Aldizkari Digitala
Abentura-parkeak
Soken ibilbideak, tirolinak, penduloa, bizikletaz ibiltzeko pistak, eskalada… Helburuak ondo pasatzea eta zirrara sentitzea izango dira
Soken ibilbideak, tirolinak, penduloa, bizikletaz ibiltzeko pistak, eskalada… Hainbat ekintza egin ahal ditugu abentura-parke batean. Helburuak ondo pasatzea eta zirrara sentitzea izango dira, abenturaz betetako egun bat igarotzea.
Euskal Herrian hainbat daude: Sendaviva, Baztan Abentura, Artamendia, Hontza Extrem, Irrisarri Land, Txindokiko Itzala, Beigorri… Modan dagoen kontzeptu bat da eta urtean milaka bisitari izaten dituzte.
“Abentura gauza berriak egiteko grina da, eta gure asmoa da basoa erabiltzaileari gerturatzea”, kontatu digu Joxe Elgorriagak (Lesaka, 1981). Bera Igantzin (Nafarroan, Bortzirietan) dagoen Irrisarri Land abentura-parkeko gerentea da, eta bertako lursail berdeetan dagoen parkeko jolastoki erraldoi batean elkartu gara. “Irrisarri Land parkean hainbat jarduera antolatu ditugu: batetik, arriskutsuak, adibidez, tirolinak; eta, bestetik, kultura eta historia lantzeko jarduerak”, azaldu digu.
IRRISARRI LAND
75 hektareako lursail handi batean dago abentura parkea, eta, bertan, basoa da nagusi. Jarduerarik ezagunena tirolina da: “3.000 metro-kable ditu, zortzi tirolinatan bananduta. Luzeena 900 metrokoa da eta txikiena 250ekoa”. Baina hori ez da jendea erakartzeko jarduera bakarra: bizikleta-parkea, zaldiak, sigway-ak, interpretazio-ibilbidea, zentzumenen ibilbidea, mitologia-ibilbidea, zuhaitzen gaineko abentura-ibilbidea, ikatzaren museoa, 1.000 metro koadroko jolastokia…
Horien guztien artean, Irrisarrik zer berezitasun duen galdetu diogu gerenteari. “Tirolinen ibilbidea da jendea erakartzeko arrazoi nagusia. Europa-mailan ere zaila da horrelako ezaugarriak dituen bat topatzea”, kontatu digu. Horrez gain, Irrisarri turismo-gune bat da, eta hori ez da oso arrunta: “Hiru eratako alojamendua dauka, bi jatetxe, jarduerak egiteko aukera… Euskal Herrian behintzat ez dut horrelako beste abentura-parkerik ezagutzen, azpiegitura batean denetarik daukagu eta”.
MUNDU ZABALEKO BISITARIAK
Amaitu berria den 2016. urtean, Irrisarri Landek 50.000-60.000 bisitari inguru izan ditu. Urtarrilean eta otsailean soilik ixten dute, eta, urtean zehar gertuko jendea etortzen bada ere, oso urrutitik ere etortzen zaizkie: “Urtean zehar Euskal Herri osotik etortzen zaizkigu bisitariak, baita Kataluniatik, Madrildik, Andaluziatik, Valentziatik ere. Baina udan, aukera asko zabaltzen zaigu, Europa, Estatu Batuak, Kanada, Hego Amerika, Korea, Txina, Japonia, Sudafrika, Errusia, Saudi Arabia… Hainbat herrialdetako jendea bertaratu baita”.
Batez ere, familiak izaten dira, baina, alojamenduaren arabera, profila aldatu egiten da: “Aterpetxera lagun-kuadrillak edo ikastetxeetako ikasleak etortzen dira, eta hotelak edo bordak bikoteek eta familiek aukeratzen dituzte”, esan digu Elgorriagak. Astean zehar, enpresekin ere lan egiten dute, eta, beraz, merkatu zabala biltzen dute.
JARDUEREN ARRISKUA
Abentura parkeetako zenbait ekintzak arriskua dute, penduluak edo tirolinak, esaterako. Horrela, ezer larria ez gertatzeko neurriak hartu behar dira. “Europa mailako legearen arabera sortu eta diseinatu genuen parkea. Guk 2014. urtean ireki genituen ateak, eta, ordutik, urte-hasieran gure instalazioen kalitatea baloratu egiten digute. Bestalde, hemen segurtasuna asko lantzen dugu”.
Begiraleek prestakuntza jasotzen dute, eta euren lanean kontzentrazio-maila handia behar dute. Gainera, bisitariei behar dutena uzten diete: kaskoak, sokak, ekipamendua… “Ez dugu istripu larririk izan, baina, badaezpada, erizaintza-zerbitzua ere badaukagu”.
Urtetik urtera berrikuntzak egiten dituzte: 2016. urtean eraikin berri bat egin dute, otordu handiak, ezkontzak, bilerak, produktuen aurkezpenak… egiteko erabilera anitzeko gela bat, hain zuzen ere. “Iaz bost ezkontza egin genituen, eta jada beste hamar ospatzeko erreserba egin dute. Ondoren, gure azpiegiturak indartu nahi ditugu. Finka handia da, eta ezagutzen joan ahala, aukera berriak sortzen dira”.
Eta zuk, zer berrikuntza egingo zenuke? Zuretzat zer da abentura-parke bat? Noizbait tirolina edo pendulua bezalako jarduera batean ibili zara? Zer iruditzen zaizkizu horrelako ekintzak?
1. Zer da abentura parke bat?
Bueno, gure kasuan abentura-parkea da basoan, basoa erabiltzaileari hurbiltzea, eta abentura ulertuz, gauza berriak egiteko grina sustatzea, gauza berriak ezagutzeko grina hori sustatzea, eta basoa hurbiltzea gure bisitariari. Eta hortik hasita, ba jarduera ezberdinak antolatu genituen, edo diseinatu genituen: alde batetik, arriskua zuten jarduerak, tirolinak eta abar… Eta bestetik, kultura eta historia lantzen zituzten jarduera ezberdinak, ez? Eta horrela ulertzen dugu guk abentura-parke bat: alde batetik, arriskua duten jarduera horiek, eta bestetik, ezagutza, ez? Historia, hemengo kultura, hemengo ohiturak eta abar.
2. Zer eskaintzen du Irrisarri Land parkeak?
Irrisarri Land pentsatuta dago, batez ere, familientzako. Orduan, abentura-parke bat familientzako osatua. Jarduera nagusiena edo, erran daiteke direla tirolinak: hemen dauzkagu 3.000 metro-kable, 8 tirolinetan bananduak, handienak ditu 900 metro eta txikienak 250. Hori arriskua duen jardueretako bat da. Gero, dago bizikleta-parkea, jaitsiera ezberdinak egiteko pistak eta abar… Gero ditugu zaldiak, sigway-ak, ibilbide ezberdinak egiteko aukera, ibilbide tematizatuak: dago interpretazio-ibilbidea, zentzumenen ibilbidea, mitologia-ibilbidea… Gero, ikatzaren museoa ere daukagu… Eta txikienentzako eta ez hain txikienentzako ba jolastoki handi hau, 1.000 metro karratu, jarduera ezberdinak egiteko, euria egiten duenean eta abar, erabilpen handia ematen diogu, eta gero, tokia bera, ez? Hemen, nafar iparraldeko paisaia tipiko hau, mendia, basoak eta abar. Hori da guk eskaintzen dugun esperientzia.
3. Zein jende-mota etortzen da?
Bueno, urtean zehar hemen inguruko jendea, ez? Euskadi, Nafarroa, Iparraldetik eta abar, hemen inguruan. Gero estatu-mailatik ere bai: Kataluinatik, Madrildik, Andaluziatik, Valentziatik ere bai, jende-pila etorri ohi da. Eta gero, udaran, udaran bai mundu guztitik etortzen da jendea: Europatik, batez ere, baina Ameriketatik, estatubatuarrak, kanadarrak, Hego Ameriketatik ere jende-pila etorri ohi da, eta gero, mundu guztitatik (guztitik) etorri zaigu ez? Korea, Txina, Japon, Sudafrika, rusoak ere egon dira, Saudiak ere etorri ohi dira, urtetik urtera gehiago. Eta bueno, mundu guztitik etortzen da jendea. Arraroa da horrelako, Igantzi (bezalako) herriska bateko auzo batera hainbertze tokitik etortzea jendea, baina hori ari gara lortzen poliki-poliki. Gure bezero nagusia familia da, dena familientzako dago prestatua, eta bai, erran daiteke aterpetxera eta gehiago etorri ohi direla lagun-kuadrilak, eskolak eta abar. Baina hotelean eta bordetan etorri dira bikoteak eta familiak, batez ere, familiak.
