako elkarrizketaren zati bat entzuteko aukera.
Plastinazioa
Gure gorputz barruan daude, zuk pentsa, % 66 ura garela, eta ur horrek... ur horri esker usteldu egiten dira gauzak. Ur ezean, ezin da zerbait usteldu, urik ez badago. Orduan, zer egiten dugu? Sartzen da azetonatan eta joaten da monitorizatzen, ikusten noiz egin den aldaketa. % 1eko ur-kantitatea gelditzen denean ehunaren barruan; orduan, jada kontsideratzen da gehiena azetonaz dagoela ordezkatuta. Bai? Orduan, gorputza dago berdin, baina ura zegoen lekuan azetona dago. Hortikan atera egiten da, jarraitzen dugu minus 15, minus 20, edo horrelako tenperatura batean, eta orduan bai sartzen dela plastiko batean. Horregatik deitzen dira plastinatuak. Plastiko arrunta? Bada ez, da polimero bat hotzetan likidoa dena, baina giro-tenperaturara igotzen denean gogortu egingo dena.
Docuteca
-
Mikel Goñi (Maramara Taldea)
