detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Zein olio-mota kontsumitzen dugu?

Ba al zenekien Euskal Herrian goi-mailako oliba-olioa egiten dela, bertako oliba-motarekin gainera.

Jende askok ez daki, baina Euskal Herrian olioa ekoizten da. Ez edonolakoa gainera, goi-mailakoa. Urtetik urtera, olioaren sektorea indartzen eta ospea hartzen ari da. Nafarroako Erriberan eta Arabako Errioxan (modu apalagoan) daude olibondoz betetako lursailak. Noizbait ikusi dituzu?

Euskal olioak berezitasun bat du: erabiltzen den barietatea. Ezagunak dira Arbequina, Picual edo Hojiblanca, adibidez. Horiek Andaluzian ekoizten dira, eta ezagunenak dira gure artean. “Gure barietatea Arronitz da, hemengo klimari egokitzen zaiolako”, kontatu digu Gorka Mauleonek (Eibar, 1979).

Gorkaren gurasoak Lantziegokoak dira, baina duela 40 urte, lanagatik, Eibarrera (Gipuzkoa) joatea erabaki zuten. Berak, duela 15 urte inguru, kontrako bidea egin zuen, eta, gaur egun, Arabako Errioxako Olioaren Mahaiko presidentea da. Mauleonek bezala, askok autokontsumorako erabiltzen dituzte euren olibondoak, horretarako aukera baitute Lantziegoko udal-errotan: jendeak olibak eramaten ditu, han ehotzen dituzte eta olioarekin itzultzen dira etxera. Moredan, berriz, salmentara bideratutako errota daukate, enpresek euren olioa bertan ekoizteko. Azkenik, Oionen biak daude: autokontsumorako eta salmentarako.

EUSKAL OLIOA
Kalitate goreneko olioa ekoizteko, olibak berdeak daudenean biltzen dituzte: “Autokontsumorako, askok olibak belzten uzten dituzte; horrela, olio litro gehiago lortzen dira. Horrek kalitatean du eragina. Hemengo enpresek, berriz, berdeak biltzen dituzte, litro gutxiago baina kalitate gorenekoak ekoizteko”.

Arabako Errioxan 300.000 kilo inguruko uzta jasotzen dute. Kontuan hartuta Euskal Herri osoan gutxi gorabehera lau milioi litro inguruko uzta izaten dela, argi dago Nafarroako Erriberan ekoizten dela gehien. “Duela 30 urte olibondoek ez zuten dirurik ematen eta askok uztea erabaki zuten. Orain hori aldatzen ari da: une honetan, 300 hektarea martxan ditugu eta beste 200 hektareatan olibondoak berpizten ari gara”, adierazi digu Mauleonek. Erriberan lan horretan lehenago hasi ziren eta, beraz, gaur egun sektoreak indar handiagoa du Nafarroan. “Gu horretan ari gara”, gehitu du.

Kalitate handiko oliba-olioa ekoizten da Euskal Herrian, eta horrek prezioan du eragina: “Kontsumitzailea supermerkatura joaten denean, 4 eurotik 20 eurora bitarteko prezioak ikusten ditu. Jendeak oliba-olio litroko 4 edo 5 euro ordaintzen du, baina gurea kalitate oso onekoa da. Horrek zer esan nahi du? Litro-erdiak 6 eta 8 euro arteko prezioa duela”. Horregatik, gehienek ez dute bertako produktua kontsumitzen, garestia iruditzen zaielako.

Lantziegoko udal-errotan garai bateko tresneria erabiltzen dute.

ETORKIZUNA
Euskal olioa ezagutzera emateko eta prezioaren zergatia azaltzeko, Euskal Herrian antolatutako merkatuetan beti egoten da euskal olio-ekoizleren bat. “Gure helburua jendeak hemen zer daukagun jakitea da eta Euskal Herriko mahai guztietan euskal olioko botila bat egotea”, esan digu Arabako Errioxako olioaren mahaiko presidenteak.

Gainera, gero eta olio-dastaketa gehiago antolatzen dituzte. “Askok ez dute ulertzen; ardoarekin bai, baina olio-dastaketak? Zertarako? Sektore guztietan kalitatea katalogatu behar dugu. Horri esker, kalitatea ona edo txarra zer den zehazten da”. Beste edozein produkturekin gertatzen den bezala, kontsumitzailearengana iritsi nahi dute.

Oraingoz, Arabako Errioxako produktua Euskal Herrian egin eta saltzen da, baina, pixkanaka, gero eta jende gehiagok ezagutzen du. Hala ere, aurrera begira, esportazioan pentsatzen ari dira. “Herrialde batzuetan gourmet produktuak gehiago kontsumitzen dituzte, eta merkatu horietara heldu nahi dugu: Japonia, Norvegia, Finlandia…”, aitortu digu elkarrizketatuak. Lehenengo gehiago ekoitzi eta, ondoren, kanpora begiratu. Hori da etorkizuna.

Eta zuk, bazenekien Euskal Herrian olioa ekoizten dela? Noizbait dastatu duzu? Supermerkatuan olioa erosten duzunean, zeri erreparatzen diozu? Zein olio-mota kontsumitzen duzu?


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1. Zenbat olio ekoizten da Arabako Errioxan?
Bueno, orain dela, esango genuke, orain dela 15 edo 20 urte, olioaren inguruan ez zegoen inongo enpresik (enpresarik) hemen Arabako Errioxan. Hau da, olibondo asko daude, esango nuke 300-500 hektarea inguru daudela hemen olibondo, baina enpresik (enpresarik) ez dagoela. Normalean, ekoizten zen dena autokontsumorako. Hau da, jendeak eramaten zuen udal trujalera (errotara) bere olibak eta hartzen zuen kontran bere olioa etxerako. Zer gertatu da azkenengo 10 urteetan? Jendea hasi dela pixka bat enpresa txikiak muntatzen eta kalitatezko oliba-olioak ekoizten eta bere marka pixka bat aurrera eramaten. Hau da pixka bat sektorearen argazkia, gaur egun hori da: ekoizpenaren erdia dedikatzen da autokontsumorako eta beste erdia gutxi gorabehera ari dira pixka bat jende gaztea enpresa txikiak muntatzen eta bere oliba-olioa aurrera eramaten.

2. Zein ezaugarri ditu euskal olioak?
Euskal olioak badauka berezitasun handi bat: batez ere erabiltzen dugun barietatea (mota) ez? Denok ezagutzen dugu Andaluzian edo Italian ekoizten diren oliba-olioen barietateak: esango nuke Arbequina edo Picual, edo Ojiblanca… edo dena delakoa. Eta hemen, Arabako Errioxan daukagu barietate propio bat deitzen dena Arroniz eta, bueno, da pixka bat olibondo bat egokituta dagoena gure klimara: gure klima da mediterraneoa baina atlantiko kutsu batekin, hau da, olibondoak pasa behar ditu hemen klima nahiko gogorrak… Orduan Arroniz barietate hau nahiko egokitua dago gure klimara.

3. Euskaldunok zein olio-mota kontsumitzen dugu?
Guk gure olioa ekoizten eta saltzen denbora gutxi daramagu. Zelan saltzen dugu orain gure oliba-olioa? Batez ere herriko merkatuetan, ez? Herriko merkatuetara joaten gara, ez dakit asko daude Euskal Herrian… Baina, gaur egun, ia merkatu guztietan egoten da oliba-olioaren ekoizle bat, behintzat egoten da. Zer aurkitzen dugu merkatu hauetan? Jendeak ez dakiela Arabako Errioxan oliba-olioa dagoela, ez daki. Bigarren gauza, prezioa. Klaro, guk egiten ditugu bakarrik kalitate goreneko olioa eta klaro, kontsumitzailea joaten denean Eroski batera, Carrefour batera, ikusten ditu (du) daudela pila bat prezio, ez? Berak pentsatzen du oliba-olioaren prezioa 4 euro direla edo 5 euro dira. Eta klaro, guk kalitate oso handiko olioak ekoizten ditugu eta, prezioa normalean egoten da litro erdia ba gutxi gorabehera kostatzen da 6,7,8 euro. Saiatzen gara merkatu horietan kontsumitzailea pixka bat informatzen, gauza hauek esplikatzen, baina oraingoz zaila da. Ekoizten dugu gutxi eta normalean nahiko ondo saltzen dugu baina kosta egiten da, eta, kontsumitzailea pixka bat informatu egin behar da. Baina bai, gure helburua beti esaten dugu, da Euskal Herriko mahai guztietan behintzat gure oliba-olioaren botila bat jartzea eta behintzat jendeak ezagutzea hemen oliba-olioa ekoizten dela.

detalle2

Docuteca

B2
08-09-2017

x61pRelaContWAR

16175118
00:04:11

x61pViewCountWAR

6077

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR