Elvis bizirik dago

1977ko abuztuaren 16an hil zen Elvis Presley musikaria.

Heriotzari muzin egin eta oraindik ere gure artean dagoela frogatzen duten arrazoi asko aurkitu eta zuentzat idatzi ditugu.
 

Rock and roll-aren errege

  • Rock and roll musikak aurreko guztiarekin puskatzea adierazi nahi zuen.
  • Belaunaldi berri baten sinbolo bihurtu zen Elvis Presley, bihurria zen, denen eta guztiaren aurka zegoena.
  • Beltza ez izan arren, maisuki interpretatzen zituen gospel, spirituals, rythm & blues estiloak, bere ahotsaz ikaragarrizko inflexioak egiteko gauza baitzen.
  • Gorputz elektrikoa zuenez, mugitzeko modu probokatzaileak sexu-grina pizten zuen.
  • Gazteentzat abesten zuen gaztea zen Elvis.
  • 60ko bake mugimenduak Elvisengan ere izan zuen eraginik.
  • Ez zekien apenas musika-tresnarik jotzen, ez zituen kantatzen zituen kantak konposatzen, baina mugitzeko zuen moduak eta ahots paregabeak 50eko mutirikeriaren ikur bihurtu zuten.

 

Elvisen bizitza

Elvis Aaron Presley Tupelon (Mississipi) jaio zen 1935eko urtarrilaren 8an bere anaia bikia Jesserekin batera, nahiz eta azken hau ordu gutxi batzuk beranduago hil zen. Gurasoak nekazariak ziren eta 10 urte bete zituenean oparitu zioten bere lehen gitarra. Semeak bizikleta nahi zuen, baina garestiegia zen familiaren ekonomiarako. Urte hartan bertan abestu zuen lehen aldiz publikoaren aurrean lehiaketa batean. Bigarren postua lortu zuen: 5 dolar eta jolas-parkeko atrakzio guztietan ibiltzeko eskubidea.

 

II. Munduko Gerra bukatuta, aita lanik gabe geratu zen eta Memphisera joan zen familia osoa. Elvis 16 urterekin hasi zen lanean, kamio-gidari, orduko dolar bat inguru irabazten zuela. 19 urterekin bere amari disko bat oparitzea bururatu zitzaion. Memphiseko kabina batean grabatu zuen zentabo batzuen truke. Oso gustura ez eta diru gehixeago gastatzea erabaki zuen Sun Records Companyn. Han grabatuko du My Happiness abestia. Bertako idazkaria zen Marion Keisker andreak kopia bat gorde eta Sun Records-eko bulegoetan ate-joka ibili ondoren, WMPS irratia eta Dewey Philips discjokeyari esker Elvisen lehen disko komertziala grabatzea lortu zuten: That is All Right Mama/Blue Moon of Kentucky. 1954ko uztailaren 6a zen, bere karreraren hasiera.

 

1955ean RCA konpainiarekin lan egitea erabaki zuen Elvisek eta bere karreran zerrendetako lehen postuak lortu zituen Heartbreak Hotel diskoa grabatuz. 1956ko irailaren 9an 'Ed Sullivan Show' telebista-saioan zerbait ezberdina kantatuko zuela aurreratu zien ikus-entzuleei. Ezezaguna zen Love me Tender abestia jo zuenean, estudio barruan zein kanpoan sortu zuen erantzuna ikaragarria izan zen. Diskoa kaleratu zenean, berriz, aurrez egindako eskariak milioi batetik gorakoak ziren. Erotzeko modukoa izan zen! 1956etik aurrera egin zituen filmekin, AEBetako aktorerik ospetsuenen artean egotea lortu zuen, Love me Tender, Loving you, Jailhouse Rock eta King Creole filmeei esker, hain zuzen. 1958an hil zen Elvisen ama eta horren ondorioz, oso deprimituta egon zen ordurako oso famatua zen kantari eta aktorea. Urte horretan bertan hasi zuen zerbitzu militarra, 1960 arte Alemaniako Bad Nauheim herrian, tanke-gidari lanetan.

 

61etik 69rako tartean zinea egin zuen, batez ere, urtean 3 film eginez, horregatik ez zuen apenas kontzerturik eskaini. Las Vegasen agertu zen berriro indarberrituta. Aurkezpen berezia izan zen, Johnny B. Goode kanta famatua tarteko. 1967ko maiatzaren 1ean ezkondu ziren Elvis eta Priscilla Beaulieu, Las Vegaseko Aladdin hotelean. 14 gonbidatu besterik ez zen joan, baina komunikabideek berehala eman zuten berria.

 

Urtebete beranduagoa jaio zen Lisa Marie, alaba. 1969an In the ghetto grabatu zuen. Salaketa soziala egiten zuen abestiak mundu osoari eman zion bira. 1969ko abuztuan, Las Vegas-eko Nazioarteko Hotelean hilabete baino gehiago eman zuen egunero kantaldiak eskainiz. Frank Sinatrak edo Barbara Streisand-ek adina diru eskuratu zuen aurkezpen horietan: milioi bat dolar. 1973an zerrendetan goian egotea lortu zuen berriro Aloha from Hawaii albumari esker. Urte horretan bertan dibortziatu egin zen. 1977ko udaberrian Michiganera joan zen, My way kanta ezezaguna abestu eta handik hiru hilabetera, 1977ko abuztuaren 16an, hil egin zen.

 

Elvisen heriotza
 

42 urterekin gizenduta zegoen oso Elvis, kantatzeko ere arazoak zituen, baina hala ere, zaleak atzetik zituen. 1977ko abuztuaren 15etik 16rako gaua lagun-minez eta bizkartzainaz inguratuta eman zuen. Logelara egunak argitu zuenean joan zen.

 

Bainu-gelan aurkitu zuen lagunetako batek, anbulantziari deitu eta Bautista ospitalera eraman zuten. Alferrik saiatuko ziren suspertzen. EABetako irrati eta telebista saioak eten egin zituzten programazioak berri txarra emateko eta garai bateko irudi zein abestiak jarri zituzten telebista-kate guztietan. Etengabekoa izan zen irratietan hildako rockaren erregeri eskainitako saioak. Handik ordu gutxitara ezinezkoa gertatu zen New York bezalako hirietako dendetan Elvisen diskoak erostea. Horregatik, RCA diskoetxekoak berehala eman zuten diskoak berrargitaratzeko agindua. Egun batzuk beranduago apal guztiak beteta ageri ziren, 42 urterekin eta bere karreraren momenturik txarrenetako bat igarotzen ari zenean.

 

Hiru urte beranduago argitara atera zen autopsiaren arabera, bihotzekoak emanda hil zen, baina barbituriko askoren arrastoa nabarmena zen odolean. Hori zela eta, bere mediku pertsonala ere salatu ere egin omen zuten.

 

Elvis Internet sarean
 

Elvisen heriotzaren urtemuga betetzen den bakoitzean, asko dira mitoaren aitzakian betetzen diren orrialdeak. Gaur egun, gainera, Internetek eskaintzen duen euskarriari esker, Elvisen jarraitzaileen elkargune bihurtu da sarea. Bere garaian ezagutu ez zutenek nahiz Graceland-eko etxea bisitatzeko modurik ez dutenek, interneten dute nahi adina informazio. Urteurrenaren sukarra aprobetxatu nahi duten enpresen eskaintza ere zabala da oso: argazkiak, grabazioak, idatzizko informazioa, testigantzak... orrialde horien artean, azpimarratzeko modukoak, hauexek:

 

Web orri ofiziala:

www.elvis-presley.com

Beste helbide batzuk:

www.elvis-presley-superstar.de

eta

www.girlsguidetoelvis.com

Hauek dagoenaren erakusgarri besterik ez dira. Kontuan izan Interneten Elvisi buruzko 945.000 web orritik gora dagoela.

 

Bitxikeriak
 

- Priscilla Presley, alargunak ez du lortu bere hildako senarraren izena ustiatzeko eskubidea duen munduko pertsona bakarra izatea. Halaxe esan du, behintzat, Londoneko epaitegi batek Priscillak saltzaile ingeles baten aurka jarritako salaketaren aurrean. Dirudienez, Sid Shaw-ek Elvisen oroitzapenak saltzeko 'Elvisly Yours' izeneko denda bat du duela 17 urte. Priscillak salatu egin zuen, baina epaitegiak dendariari eman dio arrazoia.

- Oso jende gutxik dakien beste kontu bat; borroka-arteak oso gustuko zituen Elvisek. - 1969 eta 1977 artean AEBetan zuzeneko 1000 emanaldi baino gehiago eman zituen Elvisek.

 

 


B2
02-07-2002
16233787
2945